Saudade

"Saudade" (1899), Almeida Júnior margolari brasildarraren lana.

Saudade hizkuntza portugesak duen hitz esanguratsuenetarikoa da, oso present amodiozko poesian eta herri musikan, fadoetan nagusiki. Galizierak ere berba bera jasotzen du. Deskribatzen du sentimenduen nahasketa bat, galera, falta, distantzia eta maitasuna barne hartzen dituelarik. "Solitas, solitatis" latinezko hitzetik dator, "bakardadea" esan nahi duena. Baliakide zaharrak soedade, soidade eta suidade dira, saúde (osasuna) hitzaren eraginpean. Berbaren jatorria oso lotuta dago itsas tradizio portugaldarrarekin.

Brasilen, Saudade Eguna ospatzen da ofizialki urtarrilaren 30ean.

Elezaharraren arabera, hitz hau sortu zen Portugalgo Deskubrimenduen aroan eta Brasilgo koloniarenean. Hitzetik hortzera erabiltzen zen orduan lurralde arrotz eta urrun haietan portugaldar jendeak sentitzen zuen bakardadea definitzeko. Ondo islatzen du, beraz, oroimenak sortzen duen malenkonia, edo dolu prozesu batek ekarritakoa, pertsona, gauza, leku edo egoerekin lotuta.

Espezifikoki, esaten da sentimendu hau agertzen dela joan zenaren zain gelditzen denarengan, ez hainbeste joan denarengan, nostalgia edukiko duena.

Modu zabalean onartzen da hitzak ez duela itzulpen zuzenik beste inongo hizkuntzatan. Hala ere, antza denez galesezko "hiraeth" hitza da esanahi eta testuinguruaren arabera gertuena.

Horrez gain, antzekoak dira galizierazko "morriña", errumanierazko "dor" (latinezko dolus-etik), gaztelerazko "añoranza", ingelesezko "longing" eta "yearning", alemanezko "sehnsucht"eta "wehmut" eta polonierazko "tęsknota" berbak. Euskaraz, min hitzak duen erabileretako batekin lot daiteke, bereziki oroimin hitz elkartuan.

Esaten da munduan hauxe dela itzultzeko 7. hitzik zailena.

Emozio guztiekin bezala, saudadek isnpiratu du hainbat abesti eta konposizio historian eta munduan zehar. "Sodade" da Cabo Verdeko abeslaria zen Cesária Évoraren kanatarik ezagunena, hango dialektoan adierazitakoa. Étienne Daho-k, frantziar abeslaria, izenburu bereko abestia egin zuen.

Bestela, Nick Cave australiarrak "The Good Son" diskoa kaleratu zuen 1990ean, Bad Seeds bere bandarekin batera. Garai hartan zera esan zion kazetari bati bere aldarte egoerari buruz: "Norbaiti azaltzen nionean idatzi nahi nuena ustez galdu nituen gauzen oroimenari buruzkoa zela, esan zidaten portugesezko hitza sentimendu honetarako saudade zela. Ez da nostalgia, baizik eta zerbait goibelagoa".

Berba honen erabilera portugesezko musikan XVI. mendetik dator, Portugalgo Urrezko Arotik. Saudade, eta amodiozko sufrimendua, ohiko gaia da hainbat villancico eta cantiga-tan. Adibidez "Lágrimas de Saudade" Cancioneiro de Paris-en jasotakoa, egilearen izena ezezaguna bada ere. Zer esanik ez, gorago aipatu bezala, Fadoan saudade, nostalgia eta jeloskeria kontzeptu erabilienen artean ditugu.

Agustin Barrios gitarra jotzaile paraguaitarrak ere "Choro de Saudade" eta "Preludio Saudade" abestiak egin zituen. Brasilen oso hedatuta dago, lehenengo bossa nova abestitik hasita, "Chega de Saudade" (Tom Jobim). Bill Evans jazz piano joleak "Saudade de Brasil" grabatu zuen hainbat aldiz. 1919an, Brasilen 2 urte pasatu eta gero, Darius Milhaud konpositore frantziarrak "Saudades do Brasil" suitea egin zuen. Eta beste hainbat adibide dago musikaren historian zehar.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]