Saalburg

Saalburg
Datuak
Estatu burujabe Alemania
Alemaniako estatua Hessen
Gobernu-eskualdeDarmstadt
Rural district of HesseHochtaunus barrutia
Barrutiko hiriburuaBad Homburg vor der Höhe
Koordenatuak50°16′17″N 8°34′00″E / 50.2715°N 8.5667°E / 50.2715; 8.5667
Map
Altitudea418 m

saalburgmuseum.de
Saalburgeko castellumaren planoa

Saalburg antzinako kanpamendu gotortu erromatarra da, Taunus mendiaren gailur nagusian kokatua, Bad Homburgeko ipar-mendebaldean, Hesse landean , Alemanian. Infanteriako kohorte baten gotorlekua izan zen eta Limes Germanicusaren osagaietako bat. Saalburg errepide nagusiaren ondoan zegoen, Bad Homburg eta Wehrheim arteko erdibidean gutxi gorabehera, eta gaur egun, Alemaniako gotorleku erromatar berreraikiena da. 2005az geroztik, Goi Alemaniako limes delakoaren zati gisa, UNESCOren Gizateriaren Ondarearen parte da[1]. Limetarako erabiltzen den egungo zenbaki-sistema, ORL 11 dagokio[2].

Indusketa arkeologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ate nagusia: Antonino Pioren estatua eta Gilen II. kaserraren omenaldia

Leku horretako lehen prospekzio-lanak Nassauko Antzinate Elkarteak egin zituen 1853 eta 1862 artean, Friedrich Gustav Habelen zuzendaritzapean.[3] Lanik garrantzitsuenak 1892tik aurrera hasi ziren, Theodor Mommsen buru zuen Reichs-Limes-Kommission (limesarentzako batzorde inperiala) erakundeak Erromako arkeologia sustatu zuenean, limes Germanicus-a osorik ikertuz, sare gotortu horretako castella bakoitza aurkitu eta induskatuz. Proiektu handi horren barruan, Saalburg sistematikoki induskatu zuten Louis Jacobi arkeologoak eta Heinrich Jacobi berea semeak. 1897an, Louis Jacobiren ideiei esker, Saalburgeko castelluma berreraikitzeko agindu zuen Gilen II.ak, indusketa-kanpainen bidez lortutako emaitzei jarraituz.[4] Hala, Saalburg limes osoko gehien berreraiki zen gotorlekua bihurtu zen. Gainera, Saalburg Museoa ere sortu zen, Germaniako limesa aztertzen dituen erakunde zientifiko (bestea Limesmuseum Aalen -Aalengo limesaren muse- da[5]) -, eta Dietwulf Baatz arkeologo ospetsuak zuzendu zuen 1967tik 1993ra bitartean. Aditu horrek argitalpen ugari egin zituen, eta arkeologia erromaniko-germaniarrari buruzko interesa piztu zuen, bai dibulgazioari dagokionez nola adituen artean.

Neolitotik, Lindenweg edo Linienweg izenez ezagutzen den ibilbide komertzialak Rhin-Main lautada eta Usingenen arroa komunikatzen zituen. Ibilbide hori Nidda ibaiaren bokalean hasten zen, egungo Höchst urtegiaren inguruan, eta iparralderantz jarraitzen zuen Taunus mendilerroan beherantz eta horrela, egungo Bundesstraße 456 errepidearen antzeko ibilbideri jarraitzen zion.

Saalburg merkataritza-bide horren gainean dago, Taunusen gaineko mendate bat menderatuz. Beraz, normaltzat jo behar Domizianok K.o. 81 eta 96 urteen artean katoen aurka egindako kanpainen baitan leku hori gotortzea. Hasieran, lurreko bi barruti gotortu besterik ez zituen eraiki, Schanzen A eta B izenekoak, eta horien hondakinak castellumaren eta egungo errepidearen artean daude. Geroago,

90. urtearen inguruan, aipatutako bi gotorleku horietatik hurbil, lurrezko eta egurrezko gotorleku erdi-iraunkor berri bat eraiki zen, garnizio iraunkor batentzat egina, zehazki, tropa laguntzaileetako unitate irregular bat zen numerus batentzat. Numerus hauetako batek bi zenturiaren baliokide diren efektiboz osatua zegoen, hau da, 160 soldatu inguru. Guztiz argi ez dagoen arren, froga arkeologiko batzuen arabera, pentsa daiteke eraikinak artatu zuen unitate militar zehatz hori Numerus Brittonum bat izan zitekeela, Britanian errekrutatutako gerrariak.

