Protaetia cuprea | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Scarabaeidae |
Leinua | Cetoniini |
Generoa | Protaetia |
Espeziea | Protaetia cuprea [[|]] |
Protaetia cuprea Scarabaeidae familiako kakalardoa da[1]. Europan eta Asian bizi da, baita Euskal Herrian ere[2].
Tamaina ertaineko kakalardoa da, 14-23 mm arteko luzera duena. Kolore berdea du eta brontze edo urre koloreko distirak, baina 19 azpiespezie deskribatu dira eta kolore aldaerak ugariak dira[3]. Elitroen artean "V" itxurako eskuteloa du.
Eremu paleartiko guztian aurkitzen da, hasi Kanarietan eta Europan barrena Txina, Mongolia eta Errusiako Vladivostok hiriraino[4].
Lore asko dauden eremuak atsegin ditu, izan baso argiak, zelaiak, parkeak edota lorategiak.
Egur usteletan edo animalien gorotzetan jartzen ditu arrautzak eta beldarrak jaiotzen direnean inurri egurjale gorrien (Solenopsis invicta) habiatara sartzen dira. Han usteltzen ari den egurraz elikatzen dira, inurriek baztertzen dituztenak hain zuzen ere. Beldarren ondestean mikroorganismo ugari bizi dira sinbiosian egurraren zelulosa digeritzen laguntzen diotenak. Inguru horretan gertatzen den hartziduraren ondorioz handituta eta kolore beltzekoa izaten du.
Hezetasun eta tenperatura baldintza egokietan bi edo hiru urtez inurrien habian garatzen joan ondoren pupa eratzen dute.
Helduak hegalari azkarrak dira, elitroak ia ireki gabe hegan egiteko gai baitira. Egunez jarduten dute eta loreetan aurkitzen dira, fruituak eta polena jaten edo landareen izerdi landuaz elikatzen[5]. Helduen bizitza laburra da eta maiatzetik uztailera ikusten dira.