Shoghi Effendi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Akre, 1897ko martxoaren 1a |
Herrialdea | Palestina |
Heriotza | Londres, 1957ko azaroaren 4a (60 urte) |
Hobiratze lekua | Londres |
Heriotza modua | berezko heriotza: influenza A virus subtype H1N1 (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Rúhíyyih Khánum |
Hezkuntza | |
Heziketa | Balliol College Beiruteko Amerikar Unibertsitatea |
Hizkuntzak | ingelesa persiera arabiera turkiera frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | erlijio burua, Bahá'í fedearen Zaindaria eta itzultzailea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Bahá'í fedea |
Atal honetako artikulua: |
Bahá'í fedea |
---|
Aitzindaria |
Fundatzailea |
Pertsonaia nagusiak |
|
Idazteunak |
|
Ospakizunak |
Beste gaiak |
|
Shoghi Effendi Rabbani شوقی اَفَندی رَبانی ('Akká, 1897ko martxoak 1 [oh 1][1] [2]- Londres,1957ko azaroak 4), Shoghi Effendi (/ˈʃoʊɡiː ɛˈfɛndi/) izenaz ezaguna , baita Zaindari tituluaz bahá'íen artean. Abdu’l-Baharen biloba nagusia eta ondorengoa bahai fedearen buruzagitzan 1921etik 1957an hil zen arte.[3] Bahá’í fedea hedatzeaz gain, haren idazteun asko itzuli zituen jatorrizko arabieratik eta persieratik ingelesera, gerora izan diren itzultzaileei oinarria eta eredua ezarriz. [4] Shoghi Effendik egindako itzulpenek autoritate maila daukate, itzultzaile izateaz gain fedearen interprete ere bazelako. Hil zelarik, Kausaren Eskuak izeneko taldeak jarraitu zuen buruzagitzan 1963an Justizia Etxe Unibertsala hautatu zen arte.[4]
Haurtzaroa Israelgo ʻAkká hirian eman zuen, baina ikasketak Haifan eta Beiruten egin zituen. Azken hiri horretan, 1918an Arteetako gradua eskuratu zuen, eta harez geroztik, aitonaren idazkari eta itzultzaile aritu zen.[5] 1920an, Oxfordeko Balliol Collegera joan zen zientzia politikoak eta ekonomia ikastera. Han bigarren urtea egiten ari zelarik, 24 urte zituela, ikasketak eten egin behar izan zituen aitona hil eta fedearen Zaindaritzaren ardura hartzeko. [5][6][3]
Lehen Zaindari gisa, bahá’í fedearen burua izan zen 36 urtez. Denbora hartan, 17500 gutun baino gehiago idatzi zituen, gehienak ingelesez eta farsiz, garai hartako bahá’í komunitateei argibideak emateko, Ekialde Ertaineko komunitateek pairatzen ari ziren jazarpenei aurre egiteko adorea emateko, eta bahá’í fedearen aurrerapena bultzatzeko. Horretarako propio, 32 norbanako izendatu zituen Kausaren Esku, fedearen aurrerapena bultzatzeko eta erasoetatik babesteko. [7] Arrakasta handia lortu zuten bahá’í fedearen hedapenean, 1935ean 1034 udaletan zegoen, 1953an 2700etan, eta 1963an 14437tan.[6] Zaindaritzaren urteetan munduan 100000 bahá’í izatetik 400.000 izatera pasa ziren.[6] Shoghi Effendik Akka-Haifa zonaldean Bahá’í Munduko Zentroaren eraikuntza ere zuzendu zuen.[6][5]
Jaiotzean Shoghí Rabbání deitzen zen, baina Shoghi Effendi bezala ezagutzen da orokorrean. Lehen aipatu bezala, aitonak emana zen Effendi titulua. [3][oh 2] Gutunetan, askotan, Shoghi, besterik gabe, sinatzen zituen.
