Stenocorus meridianus | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Cerambycidae |
Leinua | Lepturini |
Generoa | Stenocorus |
Espeziea | Stenocorus meridianus Linnaeus, 1758 |
Stenocorus meridianus Cerambycidae familiako kakalardoa da, zientziarako Lineok 1758an deskribatu zuena. Europa guztian aurkitzen da, hasi Iberiar penintsulatik eta Siberiaren mendebalderaino eta Kaukaso mendikateraino[1]. Euskal Herrian ere agertzen da.[2]
Kakalardo ertaina da, arrak 12-19 mm artean neurtzen du eta ema pixka bat handiagoa da, 17-27 mm artean. Sexu dimorfismoa agertzen du beraz[3]. Gorputza nahiko luzatua dauka, eta elitroek triangelu luze baten itxura dute, aurrealdean zabalagoa eta muturrean punta zorrotzagoa eta borobildua duena. Emeak pronoto beltza izan ohi du eta arrak marroia. Elitroen kolorazioan aniztasun handia dago, marroi argiak, laranjak, marroi ilunak edota beltzak izan daitezke kakalardo helduak. Ile finak estaltzen du gorputza.[3]
Baso hostozabaletan aurkitzen dira, zumar, astigar eta haritzetan bereziki.[3]
Helduak maiatza eta uztaila artean ikusten dira hegan. Kalteturik edo gaixo dauden zuhaitzetan jartzen dituzte arrautzak eta handik jaioko diren beldarrak enborraren barnean garatzen dira. Pupa lurrean eratzen dute bigarren udaberria iristerakoan, izan ere bi edo hiru urtetako bizi zikloa osatzen dute.[3]