Sant Joan eliza (Boí) | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea Interes Nazionaleko Kultur Ondasuna | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Katalunia |
Probintzia | Lleidako probintzia |
Eskualdea | Alta Ribagorça |
Kataluniako udalerria | La Vall de Boí |
Koordenatuak | 42°31′N 0°50′E / 42.52°N 0.83°E |
Altitudea | 1.260 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Roman Catholic Diocese of Urgell (en) |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura erromanikoa |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 988-002 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BCIN | 63-MH-EN |
BIC | RI-51-0001298 |
|
Sant Joan de Boí eliza Boí herriko eliza erromanikoa da, La Vall de Boí eskualdekoa. Inguruko beste elizen garaikidea da eta, seguru asko, maisu berberek egina. Boí herriaren erdigunetik mendebaldera dago, eta erraz aurki daiteke, herri honetara iristean topatzen den lehenengo gauza baita. Boí haraneko eliza erromanikoen taldekoa da, interes nazionaleko kultura-ondasuna eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua.
Boíko Sant Joan elizak, XI. mendean eraikiak, hiru nabeko jatorrizko egitura zuen, hiru abside erdizirkularretan bukatuak, eta arotzeriaz estaliak. Eliza etengabe aldatu da: erdiko nabearen estalkiari kanoi-ganga bat gehitu zitzaion eta alboko nabeak kapera bihurtu ziren. Bere jatorrizko absideetako bi, erdikoa eta epistolaren ondokoa, desagertu egin ziren, bai eta sarreraren aurreko arkupea ere, seguruenik XVII. eta XVIII. mendeetako erreformetan. Izan ere, jatorrizko egituratik abside bakarra gorde du, eta kanpandorrea, hegoaldeko hormari atxikia. Oinplano karratukoa da eta lonbardiar dekorazioa du, jatorrizko eraikinarena bezalakoa. XIII. mendean eraikina suntsitu zuten, baina beste estilo batean berregin zuten. Berriki zaharberritu da zati bat, jatorrizko tipologiari jarraituz (egurrezko estalkia bi isurialdetara jarri da berriro), eta barrualdean gorde egin dira zaharberritze barrokoren bati dagozkion hainbat elementu.
Elizak sutea izan zuen XIII. mendean. Kanpandorrea oso kaltetuta geratu zen eta goiko hiru gorputzak galdu zituen. Beheko hiru solairuak kontserbatzen dira, haraneko beste kanpandorreen antolaketa bera dutenak, eta solairuak arku itsuen bidez bereizten dira, lonbardiar dekorazioari dagokion bezala. Mailen arteko tarteetako batean zerra-hortzen frisoa ere badago. Alde bakoitzean leiho bikiak daude, zutabetxo bikoitzekin, dorrearen hormarekiko perpendikularki orientatuak. Kanpandorre honen bitxikerietako bat, modu askotan interpretatua, hauxe da: Santa Eulàlia d'Erill la Vall eta Sant Climent de Taülleko kanpandorrekin modu perfektuan lerrokatua dagoela.
Interes handiko horma-pintura erromanikoak zituen tenpluak, eta gaur egun Kataluniako Arte Museoan daude. Era askotako gaiak agertzen dira, gameluen, oilarren edo alegiazko animalien irudikapenak dituztenak. Multzoko eszena garrantzitsuenetako bat San Esteberen harrikatzea da.
Mendez mende egindako erreformek, batez ere XVIII. mendekoek, eragin handia izan zuten tenpluaren dekorazioan, eta pintura erromanikoak ia ez ziren ikusten. 1919an pinturak Kataluniako Arte Museo Nazionalera eraman ziren. Helburua pinturen lapurreta ekiditea zen. Pinturen erauzketa lanetan, gehiago aurkitu ziren. Azkenik, XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan ere pintura gehiago topatu zituzten.
1997 eta 1998 urteen artean eliza zaharberritu zen eta tenpluaren kanpoaldeko eta barnealdeko horma-pinturak berregin ziren.
Boí herria harresiz inguratutako herri txiki bat zen, ibarreko gaztelurik garrantzitsuenaren ondoan hazi zena, nahiz eta gaur egun aztarna gutxi geratzen diren. Hiribildua Erill jaunaren jurisdikziokoa zen. Hau nabarmendu egin zen hainbat gerra-ekintzetan, Pallarseko kondeen zerbitzura. Horren ondorioz, bere lurretan hainbat eliza eraiki ziren.
Eraikuntza eta barruko pinturak XI. mendekoak dira.
Badirudi eliza suntsitu egin zela eta XII. mendean berreraiki egin zutela. Kanpandorrearen eraikuntza ordukoa izan daiteke. XIII. mendean hiru nabeen ordez nabe bakarra eta alboetako kaperak sortu ziren.
1962an San Joan eliza monumentu historiko-artistiko izendatu zuten, eta 1970eko hamarkadan zaharberritze integrala egin zioten, jatorrizko itxura emanez. Haraneko beste elizak bezala, 2000. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk.