Prostatako hiperplasia onbera | |
---|---|
![]() | |
Deskribapena | |
Mota | prostatako gaixotasuna, prostate neoplasm (en) ![]() ![]() eritasuna |
Espezialitatea | urologia |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | finasteride (en) ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 600, 600.0 eta 600.20 |
GNS-10 | N40 |
GNS-9 | 600 |
OMIM | 600082 |
DiseasesDB | 10797 |
MedlinePlus | 000381 |
eMedicine | 000381 |
MeSH | D011470 |
Disease Ontology ID | DOID:11132 |
Prostatako hiperplasia onbera edo prostataren handitzea minbizizkoa ez den prostataren tamainaren handitzea da. Gaixotasun horren sintoma nagusiak pixa egiteko gogoaren maiztasun handia, pixa egiten hasteko arazoak, gernuaren irteera motela, gernu erretentzioa edota gernu jarioa izan daitezke. Ondorioak nagusiak, bestalde, gernu infekzioa, litiasia edota giltzurruneko gutxiegitasuna izan daitezke.[1]
Prostata gernu maskuriaren azpian eta ondestearen aurrean kokatzen den guruin bat da. Gizonezkoen ugaltze aparatuaren parte da eta espermarekin batera elkartuko den isurkaria ekoizten du.
Jaiotzean prostataren tamaina txikia da eta pubertaroan testosterona maila altuen eraginez, haren tamaina bikoiztera iritsiko da.
Prostataren handitzearen zergatia ez dago argi. Badaude zenbait arrisku faktore ezagun: familiaren historia, obesitatea, 2 motako diabetes mellitusa, ariketa gutxiegi egitea eta zutitzearen disfuntzioa. Zenbait botikak (pseudoefedrinak, antikolinergikoek eta kaltzio kanalen blokeatzaileek) sintomak oker ditzakete. Handitzearen ondorioz, prostatak uretran presioa egiten du eta zaildu egiten du pixa maskuritik irtetea.
Prostataren hiperplasia onbera jasaten duten gizonezkoen artean seinale eta sintomen garrantzia edo larritasuna aldakorra izan arren, ohikoena adina pasa ala sintomen larritasuna gradualki handitzen joatea da.
Seinale eta sintoma ohikoenen artean hauek aurkitzen ditugu:
Odol isurketak eta gernu hobien infekzioak konplikazio larrienetarikoak izan daitezke eta gernua gernu hobietan pilatzeagatik ematen dira. Horrez gain, gernuak giltzurrunetara buelta egiten badu, giltzurrunetako gutxiegitasuna ere sortu daiteke.[2]
Sintomen larritasunak ez du inoiz adierazten prostataren hanturaren tamaina. Hau da, sintoma larriak izan arren baliteke prostataren hantura txikia izatea.[3][4]
Zenbait ikerketek hiperplasia zelula prostatikoen ezohiko hazkuntzarekin erlazionatzen dute. Ezohiko hazkuntza hau estrogeno eta testosterona mailaren murrizketarekin erlazionatuta dago: Testosterona, 5-alfaerreduktasa entzimaren ondorizoz dihidrotestosterona bilakatzen da eta azken honen metaketak zelulen proliferazioa eragiten du.
Horrez gain, prostata guruinean aurkitzen ditugun alfa neuroerrezeptoreen estimuluak (ehun prostatikoan oso ugariak dira) uretra barneko presioa asko handitzen du lehen aipaturiko sintomak eraginez.
Ez dago inolako erlaziorik sintomen larritasunaren eta prostataren tamainaren artean eta arrisku faktoreen artean adina eta testikuluen funtzionalitatea dira garrantzitsuenak. Beste arrisku faktore aipagarri bat arraza da: Amerikar beltzen artean oso ohikoa da eta ekialdeko arrazen artean nahiko urria.
Prostatako hiperplasia onberan guruin epitelioko zelulen zein estromako zelulen hiperplasia ematen da, estromako zelulen hiperplasia nagusitzen delarik.
Hiperplasiaren gehiengoa prostataren trantsizio eremuan ematen da, baina eremu periferikoan ere ematen da.
