Sashiko (刺し子 japonieraz "puntutxoak" edo "ziztadatxoak") Japoniako brodatze teknika bat da. Historian zehar erabili da jantziak adabatzeko, sendotzeko edo bigungarria gehitzeko, baita apainketarako ere.
Zaila da jakitea zehazki noiz sortu zen, baina Edo Aroan (1615-1868) garatu zela dirudi, eta erabili zen gehienbat landa eremuko herritarren lan-jantziak sendotzeko. Laborarien jantziak iraunkorragoak ziren horrela, eta hobeki babesten zuten hotzetik; izan ere, sashikoaz baliatuz jantziak pasaratu, txatalak josi edo jantzi batzuk beste batzuekin osatzen ziren, geruzak gehituz, bizi luzeagoa izan zezaten, boro oihala egiteko ezinbesteko urratsa izanik.
Garai hartan lege inperialek arautzen zituzten herritarrek erabil zitzaketen jantziak, oihalak eta koloreak. Esate baterako, herri xeheak ezin zituen erabili kolore biziak edo motibo zabalak, ez eta oihal garestiak ere baliatu, zeta[1], adibidez. Horrenbestez, anil edo indigo koloreaz tindatutako oihalak ziren zabalduenak lan mota honetan, eta motiboak, berriz, txikiak ziren nahitaez, garai horren bukaeran dibertsifikatu baziren ere.
Meiji Aroan (1868-1912) sashiko lana eginbehar garrantzitsua zen neguan, batez ere Japonia iparraldeko herrixketan, kanpoan lan egiterik ez zegoenean.[2] Sashikoa emakumeen lana zen, batez ere, eta neska gazteek teknika tradizionalak ikasten zituzten beste emakume helduengandik, uste baitzen hari-lanerako beharrezkoak diren zorroztasuna eta eramana ezinbestekoak zirela emakume ezkonduentzat.
Sashikoa boladan jarri zen berriz XX. mendearen bukaeran bai Japonian bai mendebaldeko hainbat herrialdetan. Gaur egun beste oihal mota batzuk eta kolore guztietako hariak erabiltzen dira.
Sashikoa hari zuriaz edo naturalaz egin ohi da anil koloreko oihal batean, baina hari gorriaz eginikoak ere badira. Mendebaldeko brodatze lanetan erabiltzen den haria baino lodiagoa da, kotoizkoa eta horretarako propio bihurritua, sendoagoa izan dadin.
Gehienetan, oihal naturalaren gainean brodatzen da, hasieran kalamuzkoa, batez ere Japoniako iparraldean, hori baitzen soroetan lantzen zena, kotoia edo lihoa garestiagoak ziren gainera, baina gerora batez ere kotoia erabili izan da, lana errazten duelako eta goxoagoa eta iraunkorragoa delako.2 Sashikorako orratza ere desberdina da, ohiko brodatze-orratzak baino luzeagoa, teknika honetan ez baita puntuz puntu brodatzen, puntu batzuk aldi berean hartuta baizik, eta jostorratzaren begia ere zabalagoa da, harira egokitua.
Antzinako motiboetan puntu-lerroak egiteko ordena zehatz bat dago, lana erraztu eta azkartzeko (adibidez, elkar lotutako figurak dituen motibo baterako, lehenbizi lerro horizontalak brodatzen dira, gero bertikalak eta azkenik zeiharrak).
Lana hasteko edo lanean zehar haria aldatzeko korapilo tradizionalak daude (hatamusubi), albainua ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Erabiltzen diren ereduak batez ere elementu geometrikoak, batzuetan estilizatuak, eta naturatik hartutakoak dira, hala nola uhinak, mendiak, banbuak, erronboak, hexagonoak, loreak...
Bi mota bereizten dira: moyozashin puntuak eten gabe marrazten dira, eta hitomezashin, berriz, sare baten gainean lantzen dira puntu bertikal eta horizontalak, batzuetan etenekin. Badira beste teknika batzuk, adibidez kogin eta nanbu hishizashi, hitomezashiren aldaerak, gurutze puntuaren antzekoak. Zenbait teknika eskualde zehatz batzuetan garatu dira.
Marrazki batzuk oso gogoko dituzte brodatzaileek balio sinboliko edo babesgarria dutelako: bost puntako izarrek (takonomekura) arrantzaleak babestuko zituzten naufragioetatik; sigi-sagako motiboek espiritu gaiztoak uxatzen dituzte, eta aberastasuna ekartzen dute arroz puntuek (komezashi) laborarientzat edo arrain ezkaten itxurakoek (urokozashi) arrantzaleentzat[3].
Diotenez, motibo horietako batzuek Txinan dute jatorria, eta beste batzuk Japonian bertan sortuak dira. Hokusai artistaren lanetan aurkitu dute inspirazioa brodatzaile askok.
Gaur egun, brodatzaileek motibo tradizionalak erabiltzen dituzte, elementu estilizatuak gehituta edo beste teknika batzuekin konbinatuta (aplikazioak edo patchworka)[4].