River Song | |
---|---|
Whoniverse (en) | |
Argitalpena | |
Ageri den obrak | ikusi
|
Interpretatzailea | ikusi
|
Eponimoa | River Song |
Datu biografikoak | |
Jaiotza-izena | Melody Pond |
Sexua | emakumezkoa |
Jarduera | arkeologoa katedraduna time traveller (en) |
Familia | |
Aita | Rory Williams |
Ama | Amy Pond |
Ezkontidea(k) | Doktorea |
River Song (jaiotzez Melody Pond) Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko pertsonaia bat da, Alex Kingstonek antzeztu zuena. Doktorearen bidaia-laguna izateko sortu zen baina hura ere denboran bidaiaria da, bere kabuz ari dena.
Steven Moffat gidoilariak sortu zuen pertsonaia. 2008an Hamargarren doktoreari agertzen zaio etorkizuneko lagun gisa. Hamaikagarren Doktorearekin ohiko pertsonaia bihurtu zen eta istorioa korapilatzen hasi zen. Hamabigarren Doktorearekin harremana nabarmen estuagoa izango zen.
River Songen bizitzaren haria eta Doktorearena aurkako norantzan doaz. 2008an Hamargarren Doktorearekin topo egin zuenean River Songek etorkizuneko pertsona garrantzitsu gisa jokatzen du baina Doktoreak arrastorik ez du nor den. Era berean Hamabigarren Doktoreak aurkitzen duenean River Song ezagutuko du baina Riverrek ez du eraberrituriko Doktorea ezagutuko.
Amy Pond eta Hamaikagarren Doktorea elkarrekin bidaiatzen ari diren hasieratako abentura batean agertuko da River Song, aingeru negartiak lehen aldiz ikusiko dien atalean hain zuzen ere. Ikusiko da biekin harreman berezia duela, baina ez da jakingo zergatik. Hurrengo ataletan ikusiko da TARDIS ontzia gidatzen badakiela eta Doktoreak baino hobeto egiten duela. "The Pandorica Opens" eta "The Big Bang" ataletan denboraren arrakalak Doktorea harrapatuko du eta Amy eta Roryk ahaztu egingo dute. Haien ezkontza egunean ordea River Songek zuriz dagoen eguneroko bat emango dio Amyri eta horrekin Doktorea gogoratuko du eta berriz agertuko da.
2011ean argitzen da misterioa. River Song pertsonaia Amy Pond eta Rory Williams laguntzaileen alaba da, Melody Pond. TARDISean sortu zenez Denboraren Jaunen traza genetiko batzuk hartu ditu, denboran bidaiatzeko eta eraberritzeko gaitasuna dauzka besteak beste. Madame Kovarianek Melody alaba bahituko ditu eta Isiltasunak Doktorea erailtzeko entrenatuko du[1]. Lehenengo aldiz eraberritzen denean Mels (Maya Glace-Green) bihurtuko da, Amyren eta Roryren txikitako laguna eta Eskozian haiekin batera hazi dena[2]. Haien bidez Doktorearengana iristea lortuko du baina tiro egingo diote eta berriz eraberrituko da, oraingoan River Song bihurtuz. River Song arkeologian doktorea izango da eta Doktorea ezagutuz joango da. Madame Kovarianek eta isiltasunak berriz bahituko dute eta Doktorea erail dezan astronauta jantzi batean sartuko dute[3]. Honek Doktorea hilko du Utah-ko isiltasunaren aintziran eta etorkizuneko espetxera joango da. Baina amarrua izan da, River Songek eraberritzeko energia erabili baitu Doktorea salbatzeko. Berak berriz eraberritzeko gaitasuna galduko du horrela[4]. Amarrua mantentzeko espetxean izango da River Song, baina tarteka ihes egingo du Doktorearen laguntzarekin eta batera bidaiatuko dute. Doktoreak TARDISaren itxura duen egunerokoa oparituko dio eta elkartzen diren bakoitzean egunerokoa eguneratu egingo dute, zein puntutan dauden ikusteko[5]. "The Wedding of River Song" atalean Doktorea eta River Song ezkondu egingo dira.
2012an "The Angels Take Manhattan" atalean Doktorearekin eta gurasoekin elkartuko da 1930. hamarkadako New Yorken. Ordurako espetxealdia amaitu du eta libre da. Atal horretan ordea aingeru negartiek Amy eta Rory lehenaldira eramango dituzte eta ez dute berriz topo egingo. Doktoreak elkarrekin bidaiatzeko eskaintza egingo dio baina Riverrek ez du onartuko, tarteka azalduko da ordea. "The Husbands of River Song" (2015) atalean Hamabigarren Doktoreak River Song aurkitukod u eta honek ez du Doktorea ezagutuko. River Songen bertsio gaztea da eta diruagatik hainbat senar izan dituela ikusiko da. Darilliumeko dorre kantariak ikustera eraman dezan eskatuko dio Doktoreari. Honek hasieran ez du nahi izango, egunerokoak esaten baitu hori izango dela elkarrekin egongo diren azken gaua. Baina planeta hartako gauak 24 urte irauten ditu eta dorre kantarien aurrean afalduko dute[6].
2008an Hamargarren doktorea aurkitu zuen liburutegian hilko da River Song[4].