Silvia Federici | |
---|---|
(2014) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Parma, 1942ko apirilaren 24a (82 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak Italia |
Lehen hizkuntza | italiera |
Hezkuntza | |
Heziketa | University at Buffalo (en) master, Doktoretza Boloniako Unibertsitatea gradu |
Hizkuntzak | ingelesa italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, idazlea, unibertsitateko irakaslea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, aktibista, social scientist (en) eta autorea |
Parte-hartzailea
| |
Lantokia(k) | New York |
Enplegatzailea(k) | Hofstra Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | feminismo marxista |
Silvia Federici (Parma, Italia, 1942ko apirilaren 24a) ikertzaile, idazle, irakasle eta ekintzaile feminista da. Italian jaioa, Ameriketako Estatu Batuetan bizi da 1967tik, eta estatubatuar nazionalitatea du. Pentsamendu feminista eta marxista garaikideko teorialaririk esanguratsuenetakoa da. Besteak beste, emakumeen etxeko lanari, komunalismoari eta sorgin-ehizari buruzko lanak argitaratu ditu azken bi hamarkada luzeetan; tartean, Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa (2004) liburua. Irakasle emeritua eta irakasle laguna (teaching fellow) da New Yorkeko Hofstra Unibertsitatean. Bere jarduna militantziarekin eta kalean protestatzearekin lotuta dago. 1970eko hamarkadan beste ekintzaile batzuekin batera sortutako Wages for Housework (Soldatak etxeko lanen truke) mugimenduko militantea da.
Silvia Federici Italian sortu eta hazi zen. 1967an AEBetara joan zen, Buffalo-ko Unibertsitatean filosofiako graduondoko ikasketak egitera, eta hango borroka eta mugimendu feminista eta sozialistarekin engaiatu zen.[1]
Feministatzat jotzen dut neure burua, feministak direlako bizitzaren balorizazioaren diskurtsoa erdigunean jartzen dutenak. (Silvia Federici)[2]
1970eko hamarkadan, Nazioarteko Kolektibo Feministan parte hartu zuen, eta etxeko lanetarako soldata aldarrikatzen zuen Wages For Housework (WFH, Soldatak Etxeko Lanentzat) kanpainaren sustatzaileetako bat izan zen.[1]
1980ko hamarkadan, irakasle jarduen zuen hiru urtez Nigeriako Port Harcourt-eko Unibertsitatean.[3] Han zegoela, Committee for Academic Freedom in Africa batzordea sortu zuen beste hainbat lagunekin batera, helburu batekin: babesa ematea Egituren Egokitzapenerako Programaren (Structural Adjustement Programme, SPA) aurkako borrokan ziharduten unibertsitate-ikasle eta -irakasleei.
Halaber, Silvia Federici ezkerreko akademiko eta ekintzaileak biltzen dituen Midnight Notes Collective sare marxistako kidea da. Beren burua borroka politikoetan engaiatutako eta aurrekari eta herritartasun ezberdineko pertsonek osatutako kolektibo gisa definitzen dute, eta 1979tik aitzina aldizkari-artikulu irakurterrazak eta panfleto politikoak argitaratu dituzte; 1999ra arte sortutako materiala sarean irakur daiteke.[4]
1987 eta 2005 urteen bitartean, hiru ikasgaitako irakaslea izan zen Hofstra Unibertsitatean: Nazioarteko Ikasketak, Emakumeen Ikasketak eta Filosofia Politikoa. Gainera, alor horretako hainbat lan argitaratu zituen; tartean, Caliban and the Witch: Women, the Body and Primitive Accumulation [Caliban eta sorgina: emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa][3] (2004) liburua. 2017an Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak liburua eta 2018an Europako milaka andrek pairatutako jazarpena lotzen dituzten faktoreak. Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria zazpi saiakerak osatutako liburua idatzi zuen. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuliak izan dira, baita euskarara ere.[5]
Gizarte berria ez da ezerezetik sortuko, borrokaren prozesuan jaio behar da. (Silvia Federici)[2]
Silvia Federicik genero-ikuspegiarekin aztertzen ditu kapitalismoa eta lan soldatapekoa eta erreproduktiboa.[6]
Emakume feministak behar ditugu kalean, mundua suntsitzen ari den botere matxista, patriarkal eta kapitalistari aurre egiteko.(Silvia Federici)[2]
Bere ustez, sexuaren araberako lan-banaketa kapitalismoaren jatorrian dago, eta etxeko lanak "metatze kapitalistaren prozesurako gakoa dira; izan ere, etxeko lanak osoki kontuan hartuta, horiexek dira lan-indarra ekoizten dutenak".[1] Kapitalismoaren hasiera hartan, baina, "emakumeen boteregabetze-prozesua" bultzatu zen, eta "prozesu hori ezinbestekoa izan zen emakume langilearen irudia ezereztu eta emakumea pertsona ez-langiletzat jotzeko", hau da, baliorik ez duen lana egiten duen pertsonatzat.[1]
Gaur egun, ordea, emakume gehienek egiten dute lan etxetik kanpora, "baina etxeko lanen ardura haiena da oraindik, eta lehen zerbitzu publiko gisa eskaintzen ziren lanen zati bat ere beren gain hartu behar dute".[7] Bestalde, krisi ekonomikoa dela-eta tentsio berriak sortu dira emakumeen eta gizonen artean: "Gizonezkoek botere ekonomikoa ez izateak eta, aldi berean, emakumeek autonomia handiagoa aldarrikatzeak emakumeen aurkako bortizkeria-formak sorrarazi ditu, munduko leku guztietan ikus daitezkeenak".[7]
Umeen zaintzari dagokionez, Federicik dio etxetik kanpo lan egiten ez duten emakumeek ere denbora librea izateko eskubidea izan behar dutela, eta haurren zaintza ez litzatekeela umearen guraso eta senideen ardura izan behar bakarrik, jendarte osoarena baino.[1] Horretarako, Federicik erreprodukzioari lotutako komunak sortzea proposatzen du, pobreziaren birbanaketaren iturri ez izateaz gain borrokarako oinarri bilakatu behar liratekeenak.[1] Areago doa; proposatzen du etxebizitzak lantegitzat hartzea eta bizitzeko tokiaren truke emakumeek alokairurik ez ordaintzea: "Gure etxeak lantegiak badira lan-indarra han ekoizten baitugu, ez genuke alokairurik ordaindu behar lan egiten dugun tokiaren truke".[3] Aitortzen du horrelako proposamenak probokazioak direla, baina iruditzen zaio bere horretan baliagarriak izan daitezkeela.[3]
Ekintzaile italiarrak NBEk agenda eta politika feministetan egin izan duen esku hartzea ere salatzen du, feminismoa erabili duelako neoliberalismoa sustatzeko eta emakumeen mugimenduak zeukan iraultza-gaitasunari —esaterako, lanaren banaketa sexualaren eta esplotazio-mekanismo guztien aurkakoa— aurre egiteko.[7] Horrela mintzatzen da NBEri buruz: "Munduan zeharreko hainbat hitzalditan munduko emakumeen eta feminismoaren izatearen eta ez-izatearen ordezkari gisa aurkezten zuen bere burua. Beste helburu bat ere bazuen: munduko gobernuei 'erakustea' zerbait aldatu behar zutela lanari buruzko legedian, hartara emakumeek ere soldatapeko lana egiteko aukera izan dezaten".[7] NBEk globalizazioan jokatutako papera dela-eta, zera dio: "(...) hasieratik ikusi zuten emakumeen autonomia-grina bizia ustia zezaketela globalizazioa indartzeko: maquiletan [lantegi mota bat], zerbitzu publikoetan, emakumeak dira nagusi; gure ordenagailuak Txinako emakume gazteek egiten dituzte, hain lan-baldintza latzetan ezen askoren borroka-moldea dela beren buruaz beste egiteko mehatxuak egitea. Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala".[3] Hortaz, ezin esan daiteke soldatapeko lanak emakumeak askatu dituenik.[3]