Hadrianoren agintaldiaren amaieran, Inperioaren defentsak hobetzeko plan orokorraren barruan, 135. urte inguruan, Numerus Brittonum horren ordez, 480 soldaduko infanteriako kohorte erregularra jarri zuten, eta horretarako 147 x 221 metroko castellum berria eraiki behar izan zuten. Azalera: 3,20 ha. Gotorleku berriaren xedea Nida (egungo Heddernheim hiriaren) hiri indartsuaren, segurtasuna bermatzea zen.[6]

Termetako aladagela. Joseph Theodor Hansenen (1848-1912) margolana.

Hasieran, harresiak zurezko eta harrizko aparailuan eraiki ziren, baina II. mendearen erdialdean, harrizko eta morterozko beste bat jaso zen, lurrezko lubeta baten gainean. Gaur egungo berreraikuntza azken fase horri dagokio, baina bigarren fasea castellumaren retenturan[oh 1] ikus daiteke. Nolanahi ere, gotorlekuko harresiak beti fossa (lubanarro) bikoitz batek inguratzen zuten.

Praetoriumeko aretoaren barrualdea.

Castellumean Cohors II Raetorum civium Romanorum-ek egon zen garai berri horretan, Raetia probintzian errekrutatutako infanteria-unitate bat, ziur aski Mogontiacumen (Maguncia, Alemania) kuarteleratutako XXII. legioari atxikia.[7] Unitate hori Aquae Mattiacorum-en (Wiesbaden, Alemania) kokatua egon zen hasieran, ondoren, Butzbach-en castellumean (ORL 14), eta handik Saalburgera aldatu zuten behin betiko.

Castellum hori eta bere soldadu taldea aktibo egon ziren Agri Decumatesak 260. urte inguruan abandonatu zituzten arte. Unitatea aipatzen duten zenbait epigrafek ematen digute soldadu-talde horren testigantza.

II. mendearen amaieran eta III. mendearen hasieran, Goi Germania eta Retiako limesa egonkortasuna galdu zuen, eta, hala, 213an, Karakala enperadoreak prebentzio-kanpaina bat antolatu zuen Mogontiacumetik eta Rhetiatik alamanien aurka eta haien aliatuak ziren katoen aurka. kanpaina horri esker, tribu germaniarren presioa aldi baterako arintzea lortu zen. Testuinguru horretan, Nida hiria harresi-gerriko batekin indartu zen.

233. urtean, alamanek lurralde erromatarra inbaditu zuten. Ekintza hori 254 eta 260 urteen artean errepikatu zuten, inperioaren ahultasuna baliatuz. Batetik Valerianoren kanpaina pertsiarra galera handia izan zen, eta gainera, Galieno semeak ezin izan zuen inperioa defendatu eta Ekialdean eta Galietan estatu erdi-independenteak sortzea saihestu. Horren ondorioz, Agri decumates-ak ebakuatu egin zituten erromatarrek eta defentsa-linea abandonatu egin zen. Horrek Saalburg castellumari eragin zion, eta nahita utzi ondoren, eraikinaren hondakinak alaman okupatzaileek erabili zituzten eraikuntzako materialen harrobi gisa.

Arkeologia eta arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Castellumeko alboko horma, porta principalis-aren (ate nagusiaren) aldamenean; aurretik fossa bikoitza du.

Saalburgeko castelluma azken eraikuntza-fasean, berreraiki zutenean hain zuzen , Inperioko limeseko ohiko gotorleku osagarri gisa egin zuten, forma angeluzuzenekoa eta 147 bider 221 m-ko dimentsiokoa. 32.500 m²-ko azalera du, eta harlanduxkaz eta hormigoizko estekaduraz egindako harresi batek babesten du. Harresian lau ate gotortuk sarrera ematen dute, eta sarrera bakoitzean dorre bana albo bakoitzean. Vallumaren[8] izkinak borobilak dira, angelu itsuak ekiditeko. Barrualdean, horma lubeta baten gainean dago, eta, horri esker, garnizioa berehala mugitzen zen erasorik izanez gero.

