Teuta | |||
---|---|---|---|
![]() | |||
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | ezezaguna | ||
Herrialdea | ![]() | ||
Heriotza | ezezaguna ( urte) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Agron Iliriakoa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | erregina |
Teuta (ilirieraz: *Teutana, 'herriaren andrea, erregina'; antzinako grezieraz: Τεύτα; latinez: Teuta) Iliriako Ardiaei herri edo tribuaren erregina izan zen[1][2] eta bere semeordearen izenean erregeorde izan zen, agintean izan zen, gutxi gorabehera K.a. 231tik K.a. 228/227ra. [3][4]
Bere senar Agron Iliriakoa K.a. 231 urtean hiltzean, Ardiae erresumako erregina bihurtu zen, bere semeorde Pinnesen erregeorde gisa, Apianoren arabera[5].
Agronen hedatze politika jarraitu zuen Adriatiko itsasoan zehar, Erromatar Errepublikarekin gatazka izan zuen, merkataritzan zuen eraginagatik (iliriar gerra eta piratengatik).[3][6] Iliriar piratek erromatar enbaxadari bat hil zutelako, Erromak gerra deklaratu zion K.a. 229. urtean. K.a. 228 urtean errenditu zen, Lehen Iliriar Gerra galdu ostean. Teutak bere erresumaren hegoaldeko lurrak eman behar izan zizkion Erromari eta zerga edo tributu bat ordaindu, baina erreinuari eutsi zion Lissus hiritik iparraldera (gaur egungo Lezhë, Albania), nahiz lehen aldean lurralde txikia izan.[3][7]
Teutaren bizitzaren berri greziar eta erromatar egileen berri dakigunez, haien ikuspegitik iritsi zaizkigu, gehienak aurkakotasuna zutenak iliriarren kontrakoak zirelako eta emakumea zelako ere.[4][6][8]
Teutaren izena antzinako grezieraz Τεύτα (Teúta) da eta latinez Teuta, biak iliriar hizkuntzako Teuta(na) ('erregina'; literalki 'herriaren andrea') izenaren laburdura dira.[9][10][11][12][13] Jatorrian, protoindoeuropar hizkuntzen sustraia dauka *teutéh₁- ('herria', beharbada, 'herria armapean'), eta baita -nā ('-ren andre'; genero gramatiko maskulinoa -nos duena) atzizkia ere.[12][11][13] Teuta(na) izen iliriarra zen eta , þiudans 'errege' gizon izen gotikoaren cognate motako izena zen (*teuto-nos 'herritarren buru' forma zaharragotik eratorria hura ere).[11][13]
Teutaaren senarra Agron Iliriakoa (K.a. 250–231) hil zenean,[14] Ardiaeiko errege zena, senarraren erresuma jaso zuen oinordetzan eta Pinnes bere semeordearen erregeorde gisa aritu zen aginduan.[15] Ez dakigu ziur Agron eta Teutaren erresuma zein tamainakoa izan zen.[16]: dakigunagatik, Adriatiko itsasoaren kostaldean zegoen, Albania erdialdetik Neretva ibaia arte,[3] eta Iliriako barrualdeko lurraldearen gehiena kontrolatzen zuten.[16] Polibioren arabera, Teuta inguruko estatuen kontra aritu zen, bere armadaren buruei aginduz etsai gisa har zitzaten eta bere menpekoen pirateria erasoak babestu zituen. Horrek, Erromatarrak Adriatikoa gurutzatzera behartu zituen, haien merkataritza bideak ostopatzen baitzituzten bai itsaso Adriatikoan bai Joniar itsasoan.[3][4][6]
K.a. 231n, Teutaren armadak Peloponesoko antzinako Elis eta Mesenia lurraldeak eraso zituen. Etxera itzuleran, Epiroko Phoenice hiria hartu zuten, garai hartako hiri aberatsena inguru hartan eta Italiar penintsularekin handitzen zihoan merkataritzaren gunea. Hiria laster izan zen askatua eta hitzarmena egin zuten diru eta presoen truke.[6] Hiri bat hartu izanak, landa erasotzearen aurrean, iliriarrak arrisku gisa ikustera eraman zituen greziar eta erromatarrak.[6] Phoenice okupatu zuten garaian, iliriar piratek Italiako merkatari itsasontziak zakuratu zituzten, hainbestetan, Erromatar senatuak, enbaxadariak bidali zituen Scodra hirira erreparazioa eskatzeko eta piraten espedizioak amai zitezen eskatzeko.[6] Teutaren kontra zegoen Polibio greziar historialariak gertaeren kontakizun oso beroa egin zuen, Iliria inbaditzeko justifikazioan idatzitako erromatar idazleetan oinarritu baitzen.[6][8]