Horrekin lotuta, bere ustez, soldatapeko enpleguek kapitalismoaren benetako izaera ezkutatzen dute; izan ere, "klase kapitalistak jendea banatzeko erabili du soldata". Federiciren aburuz, soldatapeko lana emantzipaziorako bidea balitz, gizonak dagoeneko emantzipatuta egongo lirateke eta ez lirateke esplotatuta egongo; "Logika horren arabera, onartu beharko genuke gizonak ez daudela esplotatuta. Eta, bai, estrategikoki onartzen ditugu soldatapeko enpleguak, behar bat daukagulako, baina soldatapeko enplegua estrategia politiko bilakatzea sekulako hanka-sartzea izan da."[1] Gainera, soldata horrek dakar erreprodukzio-arloa aintzat ez hartzea eta ez ikustea "erreprodukzio-lanari esker mantentzen dela esplotazio-sistema osoa".[1] Soldatapeko lana eta erreprodukzio-lana aldi berean egin beharrak emakumeen osasunari dakarzkion ondorioez kezkatuta ageri da: "Emakumeek bi eta hiru lan-txanda egiten dituzte, batzuetan hiru lan behar dituzte, eta emakume horiek sandwich baten modura bizi dira, umeak zaintzen, helduak zaintzen, soldatapeko lan bat egiten. (...) Emakume pila bat ezagutzen dut fronte horietan guztietan lanean, depresioaren kontrako botikak hartu behar dituztenak".[1]
Abortatzeko eskubidea mugatzen duten legeei buruz, berriz, zera dio: "[Estatuek] Emakumeen gorputzak ikusten dituzte ekoizpenerako tresna bezala, eta beraiek erabaki nahi dute ea zenbat ekoizten diren, non, zer kalitaterekin eta zer baldintzatan. (...) Uste dut hori gogoan izatea oso garrantzitsua dela, kapitalismoaren historia osoan ikusi dugulako Estatuak bortizki esku hartu duela uteroaren kontrolean, gorputzaren kontrolean".[1] Federicik emakumeen gorputza kapitalismoaren azken muga dela esaten du beti: "Emakumearen gorputza konkistatu nahi dute, kapitalismoa horren mende dagoelako".[6]
Komunei buruz ere luze eta sakon hausnartu, hitz egin eta idatzi du Federicik. Alde batetik, kontuan hartu behar da "gizakiaren historiako garai gehienetan jendea ez dela estatu baten bueltan edo jabetza pribatuaren inguruan antolatu, behetik sortutako lankidetza-ereduen arabera baizik".[1] Ildo horretatik, gaur egungo komunak beste era batera sortu behar lirateke, betiere "lankidetzan eta baliabideen kudeaketa eta erabilera kolektiboan oinarrituta".[1] Izan ere, "espazioak behar ditugu, noski, baina, batez ere, jendearen arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, ondasun komunala baita hori ere, eta erabakiak hartzeko egiturak sortu. Gustatuko litzaidake halakoak ikustea, asanblada komunalak maiztasun jakin batekin".[3]
Sindikalgintza dela-eta, kapitalismoaren premiekin lotuegia dagoela dio, eta gehienetan sindikatuak oztopo bihurtzen direla langileentzat. Gaur egun, bere ustez, sindikatuak negoziazio kolektiboaren zati bat baino ez dira, eta horrek langileen boteregabetzea ekarri du, komunitatearen babesik gabe geratu direlako. Sindikatuen ordez, langile-antolakundeak hobesten ditu, lan-indarraren prezioa negoziatzeaz gain kapitalismotik haragoko ikuspegia izango dutenak.[1]
Emakumearen kontrako indarkeriari dagokionez, ezinbestekoa ikusten du gizonezkoek ere bat egitea "Estatuak emakumeen gorputzei" egindako erasoen aurkako borrokarekin. "Egiten ez badute, borroka saboteatzen ari dira. (...) emakumeen kontrako hainbeste bortizkeria onartzen duen mugimendu batek ezin izango baitu borroka irabazi, ezin izango zaio kapitalismoari gailendu".[1]
Berdintasuna dela-eta, horrela mintzo da: "Emakumeek berdintasunaren aldeko borrokari buruz galdetzen didatenean, hauxe erantzuten dut: hori ez da nire borroka. Ez dut gizon esplotatu baten berdina izan nahi. Ni esplotatua ez izateko borrokatzen naiz, inor esplotatua ez izateko."
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Silvia Federici |