Gotorlekuaren orientazioa zela eta, Hego-ekialdera zuzendua zegoen, Nida hirira, eta ez limesera. Castellumaren erdian principia (erromatar kanpamendu bateko kuartel nagusia) handi bat zegoen, erdiko plaza estali bat, zenturioientzako eta unitatea administratzeko gelez inguratua. Horri esker eguraldi txarrarekin ere entrenamenduak egin zitzaketen.

Praetentura izeneko zatian unitateko komandantearen praetoriuma edo egoitza zegoen, via praetoriaren (bide nagusiaren) mendebaldean, eta horreum (horniduren biltegia) handi bat edo zegoen ekialdean. Egun, lorategi batek okupatzen du kanpamentuaren gainerako espazioak, baina erromatarren garaian gainerako eazpiegitura gitura militarrak hartu bide zituen, contuberniatan banatutako barrakoiak - horietako bi berreraiki egin zituzten-, ukuiluak, tailerrak eta biltegi gehiago.

Saalburg castellumeko Praetoria Portaren ikuspegia. Lehen planoan, ezkerrean, kanpamendu militarrari erantsitako vicus (kanpoko auzo edo herrixka) zibileko eraikinen hondarrak ikusten dira.

Saalburg, gehien berreraiki den castelluma izateaz gain, bere vicusa edo herri zibila induskatuta eta kontserbatuta duen bakarra da. Vicus hori gotorlekuaren hegoaldean zegoen, Nidarantz zihoan galtzadaren alde bietan, hiri hori eskualdeko hiriburua baitzen.

Herrixka horren hondakinak kanpamentuaren aurrealdeko atetik oso gertu hasten dira, eta mansio edo posta-geltoki ofizial baten hondarrak dokumentatu dituzte (publicus imperial ontzikoak) bertan. Eskuinean, terma batzuen hondakinak agertzen dira, garnizioak eta vicuseko zibilek erabil zezaketeenak. Herriko kale nagusi gisa funtzionatzen zuen galtzadari jarraituz, hainbat etxeren eta Mitra jainkoari eskainitako tenplu baten aztarnak agertzen dira, zati batean berreraikiak. Mitraren gurtza gudaroste erromatarreko soldaduen artean nahiko zabalduta zegoen.

Termak nahiko zabalak ziren, eta haien diseinuak ederki islatzen ditu instalazio erromatar horien berezko duten barne egituraren ezaugarri nagusiak: apodyterium edo aldagela, frigidarium edo bainugela hotza, bi tepidaria edo masaje-gela, caldarium bat (bainu beroa) eta sudatorium edo sauna. Beroa hainbat praefurnia edo labetatik zetorren, eta aretoetan banatzen zen, frigidariumean izan ezik, hipocaustum baten bidez, lurzoru erradiatzailearen antzekoa.

Konplexu militarra induskatu eta ikertu duten arkeologoen kalkuluen arabera, esan daiteke 500 soldadu eta 1.500 zibil inguru bizi izan zirela Castellum eta Vicusa osatzen zuten multzoan.

Saalburg Museoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egun, Saalburgeko berreraikitako biltegietan dago museoa.

Indusketa arkeologikoen egin ondoren castellum-eko zatirik garrantzitsuenak berreraikitzea erabaki zen, eraikitako gainerako egiturak zaintzea eta ateratako material nagusiekin museo bat sortzea, multzo osoa limetako gotorleku erromatar tipiko baten lagin didaktikotzat hartuta.

Bisitariak beraz, berreraikitako egitura hauek ikus ditzake: harresia eta gotorlekura sartzeko ateak, Principia (kuartel nagusia) eta bere tenplutxoa edo santutegia, parada areto estalia, horrea edo biltegiak, barrakoiak, eta praetoriuma edo komandantearen etxea nahiz eta ez dagoen osorik berreraikita. Principia barruko santutergia gurtzarako egokitua zegon egitura zen, eta bertan gordetzen ziren kohortearen insigniak.


Berregindako artilleria tresnak museoaren erakusketa aretoan

Germania Garaia probintzia erromatarreko alderdi kultural, historiko, arkitektoniko eta militarrei buruzko informazioa bisitariari aurkezteko baliatu dira berreraikitako horrea-k. Aipagarria da Saalburgetik bertatik eta gertuko lekuetatik ekarritako ekipamendu militarren bilduma garrantzitsua, kanpaleku erromatarren eta limeko azpiegituren maketa multzoa.

