Stictoleptura rubra | |
---|---|
Stictoleptura rubra, emea | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Cerambycidae |
Leinua | Lepturini |
Generoa | Stictoleptura |
Espeziea | Stictoleptura rubra Linnaeus, 1758 |
Stictoleptura rubra Cerambycidae familiako kakalardo saproxilikoa da, zientziarako Lineok 1758an deskribatu zuena.[1]
Gorputzak 10-19 mm arteko luzera du. Dimorfismo sexual nabarmena dago. Arrak burua, antenak, pronotoa eta eskuteloa beltzak ditu, eta elitroak marroiak edo okreak. Emearen burua, antenak, eta eskuteloa beltzak dira, eta pronotoa eta elitroak marroi-laranja edo gorri-laranja kolorekoak.[2] Askotan emearen elitroak handiagoak eta zabalagoak izaten dira arrarenak baino.
Larbak koniferoen basoetako (Picea eta Pinus batez ere; batzuetan Abies edo Larix) zuhaitz hiletan eta motzondoetan bizi dira. Helduak maiatza/ekaina eta iraila bitartean ikusten dira, loredun landareetan. Bizi zikloak 2-3 urte irauten du.[2][3]
Larbak usteldura hezeetan garatzen dira. Onddoen jarduerak egur hila eraldatzen du eta, era horretan, baliabide egoki bilakatzen da kakalardo xilofagoentzat.[4] Helduek polen edota nektarra jaten dute.
Europan, Iberiar penintsulatik Errusiaraino, iparraldeko Afrikan eta Asia Txikian banaturik dago.[5] Arrunta da Euskal Herrian.[6]