Akkán jaio zen, otomandarren Akreko eskualdean 1897ko martxoan, Shoghi Effendi Báb-en leinukoa zen Mirza Hadi Xirazi, bere aitaren bidez, eta Bahá'u'lláhren leinukoa bere ama, Ḍíyá'íyyih Khanum, 'Abdu'l- Bahá-ren alaba zaharrenaren bidez. Abdu'l-Bahá-k, hasierako prestakuntza eman zion, eta eragin handia izan zuen harengan, Shoghi Effendi haurra zelarik. Otoitzak irakatsi zizkion, eta jendaurrean otoitzak kantatzera bultzatu zuen. ʻAbdu'l-Bahák ere azpimarratu zuen jendeak haurrari "Shoghi Effendi" (Shoghi jauna) deitu behar ziotela, eta ez Shoghi besterik gabe, harenganako errespetu marka gisa [8]
Haur txikia zenetik, Bahá’í-ek Akkan bizi zuten egoera lazgarriaren ondorioak pairatu behar izan zituen. Alde batetik, Mírzá Muhammad ʻAlí-k ʻAbdu’l Bahá-ri eragindako erasoak; eta bestetik, mutil gaztea zelarik, jakin izan zuen Abdul Hamid II (1876-1909 erreinatua) sultanak ʻAbdu'l-Bahá Afrikako iparraldeko basamortuetara erbesteratu nahi zuela. Bahá’í-en artean ere egoera ez zen ona, Shoghi Effendiri ohartarazi zioten kaferik edan ez zezan edozein etxetan, pozoitu egingo ote zuten beldurrez.
ʻAbdu'l-Bahá-ren biloba zaharrena zenez, txikitatik Shoghi Effendik harreman berezia izan zuen aitonarekin. Kontakizun baten arabera, Shoghi Effendik bost urte besterik ez zituenean, tematu zen aitonak lauzatxo bat idatz ziezaion, ʻAbdu'l-Bahá-k ohi zuen bezala". Eta honako hau idatzi zuen bilobarentzat:
Bera da Jainkoa! Ene Shoghi, ez dut hitz egiteko tarterik, utz nazazu bakarrik! Idazteko esan didazu, idatzi dut. Zer egin nezaken bestela? Orain ez duzu irakurtzeko eta idazteko garaia. Saltoka eta Ene Jainkoa! kantatzeko garaia duzu. Beraz, ikas itzazu Edertasun Bedeinkatuaren otoitzak eta kanta itzazu entzun ditzadan. Izan ere, ez dago beste ezertarako tarterik.[9]
Harez geroztik, Shoghi Effendik, hainbat otoitz buruz ikasi eta ahal bezain ozen kantatzen zituen. Etxekoek ʻAbdu'l-Bahá-ri haurra isilarazteko eskatu zioten, baina hark ez zien kasurik egin, antza.
Shoghi Effendi bere lehen hezkuntza etxean jaso zuen etxeko beste haurrekin batera, gero Haifako La Salle frantses eskolara joan zen, eta geroago Beiruteko beste eskola katoliko batean.[5]
Shoghi Effendi aitonari lagundu behar zion Mendebalderantz egin zituen bidaietan, baina ezin izan zuen aurrera egin Napoliko portuko agintariek gaixo zegoela eta, ez baitzioten utzi bidaia jarraitzen.[10][11]
Shoghi Effendi, ondoren, Siriako Unibertsitate protestantean (gerora Beiruteko Amerikar Unibertsitatea izenaz ezagutuko zena) sartu zen bere azken ikasturteetan, 1918ra arte. Eskolan oso zorigaiztokoa omen zen, eta askotan, oporretan, Haifara itzultzen zen Abdu'l-Baharekin egoteko. Bere ikasketetan zehar, ingelesa menperatzeari eman zion bere burua, horrekin eta lehenagotik zekizkien persiera, turkiera, arabiera eta frantsesa hizkuntzekin baliatuz, Abdu'l-Baharen idazkaria eta itzultaile aritu ahal izan zen. Lehen Mundu Gerran babestuta egon zen han, Siriako Ikastetxe Protestantea neutrala izan baitzen. 1917ko tentsio politikoak zirela eta, denbora labur batez ikastetxea itxita egon zen arren, ikasle-bizitzak aurrera egin zuen. Haifan, bitartean, 1918ko udan, Abdu'l-Baharen bizitza arrisku larrian egon zen Allenby jeneralaren tropak Haifan sartu ziren arte.
Armistizioaren etorrerarekin eta ikasketak amaitu ondoren, Shoghi Effendi aitonarengana itzultzeko prest zegoen. 1918ko udazkenean, Haifara itzuli zen Abdu'l-Bahári bere korrespondentzia andanarekin laguntzeko, ia bi urtez egon zen etengabeko laguntza emanez. 1918 urtearen amaieran lagun bati bidalitako gutun pribatu batean, eta gerrako sufrimenduei buruz hausnartuta, "hau da, izan ere, zerbitzurako garaia" ondorioztatu zuen.
