Tarbeliar[1] (latinez: Tarbelli)[2][3] (grekoz (Τάρβελλοι/Tárbelloi)[4] egungo Lapurdi eta Nafarroa Beherean eta Gaskoniako Chalosse eskualdean bizi zen akitaniar herria izan zen[5] eta aitzin-euskaldun gisa sailkatzen da[6]. Iturri klasikoek diote Aturri ibaiaren (latinez: Aturrus) erdialdean eta behealdean bizi zirela, alde bietan. Hiriburua Aquae Tarbellicae, zuten, egungo Akize. Ausoniok esana «Tarbeliarrek orro egiten duten eskualdea».
Publio Lizinio Krasok menperatu zituen K.a. 56. urtean, eta ondoren, beste herri batzuekin batera, Civitas Aquensium hiria sortu zuten, Gallia Akitania barruan, aurretik, latindarrek Aquae Tarbellicae edo Aquae Terebellicae[4] izendatzen zuten kokagunean.
Ausciarreekin batera, Akitaniako herri boteretsuenetako bat izan ziren.[7] Tarbeliarrak lau triburen konfederazioa izan zen. Kokosateak eta tarusateak ziren, seguruenik, haien bezeroak.[7]
Iparraldean kokosateak zeuden, hegoaldean barduliarrak, ekialdean tarusateak, atureak eta Venarniak, eta mendebaldean Bizkaiko golkoa zituzten.[8] Egungo Orthezetik gertu zegoen Castetarbe herrixkak ekialdeko muga osatzen zuen. Julio Caro Barojak idatzi zuen, Ptolomeok aipatu zuela Pirinioak zirela tarbeliarren muga hegoaldean.[9]
Pirinioetako beste akitaniarrek bezala abeltzaintza (ardiak, behiak eta zaldiak) zuten bizimodua, transhumantzia eginez. Hala ere, nahiz eta garrantzi gutxiago izan, beste lehengai batzuk ere profitatu zituzten. Estrabonek zioen urrea ustiatzeari esker neurri batean aberastu zirela[10] bai eta euren lurraldean zeuden iturri bero eta hotzei esker.[11][4]
Julio Zesarrek tarbelli izena erabiltzen du aipatzen dituenean (K.a I. m.) eta Estrabonek, grekoz idazten zuenez, Tárbelloi (Τάρβελλοι) (K.o. I. m.), Pliniok Tarbelli Quattuorsignani esamoldea erabiltzen du Plinio (K.o. I. m.), eta Saguntoko inskripzioan tarbellus edo Tarbellus IIII Signanus (Tarbellus Quattuorsignani?).[12]
Tarbellus IIII Signanus esamoldearen inguruan irakurketa ezberdinak egin dira. Sagunton aurkitu zen esaldi hori Lucius Valerius Muntanus-en epitafioan irakur diteke, bere jatorria aipatzen den zatian, hor aipatzen den hildakoa Tarbellus IIII signanus "etxekoa" zela zehazten da. Antzeko hitzak erabili zituen Pliniok Tarbelli quatuorsignani esamoldea erabili zuenean (euskaraz: "lau zutoihalen tarbeliarrak")[6] eta ikerlari batzuetzat, tarbeliarrek lau herrien federazioa osatzen zutela adierazten du esamolde horrek.[13]
Joakín Gorrotxategik proposatu zuen Akitaniako onomastikan arrunta den adjektiboa ('beltza') tar atzizkiari lotuz sortutako izena izan daitekeela.[14]