Txernihiveko ogi-ilarako erasoa | |
---|---|
Mota | masa hilketa gerra krimen |
Honen parte da | Txernihiveko setioa (Ukrainako inbasioa) |
Data | 2022ko martxoaren 16a 10:00k inguru (UTC+3) |
Kokaleku | Txernihiv, Txernihiv Oblasta (Ukraina) |
Herrialdea | Ukraina |
Helburu | Txernihiveko zibilak |
Pertsona hilak | 14[1] |
Erantzule | Errusia |
Txernihiveko erasoa –edo, zehatzago, Txernihiveko ogi-ilarako erasoa– 2022ko martxoaren 16an, AEBek Kieven duten enbaxadaren arabera, Txernihiven (Ukraina) gertatutako Errusiako indarren eraso bat izan zen, non, gutxienez, hamar zibil hil ziren, ilara batean, ogia erosteko zain zeudenean.[2][3] Ostean, heriotz-kopurua 13ra igo eta,[4][5] bigarrengo zuzenketa batetan, 14ra igo zen.[1]
Errusiako indarrek Txernihiv hiri ukrainarra erasotu dute 2022ko otsailaren 24tik, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean.[6] Hiriaren gudu eta osteko setioak galera zibil handiak eragin zituzten; hala, esaterako, martxoaren 3ko bonbardaketa batek 47 pertsona hil zituen.[7] Hala, martxoaren 10etik, hiria setiaturik dago.[8]
Gertaera, Txernihiveko setiioaren testuinguruan gertatutakoa, Viatxeslav Txaus-ek, Txernihiv Oblasteko Gobernadoreak, salatu zuen, baita AEBek Kieven duten enbaxadak ere. Ukrainako telebistan Txausek adierazi zuenez, bonbardaketa "ez da gertat[utako] lehena, ezta etsaiak zibilen aurka egindako lehen bonbardaketa ere".[9] Txausek erasoa aire-erasoa zela esan zuen bitartean, Estatu Batuetako enbaxadak esan zuen pertsonak "tirokatu eta hil" egin zirela.[3][10] Hasiera batean, gertakarian 10 pertsona hil zirela jakinarazi zen.[9][3][10] Hala ere, hildakoen kopurua 13 pertsonara igo zen ondoren,[5] bai eta 14 pertsonara geroago, Ukrinformek jakinarazi zuenez.[1] Gertakaria goizeko 10:00ak aldera izan zen, UTC+3, non biktimak artilleria astunak jaurtitakoaren leherketa baten ondorioz hil ziren.[11] Zibil horiek armarik gabe zeuden, eta haietako batzuk bonbardaketatik bizirik atera ziren; azken horiek, Txernihiveko polizien laguntzaz, osasun-zentroetara eramanak izan ziren.[12]
Erasoan Minnesotako 67 urteko estatubatuar bat hil zen.[13] Gizonaren familiak sare sozialetan esan zuen bera eta beste bederatzi pertsona "frankotiratzaile militar errusiarrek hil" zituztela, "Udaltzainek haren gorpua kalean aurkitu aurretik".[14] Txernihiveko poliziak eta Estatu Batuetako Estatu Departamentuak estatubatuar baten heriotza baieztatu zuten.[15] Pertsona hori James Whitney Hill zen, eta Irynarekin, ukrainar herritar batekin, ezkonduta zegoen. Horregatik, uko egin zion Ukraina uzteari, nahiz eta AEBek bere herritarrei dei egin, gerra hasi zenean herrialdetik ihes egin zezaten. Hill ingeleseko irakaslea zen, Txernihiven eta sare sozialetan, "Jimmy Hill" bezala ezaguna.[16]
Gertakaria jazo eta lau ordu ingurura, Txernihiveko Eskualdeko Fiskaltzak kasu legal bat aurkeztu zuen erasoarekin lotuta. Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko Txernihiv Oblasteko adarrak ere ikerketa bat hasi zuen.[11]
Errusiako Defentsa Ministerioko bozeramaile den Igor Konaxenkov maior jeneralak esan zuenez, "Txernihiven hildako zibilen irudiak, ustez militar errusiarrek hil zituztenak, "Kieveko erregimenaren" propaganda-hedabide guztietan banatu ziren, non hildako guztiak, ustez, ogia erosteko ilaran zeudela adierazten zen." Ostean, Errusia erasoaren erantzule ez zela baieztatu zuen ere: "Azpimarratu nahi nuke Txernihiven ez zegoela militar errusiarrik".[17]