Uharteetarako proposamena El Pi-Proposta per les Illes | |
---|---|
![]() | |
Idazkari nagusia | Josep Melià Ques |
Sorrera | 2012ko azaroaren 2a |
Egoitza nagusia | Palma Mallorcakoa |
Ideologia politikoa | Balear erregionalismoa, autonomismoa, zentrismoa, liberalismoa |
Kideak | 1,002 (2017an) |
Eserlekuak erakundeetan | Balear Uharteetako Parlamentua 3 / 59 Alkatetzak 10 / 68 Zinegotziak 95 / 925 |
el-pi.com |
Proposta per les Illes (euskaraz Uharteetarako proposamena) edo El Pi Balear Uharteetako alderdi politiko autonomista eta zentrista da, 2012ko azaroan sortua hainbat alderdi nazionalista eta erregionalistaren baturarekin, tartean Convergència per les Illes (Unió Mallorquina alderdiaren ondorengoa), Lliga Regionalista de les Illes Balears, Unió Menorquina eta Es Nou Partit. Alderdiaren presidentea Jaume Font da, Lliga Regionalistako buru izandakoa, eta idazkari nagusia berriz Josep Melià, Convergènciako buru izandakoa. Joves per les Illes gazte erakundearekin lotura du.[1] Mallorca, Menorca eta Eivissako alderdien batura denez gero hiru uharteetan ditu ordezkariak, eta Balear Uharteetako Parlamentuan 3 legebiltzarkide ditu.
Alderdiak moderazioaren eta elkarrizketa politikoaren aldeko apustua egiten duela dio, dogmatismoa eta postureo politikoa kritikatuz. El Pi-ren baloreak zentrismoa eta autonomismoa direla diote, era berean Balear uharteetako hizkuntza, kultura eta ohiturak sustatzeko zein babesteko lan eginez.[2] Politikoki zentroko ororen alderdi balearista gisa definitzen dute euren burua.
Alderdiak jatorri nazionalistak eta erregionalistak ditu, beraz autonomista-balearista kontsideratzen dute euren burua, uharteen autonomia eta hizkuntza sustatzeko beharra azpimarratuz, "uharteen identitate-ikurrak" diren heinean.
Alderdiaren buruzagiak zerrenda ireki eta desblokeatuen bidez hautatzen dituzte, "zintzotasuna eta gardentasuna" bermatzeko. Erreferente gisa Kanariar Koalizioa dute, eta Estatuko beste alderdi nazionalista batzuekin ere badute harremana, tartean EAJrekin.[3][4]
2011ko martxoan Convergència per les Illes alderdia sortu zen, Josep Melià buru zuela, oinarri ideologikoetan zentro-eskuinekoa, liberala eta balearista zena, Unió Mallorquina alderdiaren (2011ko otsailean desegitakoa) ondorengoa. Bestalde, 2011ko otsailean Lliga Regionalista de les Illes Balears alderdia sortu zuen Jaume Font Barcelók. Font ingurumen sailburua izan zen Balear Uharteetako Gobernuan, baita Sa Poblako alkatea ere, Alderdi Popularrarekin, baina alderdia utzi zuen kultura eta hizkuntza-politiketan desadostasunak zirela eta.[5][6]
2011ko udal hauteskundeetan eta hauteskunde autonomikoetan bi alderdiak banaturik aurkeztu ziren, baina 2012ko ekainean elkartze-prozesu bat martxan jarriko zutela iragarri zuten, Es Nou Partit d'Eivissa eta Unió Menorquina alderdiekin batera.[7] Prozesu horren emaitza izan zen Proposta per les Illes Balears, 2012ko azaroaren 2an aurkeztua. Alderdi honetara batu ziren, era berean, Sud Unificat de Colònia zein Nous Independents Locals-Lliga (Colònia de Sant Jordi), Aliança Liberal Manacor (Manacor) eta Independents Marratxí (Marratxí) udal-mailako alderdiak.[8][9][10]
2013ko martxoaren 14an, alderdiaren sortze-kongresua baino bi egun lehenago, Antoni Pastor Balear Uharteetako Parlamentuko diputatua eta Manacorreko alkatea alderdira sartu zen presidenteorde gisa.[11] PPren diputatua izan zen, baina alderdia utzi zuen 2013an, PPren gobernuak hezkuntzan murgiltze-eredua ezabatzeko nahia erakutsi zuenean, hau da, transmisio-hizkuntza bakarra katalana izatearen aurkako proposamena.[12]
Balear Uharteetan 95 zinegotzi eta 10 alkate ditu, baita 1000 alderdikidetik gora ere.[13] Alderdiaren zuzendaritza Mallorcako 14 kidek, Eivissako 7 kidek eta Menorcako 7 kidek osatzen dute.[14] Uharte bakoitzak bere zuzendaritza-organo propioak ditu.
2013 eta 2015 bitartean Antoni Pastor diputatua izan zuten Balear Uharteetako Parlamentuan, honek Alderdi Popularra utzi ondoren. 2015eko hauteskunde autonomikoetan hiru diputatu eskuratu zituen, botoen %7.96arekin.
2015eko Espainiako hauteskunde orokorretan ez zuen ordezkaritzarik lortu Balear Uharteetan 6. postuan gelditu ondoren, eta ez zen 2016ko hauteskundeetara aurkeztu.
2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioan aurkeztuko da EAJ, Kanariar Koalizioa, Compromiso por Galicia, Geroa Bai eta Demòcrates Valencians alderdiekin. PIren hautagaia zerrendako 5. postuan joango da.[15][16][17][4]
Data | Botoak | Aulkiak | Egoera | Posizioa | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|
# | % | ±ep | # | ± | |||
2015 | 34,237 | %7.94 | +2.0 | 3 / 59 |
![]() |
Oposizioa | 5.a |
2019 | 0 / 59 |
|
|