Saalburg, bere berreraikitzea eta museoa direla eta, Germania probintziako mundu erromatarrari buruzko ezagutza ikertzeko eta zabaltzeko lehen mailako zentroa izan da, eta, bereziki, limesko armada erromatarra ikertzeko tokia. Horren erakusgarri da liburutegi espezializatua, 30.000 ale eta 2.200 argazki inguru dituena. Zabalkunde helburua osatzeko, Saalburgmuseum-ek zientzia-solasaldiak antolatzen ditu aldizka, eta berariazko zientzia-argitalpenen bilduma propioa du. Bokazio kultural hori 1980ko hamarkadan osatu zen, musika klasikoko kontzertuak egiteko leku gisa.

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasierako berreraikitzeak eta Bad Homburgeko bainuek erakargarritasun turistiko garrantzitsua ekarri zien bertako biztanleei. Gotorlekura iristeko, Bad Homburg-eko tranbiak lotura zuzena izan zuen Saalburgbahn izeneko lekuarekin, baina gerra arteko aldian konpainiak porrot egin zuen, eta gaur egun, trenbideen eta geltokien hondakinak ikusten dira.[9]

Gaur egun, Saalburgera joateko, Bad Homburgetik ateratzen den autobusa erabiltzen da.

Saalburgeko iparraldeko lemesaren vallum-aren zati baten berreraikitzea. kanpoko lubanarroa (fossa), lubeta edo betelana (agger) eta egurrezko oholesia (palisades)

Saalburg castellumeko porta decumana-tik 200 bat metrora dago limes-eko hesia dago. Ekialde-mendebalde ardatz hurbilari jarraitzen dio, eta defentsa-lerroaren zati bat -enpatizatua eta fosoa- berreraiki egin da.

Taunus mendigunearen ezaugarri natural eta historikoei esker, limes-aren trazadura mantendu ahal izan da, eta Saalburg ingurua ez da salbuespena. Horri esker, trazadura paisaian zehar jarrai daiteke. Hala, enpatizatuak eta horien aurreko lubakiak ibilbide luzeetan bereizten dira, eta turrisak -zaintza dorreak- partzialki kontserbatuta daude.

Saalburg-ek, mugen defentsa-sistemaren barruan, hego-ekialdean Heidenstock izeneko Kleinkastelle (castellum txikia) du eta ipar-ekialdean Lochmühle:

ORL[10] Izena Deskribapena/egungo egoera
KK[11] Kleinkastell Heidenstock Harrizko gotorleku txikia, 440 m² inguruko ate bakarra duela, II. mendearen erdialdean eraikia; zati batean kontserbatutako hormak ditu, lurrean ondo ikusten direnak.
Wp 3/59[12] Roßkopf Ikus daitezkeen bi harri-pila, Roßkopf izena dutenak.
Wp 3/60 Einsiela Zimendu kontserbatuak eta zisterna baten hondarrak.
Wp 3/61 Kieshübel osagarria Bi harrizko dorreen zimendu kontserbatuak eta egurrezko bi dorreren aztarnak.
Wp 3/62 Am Hollerkopf Ikusten ez diren harrizko dorre baten hondakinak.
Wp 3/63 Weißestein Harrizko dorre baten zimenduen eta fabrikako materialaren hondakinak
ORL 11[13] Cohort Fort Saalburg Castellum Saalburg
Wp 3/68 Am Fröhlichemannskopf Harrizko dorre baten zimendu ikusgarriak eta apenas ikusten ez diren zurezko dorre baten hondarrak.
Wp 3/69 Am Bennerpfad Harrizko dorre baten zimenduak
KK Kleinkastell Lochmühle II mende erdialdean eraiki zen 400 m² inguruko ate bakarreko harrizko gotorleku txikia. lurrean bere forma ikus daiteke.
Jupiterren zutabe baten berreraiketa.

Saalburg castellumaren ondoan Jupiterren kolona baten (Jupitersäule) kopia bat jaso da.[14] Jupiterren kolonak II et III. mendeetan eraiki ziren Germanian asentamenduenetatik eta villae-tatik gertu. Britania probintzian eta Galian adibide batzuk daude ere.

  1. pretorium-aren atzealdea.

Erreferntziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Centre, UNESCO World Heritage. «Munduko Ondarearen Zentrua» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2024-04-12).
  2. ORL Obergermanisch-Raetischer Limes (Goigermania Garaia eta Rhtiako limesa) izendapenaren akronimoa da.
  3. Archäologisches Institut der Universität Köln zur Forschungsgeschichte der Saalburg und zum Zustand des Saalburg-Archives.
  4. "HHona hemen Taunus mendiaren tontorreko gotorleku erromatarra, erromatarren antzeko teknikak erabiliz berreraikia, garai bateko boterearen eta menderatzaileen eragin aberatsaren monumentu gisa..." Gilen II kaiserraren hitzaldia, princiapiako lehen harri jarri zenean 1900eko urriaren 11a (Hartwig Schmidt: Wiederaufbau (Architekturreferat des Deutschen Archäologischen Instituts. Denkmalpflege an archäologischen Stätten Band 2). Theiss, Stuttgart 1993, ISBN 3-8062-0588-4, p. 216.
  5. Web oficial del Limesmuseum de Aalen Artxibatutako kopia. ..
  6. Georg Wolff: Die südliche Wetterau in vor-und frühgeschichtlicher Zeit. (Mit einer archäologischen Fundkarte). Herausgegeben von der Römisch-Germanischen Kommission des Kaiserlichen Archäologischen Instituts, pp. 5, 6, 72, 73, 75, 78-80, 90, 95. Ravenstein, Frankfurt am Main 1913.
  7. Joachim von Elbe: Unser römisches Erbe. Umschau-Verlag, Frankfurt am Main, 1985. ISBN 3-524-65001-5
  8. Vallum-a erromatar kanpamendu baten gotorleku osoa edo zati bat da. Vallumak, normalean, lurrezko edo lubeta bat (agger) izaten zuen, gainean zurezko oholesi bat zuena eta lubetaren aurrean, kanpoko zanga sakon bat (fossa).
  9. Frankfurter Verkehrsverbund/FVV-Informationen Nr. 1
  10. ORL = Reichs-Limes-Kommission erakundeak ezarritako sistemaren araberako zenbakitzea
  11. KK = Kleinkastell edo zenbakirik gabeko gotorleku txikia.
  12. Wp = 'Wachposten' edo zaintza dorrea. Lehehnego zenbakia limesaren zein inguruan gauden adierazten du, hor, 3 Taunus mendilerroko inguruan gaudela jakinarazten du eta bigarren zenbakia dorrea identifikatzen du.
  13. ORL XY = ORL gotorlekuaren zenbakia
  14. Jupitersäule edo Jupitergigantensäule (Jupiterren zutabea) harriz egiten ohi zena, arrunta zen germaniar probintzietan. Die Juppitersäule des Samus und Severus. Das Denkmal in Mainz und seine Nachbildung auf der Saalburg. Engelmann, Leipzig 1918.
  • Dietwulf Baatz, Saalburg (Taunus). In: Die Römer in Hessen. Nikol, Hamburg 2002, ISBN 3-933203-58-9
  • Dietwulf Baatz, Der Römische Limes. Archäologische Ausflüge zwischen Rhein und Donau. Gebr. Mann, Berlín 2000, ISBN 3-7861-2347-0
  • Margot Klee, Die Saalburg. Theiss, Stuttgart 1995. (Führer zur hessischen Vor- und Frühgeschichte 5), ISBN 3-8062-1205-8
  • Margot Klee, Der Limes zwischen Rhein und Main. Theiss, Stuttgart 1989, ISBN 3-8062-0276-1
  • Anne Johnson, Römische Kastelle des 1. und 2. Jahrhunderts n. Chr. in Britannien und in den germanischen Provinzen des Römerreiches. Zabern, Mainz 1987. (Kulturgeschichte der antiken Welt, Bd. 37), ISBN 3-8053-0868-X
  • Egon Schallmayer (Hrsg.), Hundert Jahre Saalburg. Vom römischen Grenzposten zum europäischen Museum. Zabern, Mainz 1997, ISBN 3-8053-2359-X
  • Heinrich Jacobi in der Reihe Der obergermanisch-raetische Limes des Römerreiches (Hrsg. Ernst Fabricius, Friedrich Hettner, Oscar von Sarwey): Abteilung B, Band II,1 Kastell Nr. 11 Saalburg (1937)
  • Saalburg-Jahrbuch
  • Saalburg-Schriften

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]