Txilar iletsu | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Ericales |
Familia | Ericaceae |
Generoa | Erica |
Espeziea | Erica ciliaris |
Txilar iletsua edo ainar iletsua (Erica ciliaris) erikazeoen familiako zuhaixka adartsua da eta 60 cm-ko luzera du.
80 cm-ko mulua da eta oinean kimu etzanak ditu, horietatik zurtoin tenteak hazten direlarik [1].
Hostoak patenteak (zutituak), lantzeolatuak edo obaloak izan daitezke eta 2-4 x 0,8-2 mm artekoak. Azpialdean, 0,8 mm-ko zabalera duen banda zurixka dute eta goikaldea gazteetan behintzat ilaunduna da. Horretaz gain, bistako ertzean zilio luze ugari dituzte 0,7 mm-koak, sarritan glandularrak direnak. Horretaz gain, zurtoinetik, 3 edo 4 hosto irteten dira maila berean, bertizilotan baitaude antolatuta.
Loreak galburu-erako infloreszentzietan agertzen dira, hau da zurtoin beretik ateratzen dira, lukuetan elkartuta. Sepaloak, 2,5-4 mm-koak, libreak, obatuak edo lantzeolatuak, berdeak eta ziliodunak. Korolari dagokionez, 8-10 mm-koa da, tubular-urtzeolatua eta purpura edo arrosa bizia izan daiteke. Lobuluak 0,6 mm-koak dira eta patenteak. 1,5-2 mm-ko anterak dituzte, inklusoak edo apur bat exertuak. Obarioa glabroa da eta 8 mm-ko estiloa du, apur bat exertua eta arkeatuta dagoena.
Haziari dagokiola, 0,4-0,5 mm-koak dira, luzanga-elipsoidalak. Haziak diploideak dira, n=12 izanik [2].
Loraldia maiatzetik urrira luzatzen da[1]. Polinizazioa erleen bidez gertatzen da. Hala ere, Erica generoko landareak haizearen bitartez poliniza daitezke arrakasta gutxiagorekin.[3]
Lurzoru azido eta hezeetan bizi da, bereziki materia organikoa pilatzen den lekuetan; esaterako, txilardi hezeetan, zohikaztegi ertzetan eta zingiradietan[4].
Europako mendebaldean eta Afrikako iparraldean agertzen da. Euskal Herriari dagokionez, iparraldean besterik ez da agertzen, hau da, eragin atlantikoa duten guneetan. Isurialde mediterraneo osoan, hots, Ebro ibaiaren hegoaldeko eremuetan falta delarik. [1]
Landare apaingarri gisa erabili ohi da. Halaber, espezie hau eztigintzan oso estimatua da, erleek hauen loreak erabiltzen baitituzte polen eta nektarra eskuratzeko.[5]