Toles eta zamalkadura gerrikoa tolestuak eta zamalkatuak diren eta metamorfismorik jasan ez duten arroka sedimentarioen egitura bat da. Luzera eta lodiera aldakorreko lurraldeak dira; lodiera, orokorrean, barne eremu kristalinotik urrundu ahala txikitu egiten da.
Hamarka-ehunka kilometro izan ditzake. Toles eta zamalkadura gerrikoak, orokorrean, lurralde arroen gainetik zamalkatzen dira eta barne eremuen fronteko zamalkaduren azpitik kokatzen dira. Kokapen hau barne eremuak eragiten duen bultzakadak sortutako kanporanzko indarragatik da.
Estilo tektonikoa egitura tektonikoek deformazioaren ondorioz erakusten duten ezaugarri multzoa da. Ezaugarri hauek multzokatuz estilo tektoniko bat edo beste defini daitezke, nagusitzen den egituraren arabera, egituren orientazioaren arabera edo egituren geometriaren arabera.
Basamentua arro sedimentarioaren azpitik dauden arroka igneo edo metamorfiko multzoari deitzen zaio. Honen gainetik dauden arroka sedimentarioei estalki sedimentario deitzen zaie eta bien arteko muga diskordantea da.
Honelako estilo tektonikoa garatzeko beharrezkoa da maila disarmoniko bat egotea: portaera moldakorreko materialez osatuta dagoen geruza (gatzak,buztinak...). Erreologia desberdineko geruza honek deformazioa jasango duten eta ez duten arrokak bereizten ditu. Material moldakorraren gaineko materialak konpresio esfortzuaren aurrean tolestu eta failatu egingo dira eta azpikoak ordea ez dute deformaziorik pairatuko. Horrela gainetik deformatutako arrokak utzitako hutsuneetara material moldakorra moldatu egingo da duen fluxu portaerarengatik. Maila disarmonikoaren azpitik eta basamentuaren gainetik geratzen den deformatu gabeko estalki sedimentario zatiari tegumentu deitzen zaio. Maila disarmoniko orokor bat dago Europan: Keuper faziesa. Goi Triasikoko material moldakorrez dago osatua. Kolore gorri bereizgarri bat erakusten du eta buztinez, igetsuz eta dolomitaz dago osatuta. Keuper faziesaren azpitik beste bi unitate litoestratigrafiko nagusitzen dira Europako erdialdean eta mendebaldean: Buntsandstein eta Muschelkalk.
Estilo tektoniko honen adibide Jura mendizerra, mendikate Betikoen kanpo eremua eta Hego Piriniar eremuan Eusko kantauriar arroa dira.
Deformazioa estalki sedimentariora mugatzen da eta aurrekoarekin duen desberdintasun nagusia da honakoan zamalkadurak eta alderantzizko failak nagusitzen direla, ez tolesak. Estilo tektoniko honetan maila disarmonikoaren lodiera txikiagoa da eta ezin du aurreko estilo tektonikoan izan duen portaera bera eduki. Hemen, maila disarmonikoa zamalkadurak sustraitzen direneko aldentze-maila da.
Ezaugarri garrantzitsuenetakoa oinaldeko faila (Sole fault) da. Faila honek sekuentzi sedimentarioan gorantz egiten du lurralde arrorantz. Faila honen gainetik décollement izeneko zenbait faila garatzen dira, oinaldekoaren adarrak izanik (hauek ere sekuentzi sedimentarioan gorantz egiten dute). Oinaldeko faila gehienek basamentu kristalinoaren gainetik kokatzen dira material moldakorreko (gatzezko...) geruza bat aldentze maila izanez.
Basamentuko arroketan sekuentzia sedimentarioko zamalkadurk ez dute inolako eraginik. Eragina izaten badu, basamentuko arrokak zamalkaduraren parte izango lirateke, desplazamendu handiak jasoz eta beste estilo tektoniko bat definituz: thick skinned.