Txaradi-sugandila

Txaradi-sugandila
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaLacertidae
GeneroaPsammodromus
Espeziea Psammodromus algirus
(Linnaeus, 1758)
Banaketa mapa

Txaradi-sugandila (Psammodromus algirus) hego-mendebaldeko Europa eta iparraldeko Afrikako baso eta larretan bizi den Lacertidae familiako muskerra da[1].

Txaradi-sugandila tamaina ertaineko Saurioa da, eta bere gorputzaren luzera muturretik kloakara 8 cm ingurukoa da. Isatsa gorputzaren luzera bikoitza baino apur bat txikiagoa da. Sugandila sendoa da, beste espezieak baino handiagoa, buztan luzea du benetan. Gorputza luzea da eta gorputz adarrak proportzionatuak dira. Bizkarreko eta alboko ezkatak handiak eta erronbo formakoak dira, eta oso karenatuak. Ezkata bentralak luzeak baino zabalagoak dira eta apur bat inbrikatuta daude, 6 ilaretan antolatuta. Beste sugandiletan ez bezala, eztarriko ezkatek ez dute lepokoa osatzen. Bizkarrean kolore arre-grisaxka du eta bi banda zurixkak edo horixkak ditu bi alboetan. Sabela zuri horixka da. Ugaltze garaian, arrek ozelo urdin batzuk izaten dituzte aurreko gorputz-adarretan, eta eztarriak kolore laranja du. Aurkezten dituzten koloreak, nolanahi ere motelak dira eta oharkabean pasatzen da substratu edo landaredi artean.

Karaktere bereizgarriak: behatzak zertxobait konprimituak; ezkata karenatuak bizkarrean eta lepoan. Lepokoa falta da.[2]

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txaradi sugandila sastrakadietan ohikoa den espeziea da, zuhaitz-ohitura apur batekin; sastrakak igotzea gustatzen zaio, horien artean janaria bilatzen du eta arriskuan ikusten bada gorde. Erraz igotzen du eta geldirik geratzen da bere mimetismo partziala dela eta; gainera atzetik jasaten dutenean hondarraren azpian ezkutatzen da. Bere jarduera-aldia neguaren amaieran hasten da; udaberrian estaltzea gertatzen da eta emeak 6 eta 10 arrautza bitartean jartzen ditu, hondarretan lurperatuta. Kumeek kolore grisak eta tristeak dituzte, eta isatsa apur bat gorrixka. Espezie honetan bigarren errunaldiak ere ezagutzen dira.

Txaradi sugandila harrapatzen denean, txiliotxo bat igortzeko gai da; ezaugarri hau ez da oso ohikoa Saurioen artean eta gure eskualdean ez dauden zenizienta eta buztangorri sugandilak ere igortzen dute. Bere elikadura sasi artean harrapatzen dituen intsektuen eta molusku txiki batzuen kontsumoan oinarritzen da; normala den bezala, ez ditu beste harrapakin mota batzuk mespretxatzen bere eskura baldin badaude. Urriaren amaieran negu-pasa sartzen da; lur azpian hartzen du babesa, abandonatutako galerietan, oro har ugaztun txikienak, eta bere metabolismoa gelditu egiten da. Tenperaturaren igoerarekin soilik berraktibatuko da, neguaren amaieran.

Banaketa, habitata eta egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txaradi-sugandila oso hedatua dagoen iberiar eta Ipar Afrikar espeziea da. Iparraldean izan ezik, Iberiar penintsula osoan dago.

Gure lurraldean, Mediterraneoko eskualdean, Arabako Errioxan eta Ebro ibaiaren inguruetan, Sobronetik Errioxara dago bakarrik. Iparralderako populazioetan soilik hegoaldera begira dauden isurialdeetan daude, babestuta, eta nabarmen landaredi sastrakatsu mediterraneoa dagoen lekuetan. Altueran ez du asko igotzen, 560 m baino gorago ez da aurkitu. Behaketak egin diren bataz-besteko altuera 540 m da.

Okupatzen duen eskualdean hiru habitat motatan dago; alepo pinudietan, hariztietan eta Mediterraneoko sastraketan. Horietan guztietan, nahiko substratu sastrakatsuetako eremu argi samarrak okupatzen ditu, non ezkutatzea gustatzen zaion. Habitat hauetan behaketen proportzioa antzekoa da.

Gaur egun, espezie honen egoera nahiko gatazkatsua da; ingurunearen aldaketak eta okupatzen duen eremuko landaredi naturalaren desagerpen praktikoak populazio trinkoak mantentzeko aukerak murrizten ditu. Izan ere, behaketa gehienak ale isolatuei dagozkie; habitata ondo kontserbatzen den eta azalera handiagoko lekuetan, populazioak ondo egitaratuta daude eta haien kopuruak nabarmenak dira. Nolanahi ere, Mediterraneoko eskualdean espezie honen presentzia bermatu nahi bada, beharrezkoa da landaredi naturala duten kokagune bakanetakoen babesa eta mantentzea. Bestela, kopuruen sakabanaketa eta espeziearen pixkanaka gutxitzea dira gertatuko diren prozesuak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Miras, J.A.M., Cheylan, M., Nouira, M.S., Joger, U., Sá-Sousa, P. & Pérez-Mellado, V. 2005. Psammodromus algirus IUCNren Zerrenda Gorria
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 131 or. ISBN 84-7542-639-5..


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.