Teresa Pàmies | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Teresa Pàmies i Bertran |
Jaiotza | Balaguer, 1919ko urriaren 8a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Granada, 2012ko martxoaren 13a (92 urte) |
Familia | |
Aita | Tomàs Pàmies i Pla |
Ezkontidea(k) | Gregorio López Raimundo |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | katalana gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, kazetaria, militante politikoa eta biografoa |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Gazteria Sozialista Bateratuak |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Kataluniako Alderdi Sozialista Batua |
Teresa Pàmies Bertran (Balaguer, Katalunia, 1919ko urriaren 8a - Granada, 2012ko martxoaren 13a) emakume idazle, kazetari eta ekintzaile katalana da.
Bere aita, Tomàs Pàmies, Bloc Obrer i Camperol (BOC) talde marxistaren buruzagi nabarmena izan zen, eta eragin handia izan zuen Teresarengan; 10 urterekin BOCen aldizkaria saltzen ibiltzen zen kalean. Ikasketak utzi eta joskintza ikasi zuen. 1937an Joventuts Socialistes Unificades de Catalunya (JSUC) erakundean sartu zen, eta bertan Aliança Nacional de la Dona Jove (1937-1939) taldearen sortzaileetako bat izan zen eta Juliol buletinean idazten zuen.[1] 17 urterekin Monumentalean egindako mitin ospetsu batean parte hartu zuen, Federica Montseny, Dolors Bargalló, Margarita Nelken eta Lluís Companysen ondoan.[2]
Espainiako Gerra Zibila bukatuta Frantziara erbesteratu behar izan zuen aitarekin batera, eta, Magnac-Laval-eko errefuxiatuen kanpalekutik ihes egin ondoren, Bordelera iristea lortu zuen, Dominikar Errepublikara zihoan itsasontzia hartzeko. Handik Kubara eta Mexikora joan zen. Mexikon sei urtez bizi izan zen, eta kazetaritza ikasi zuen unibertsitatean. 1947an Mexikorik Belgradera joan eta han irratian ibili zen lanean urtebetez. Aurrerago Praga Irratian ere lan egin zuen, hamar urtez, gaztelaniazko eta katalanezko emisioetako erredaktore.[1] Erbestetik Serra d'Or eta Oriflama aldizkarietarako kolaborazioak egiten zituen. 1960an Frantziara aldatu zen, eta erbestealdiko azken hamabi urteak han eman zituen.
1971n itzuli zen Kataluniara eta idazten lan egin zuen. Hedabide batzuetako kolaboratzailea izan zen (Avui egunkaria, Presència aldizkaria, Catalunya Ràdio). Kolaborazio horien bildumak dira Opinions de dona (1983) eta La vida amb cançó. Cròniques radiofòniques (1999).
Teresa Pàmiesen literatura ibilbidea 50 urtetik gora zituela hasi zen, eta halere 40 liburu baino gehiago idatzi (batzuk gaztelaniaz), 20 bat itzuli eta iritzi artikulu ugari argitaratu zituen. Idazlan gehienetan ageri da ukitu autobiografikoa eta ezkerreko militantearena, bai eta gerra eta erbestearen gaiak ere. Herri hizkera erabiltzen du, erreza, irakurle gehienengana iristeko asmoarekin. Berak aitortu zuen ez zuela bere burua idazletzat hartzen, bere belaunaldiko kronika egilea izan nahi zuela, besterik gabe.[2]
Hauek dira bere lan nagusiak:
Beste sari batzuen artean, aipagarriak dira Creu de San Jordi saria, 1984an Kataluniako Generalitateak emana, 1997an Bartzelonako Ohorezko Domina jaso zuen, 2001ean Katalanezko Letren Ohorezko Saria eta 2006an Manuel Vázquez Montalbán Saria.