Anatomikoki, prostatako hiperplasia onberan prostataren lobulu lateralak eta lobulu mediala handiturik egon ohi dira, lobulu hauetan guruin epitelioa ugaria delako. Aldiz, aurreko lobulua handitzea ez da arrunta, bertako guruin epitelioa urria baita.
Aipaturiko diagnostikorako teknika ezberdinen konbinazioei esker prostatako hiperplasia onberaren diagnostiko goiztiarra egin daiteke.
Pazienteek bizi-ohitura batzuk aldatu beharko dituzte: ohera joan baino lehen likido gutxi hartzea eta alkoholaren eta kafeinaren kontsumoa murriztea. Izan ere, korrelazio positiboa aurkitu da kafeinaren kontsumoaren eta prostatako hiperplasia onberaren agerpenaren artean[6].
Bestalde, pelbis-eremuko odoleztapena sustatzen duen ariketa fisikoa egitea gomendagarria da, baita arnasketa diafragmatikoa hobetzeko ariketak ere.
5α-erredutasa-ren inhibitzaileak eraginkorrak dira prostataren tamaina murrizteko. Aldiz, sintomak arintzeko ez da hain eraginkorra izango. Mota honetakoa izango da finasterida, batik bat. Finasterida-k prostataren tamaina murriztuko du, gernu-erretentzioa txikituko du eta kirurgia egin beharra sahiestuko du kasu askotan[7].
Hartzaile androgenikoen antagonistek Dihidrotestosterona (DHT) hartzaile androgenikoekin lotzea sahiestuko dute. Horrela ez da zelulen proliferaziorik emango. Mota honetakoak izango dira flutamina eta nilutamida[7].
Bestalde, alfa-inhibitzaileak (α1 hartzaile adrenergiko inhibitzaileak) prostatako hiperplasia onberaren sintomak arinduko dituzte. Izan ere, prostata eta gernu-maskuriko lepoko muskulu leunean erlaxazioa eragingo dute, gernu fluxua hobetuz. Mota honetako izango da tamsulosina ,adibidez.
Oso larriak ez diren kasuetan, anbulategi batean bertan egin daitekeen kirurgia mota bate erabili ohi da: Ur lurrun bidezko terapia termala[8]. Oso inbasiboa ez den teknika intrauretral honen bitartez, ur lurruna erabiliz obstrukzioa eragiten duten prostatako eremuko zelulen apoptosia eragingo da, gerora gorputzak birxurgatuko dituenak.
Tratamendu farmakologikoak edota orain aipatutako kirurgiak eraginik izango ez balu, prostataren erresekzio transuretrala izeneko kirurgia egingo litzateke. Horretarako elektrolurrunketa, laserra edota mikrouhin bidezko termoterapia erabiliko da.
Azkenengo urtetan beste kirurgia teknika batek arrakasta izan du: arteria prostatikoaren enboliazioa. Arteria femoralean kateter bat sartuz arteria prostatikora helduko gara. Bertan, partikula enbolizanteak (mikroesferak, coils, alkohol polibinilikoa,…) isuriko dira. Ondorioz, arteria prostatikoaren fluxua txikituko da, prostataren tamaina murriztuz.
Prostataren hiperplasia onbera gaixotasun oso larria ez bada ere, honekin loturiko prostataren minbizia oso larria da. Izan ere, gizonezkoen artean, minbiziengandik hiltzearen hirrugaren kausa da prostata minbizia. Hori dela eta, prostataren ongizatea bermatzeko hoberena prebentzioa izango da.
Aipatu bezala, alkoholaren eta kafeinaren kontsumo neurtua mantentzea gomendagarria da, korrelazio positiboa baitago substantzia hauen kontsumoaren eta prostataren hiperplasia onberaren agerpenaren artean. Bestalde, koipe ase ugari dituzten elikagaien konstumoa murriztea gomendagarria da ere bai. Izan ere, Estatu Batuetan Espainiar estatuan baino kasu gehiago ematen dira, dieta mediterraniarrak ez baititu horrenbeste koipe ase erabiltzen.