Enbaxadari erromatarrak iristean, Teuta erregina barruko altxamendu bat zapaldu izana ospatzen ari zen eta Issa greziar hiri uhartea setiatzera zihoan.[5] Ez zituztela minduko hitz eman zien, baina pirateria iliriar ohitura zela eta ezin zuela debekatu esan zien.[6][17] Enbaxadari batek erantzun zion Erromak behartuko ziola,[6] beraien ohitura baitzen publikoki zigortzea gaizkileak eta kaltetuei laguntzea.[18] Hain errespetu gutxiz hitz egin zion Teutari, Erromara itzultzeko ontziratu zituztela eta bidean hil egin zutela, dirudienez, Teutaren aginduz.[4][6] Polibiok jasotzen du erromatar enbaxadarien izenak Gaio eta Luzio Coruncanius.[6] Dion Kasiok kontatzen du bi enbaxadari baino gehiago zirela eta batzuk erahilak izan zirela eta besteak preso hartuak.[19] Apianoren bertsioan, bi enbaxadarietatik bat erromatarra zen (Coruncanius) eta bestea Issakoa (Kleemporos), iliriar lemboiek harrapatu eta erahil zituztenak Ilirian lurreratu aurretik, Agron bizirik zegoen bitartean eta horregatik, Teuta eta enbaxadarien arteko elkarrizketa ez zela gertatu adierazi nahi zuen.[20][21] Edonola ere, enbaxadarien hilketak, erromatarrak gerrara eraman zituen: legioak eta armada osatuz.[22]
K.a. 229. urtean, Erromak gerra deklaratu zion Iliriari eta, lehen aldiz, Adriatikoa gurutzatu zuten.[6] Armada hartan 20,000 oinezko, 200 zaldizko eta 200 itsasontzi joan ziren Gnaeo Fulvio Centumalo eta Lucius Postumius Albinus kontsul izanaren gidaritzapean, Iliria hartzera.[4]
Teutak, antza, ez zuen espero, Kortzira greziar koloniaren kontrako itsas espedizioa agindu baitzuen K.a. 229 urte hartan. Erromatar itsasontziak Kortziran agertu zirenean, Teutaren gobernadorezen Demetriok traizio egin zion eta erromatarrei eman zien hiria eta gerra guztian zehar, gainera, aholkulari lana egin zien erromatarrei.[4][22][23] Gerraren amaieran, K.a. 228an, Erromatarrek Faros eta inguruko kostaldearen gobernari egin zuten saritzeko.[23] Bien bitartean, armadaren beste zati batek iparralderago hartu zuen lurra Apolonia (Iliariakoa)n.[23] Herri eta hiriak banaka menderatu zituzten eta hiriburua, Scodra, setiatu zuten.[23] Teuta eta bere jarraitzaile batzuk gotortutako eta estrategikoa zen Rhizon hirian gorde ziren, iliriar armadaren portu nagusian.[4][23]
Polibioren arabera, K.a. 228ko udaberri hasieran hitzarmena egin zuen, tributua ordainduko zien erromatarrei eta erregina izango zen, lurralde txiki batean Lissustik (gaur egungo Lezhë) iparraldera eta ezin zuen itsasoan aritu handik hegoaldera arma gabeko bi ontzi baino gehiaggorekin.[3][4] Polibioren arabera ere, Erromaren boterea onartzera behartu zuten.[3][7] Dion Kasioren arabera, abdikatu egin zuen K.a. 227an.[3][4][24]
Apianoren arabera, garaitua izan ondoren, Teutak enbaxadoreak bidali zituela Erromara, presoak bidaltzeko eta barkamena eskatzeko bere senar Agronen erreinaldian gertatutako gertaerengatik.[4]
Teutaren erreinaldi laburraren kontakizun zehatzena Polibiorena (K.a. c. 200–118) da, Apianoren idatziekin (2nd c. AD) eta Dion Kasio (K.o. c. 155–235).[4]
Marjeta Šašel Kos ikerlariaren ustez, Teutaren irudirik objektiboena Apianorena zen.[4] Historian Peter Derow historialariak ere uste du enbaxadarien gertakizunaz Apianok egiten duen kontakizuna sinisgarriagoa dela, Polibiorena baino.[25]
Polibioren kontakizuna, gertakizunak izan eta mende bat geoagokoa da, iliriarren eta Teutaren kontrakoa eta Quintus Fabius Pictor (fl. 200 BC) historialari erromataren lanetatik jaso dela dirudi (Teutaren garaikidea izan zen eta oso kontrakoa zena)[8][26], nahiz batzuetan, Fabioren aurrejuzkuen kontra ere egin.[8]
Polibioren Historiak lanean, era honetan azaltzen du Teutaren erreinaldiaren hasiera: "Agron Iliriakoa hiltzean, Teuta bere emazteak ordezkatu zuen tronuan. Agintaritzaren asministrazioa, konfiantzako lagunen esku utzi zuen. Baina emakumeek ohi duten ikusmira eskasa zeukan etorkizunean gertatuko zena ikusteko..."[27]
Dion Kasio ere misogino ageri da Teutaz ari denean. Horrela deskribatzen du: "(...) emakume gisa, jaiotzazko ganora eskasaz gain, bere botereagatik harrotasun handia zuen, (...) Denbora gutxian, emakumeen ahultasuna erakutsi zuen: gaitasun gutxi, pasioa eta laster koldarkeriagatik beldurra."[28]
Kondaira baten arabera, Teuta Risan herrian jaioa zen eta bere buruz beste egin zuen minez, Orjen mendietatik botata, Lipcin.[29]
Teuta izen arrunta da emakume albaniarren artean.[30]
Albaniar Teuta Durrës kirol taldea bere omenez izendatu zuten horrela 1930an.[31]