Rabo de Peixe

Rabo de Peixe
freguesia
Administrazioa
Estatu burujabe Portugal
Portugalgo eskualde autonomoa Azoreak
Portugalgo udalerriaRibeira Grande
Posta kodea9600-124
Geografia
Koordenatuak37°48′36″N 25°35′08″W / 37.81°N 25.5856°W / 37.81; -25.5856
Map
Azalera16,98 km²
Demografia
Biztanleria8.801 (2021)
Dentsitatea518 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia292
jf-rabodepeixe.pt

Rabo de Peixe Azoreetako (Portugal) herri bat da, Ribeira Grande udalerriari dagokiona. 16,98 km²-ko azalera du eta 2021eko erroldaren arabera 8.801 biztanle[1]. Arrantzale eta nekazal herria da.

Rabo de Peixe izenak "arrain-buztana" esan nahi du. XVI. mendeko Gaspar Frutuoso apaizak dio badiaren inguruan lurraldeak duen itxura topografikoari egiten diola erreferentzia[2]. Bestalde kondaira bat bada antzina arrain handi ezezagun baten buztana aurkitu zela herrian eta horregatik jarri ziotela Rabo de Peixe izena.[2]

Rabo de Peixe, 1978an.

Ez da ezagutzen noiz sortu zen herria, baina XV. mendean flandriarrek zein mairuek ingurua kolonizatu zutela uste da[2]. XV. mende bereko agiri batean Rabo de Peixe eta Ribeira Grande freguesia bihurtu zirela esaten da.

XVIII. mendean Senhor Bom Jesus eliza eraiki zen uharteetako estilo barroko tipikoan.[2]

Bigarren Mundu Gerran Santana izeneko lautada handia hegazkin militarren aerodromo bihurtu zen eta 1946an São Miguel uharteko aireportu zibil bihurtu zen. 1995ean Ponta Delgadan dagoen Joan Paulo II.a aireportuak ordezkatu zuen.

2001ean gertaera bitxi bat jazo zen. Sun Kiss 47 belaontzia Rabo de Peixeko kostaldean urperatu zen 500 kilogramo kokaina puru askatuz. Rabo de peixetarrek kokaina frogatzea erabaki zuten eta alde batetik haren purutasunak (%80tik gorakoa) eta bestetik hura kontsumitzeko ohitura faltak eraginda asko ospitalizatuak izan ziren eta hildakoak ere izan ziren[3]. Gertaera hura oinarri hartuta 2023an Rabo de Peixe izeneko telesaila egin zen.[4]

2004ko apirilaren 25ean freguesia izatetik herri izatera pasa zen, betiere Ribeira Grande udalerriaren barnean.[5]

2012an Azoresetako Carlos César presidenteak itsas-portuaren berrizte eta handitze lanak iragarri zituen.[6]

Populazio gaztea du, biztanleriaren %23,74 15 urtez beherakoak dira eta 65 urtetik gorakoak %6,74 baino ez dira.

1864ko erroldan 3.727 biztanle zituen, 1900erakjo lau mila biztanleren langa gainditu zuen eta 1960tik aurrera 7 mila eta 8 mila artean mantendu da.[1]

Urtean zehar jaialdi ugari egiten dira herrian, gehienak erlijiosoak; Festa do Senhor Bom Jesus (urteberri egunean), Divino Espírito Santo (Aste Santuan), Festas da Beneficência, Festas da Caridade... Jaialdi aipagarriena A Festa da Bandeiras da. Guzti hauetan prozesioak egiten dira herrian zehar. Bi banda filarmoniko daude herrian, biak ala biak XIX. mendean sortuak: Sociedade Filarmónica Lira do Norte (1867) eta Filarmónica Progresso do Norte (1888).

1996an A Gaivota elkartea sortu zen herriko tradizioak gordetzeko. Antzinako janzkerak, bizimoduak eta dantzak erakusten dituzte. Vozes do Mar do Norte abesbatza 2007an sortu zen. Clube Naval de Rabo de Peixe (CNRP) elkarteak itsas-kirolak dinamizatzen ditu herrian.

2023ean Rabo de Peixe izeneko telesaila estreinatu zen, bertako gertakari historiko batean oinarritua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) «Statistics Portugal - Web Portal» www.ine.pt (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  2. a b c d Rabo de Peixe. O Açoreano, vol. 5, Montreal (Quebec), Kanada,, 4 or..
  3. Txantiloi:Pt-pt «"Alguns pensavam que podiam voar": Testemunhas recordam o dia em que Rabo de Peixe foi 'inundado' de droga» www.cmjornal.pt (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  4. Txantiloi:Pt-PT «A surreal história verídica que inspirou a nova série portuguesa da Netflix» NiT (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  5. (Ingelesez) Rabo De Peixe Comemorou 20 Anos De Elevação A Vila - Diário Dos Açores. 2024-04-30 (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).
  6. (Ingelesez) Agency, Lavaimagem Web & Brands. «Porto de Pescas de Rabo de Peixe terá mais 32 casas de aprestos e um novo pórtico» lotacor.pt (Noiz kontsultatua: 2024-12-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]