Haifan bizi izan ondoren, Ingalaterrara (Balliol College, Oxford) aldatu zen itzulpengintzako trebetasuna perfekzionatzeko.[12] Shoghi Effendi pozik egon zen Balliolen. Bere garaikideen kontakizunek ikasle alai eta herrikoitzat gogoratzen dute. Etorkizunean lehen ministro britaniarra izango zen Anthony Eden-ekin batera ikasi zuen, baina ez ziren lagun minak izan. Oxford-en ikasketak egiten zituen bitartean, tarteka Erresuma Batuan barrena bidaiatzen zen bahá'í komunitateak bisitatzeko. Bereziki hunkigarria egin zitzaion Manchester-eko bahá'íen talde xumea.[12] Garai honetan hasi zen Shoghi Effendi britainiar kulturarekiko joera handia izaten, hala nola, The Times egunkaria irakurtzen eta literatura ingelesarekiko maitatzen.
Ingalaterran ikasten ari zela, 1921eko azaroaren 29an, Abdu'l-Baháren heriotzaren berri izan zuen Shoghi Effendik . Wellesley Tudor Pole-ren arabera, kablearen bitartez iritsitako mezuak erabat lur jota utzi zuen. John Esslemontekin egun pare bat igaro ondoren, eta pasaportearekin izandako zailtasunak konpondu ondoren, Ingalaterratik abiatu zen Sara Blomfield eta Ruhangiz bere ahizparekin batera abenduaren 16an, eta Haifara iritsi zen abenduaren 29an. Handik egun batzuetara, Abdu'l-Bahák berari zuzendutako Borondate eta Testamentua ireki zuen. Bertan, aitonak oinordeko eta Bahá'í Fedearen buru izendatzen zuen.
Shoghi Effendiren bizitza pertsonala, hein handi batean, erlijioaren zaindari gisa egindako lanaren mende zegoen. Korrespondentzia kopuru itzela eta idazkaritzarik ez, hori dela eta lan karga handia izan zuen. Haifan bizi izan zen, baina tarteka Suitzako Alpeetara joaten zen. 1929an eta 1940an Afrikan zehar ere ibili zen, hegoaldetik iparraldera. Jendaurrean era askotara deskribatu zuten Shoghi, nazioarteko gaiak ongi ezagutzen zituen eta informazio ugari jasotzen zuen. Pribatuan, garaikideek epel, informal eta umoristikotzat hartzen zuten. Shoghi Effendik lo gutxi egiten zuen eta normalean egunean behin bakarrik jaten zuen. Txikia zen altueraz, ile iluna etabegi marroiak zituen. Aitonaren antz handirik ez zuela adierazi zen: «Abdu'l-Bahá (altuagoa zen eta begi urdinak zituen), bai ordea birraitonarena, Bahá'u'lláhrena, alegia.
'Abdu'l-Bahá hil ondoren, 1921ean, Bahá'í Komunitatearen lidergoa pertsona bakar batena izatetik administrazio sistema batera aldatu zen. Sistema horrek bi adar zituen, betearazlea eta legegilea, eta adar bakoitzean buru bat, Zaindaria eta Justizia Etxe Unibertsala, hurrenez hurren. Shoghi Effendi Zaindari izendatu zuen aitonak. Harez geroztik, fedearen hiru pertsonaia nagusien idazteunak interpretatzeko eta erlijio horren botere legegilearen esparrua definitzeko eskumena izan zuen. Bere idazkietan pertsonaia nagusien lanei buruzko iruzkinak eta etorkizunerako zuzentarau orokorrak azaldu zituen.
Bahá'í idazkien arabera, Zaindaritza Bahá'u'lláh-ren gizonezko ondorengoen baldintzarekin izendatuak Baháʼu'lláh-ren gizonezkoen ondorengoak izan zitezen . Shoghi Effendiren heriotzaren unean, Baháʼu'lláh-ren ondorengo gizonezko guztiak bizi ziren Itun hautsitzaile izendatu zituzten "Abdu'l-Bahá edo Shoghi Effendi", eta ez zuten bizitzeko hautagai egokirik aurkitu [13][14]. Shoghi Effendi ondorengo tutore izendatu gabe hil zen, eta Justizia Etxea Unibertsala, idazkietan estalita ez dauden egoerei adjudikatzeko baimena eman zien erakunde bakarrak, iragarri zuen ezin zuela legeztatu Shoghi Effendik oinordeko bat izendatzea. Shoghi Effendi Baháʼí Fedearen zaindari gisa aitortu zuten lehenengo eta azken pertsona izan zen.