Seinaleztapen elebiduna (edota eleanitza) hizkuntza bat baino gehiagotan idatziak dauden inskripzioak bide-seinaleetan adieraztea da. Hauen erabilera administrazio elebitasuna indarrean dauden egoera berezietara (elebidunak edo mugakoak diren eskualdeak) edota turismo eta merkataritza fluxu handia duten guneetara mugatzen da (aireportuak, geltokiak, muga igarobideak, turismo hiriak, nazioarteko ibilbideak, nazioarteko erakundeen egoitzak).
Zentzu zabalago batean hartu ezkero, latindar alfabetoa ez duten eskualdeetan, toponimoen transliterazioa eta testu gehigarrien aldi bateko itzulpenak ere barne hartzen ditu (orokorrean ingeles eta frantsesera burutuak). Hala eta guztiz, joera orokorra hizkuntza batean baino gehiago agertu behar diren argibideak ikur eta piktogramez ordezkatzekoa izan ohi da (seinale beraren irakurgarritasunaren kalterako izanda ere). Beharbada seinaleztapen elebidunaren erabilera eskualde elebidun baten errealitatearen hautemate eta instituzionalizaziorako lanabes sinboliko nagusia da.