Ulama, Mexikoko Sinaloa estatuan zenbait komunitatek jokatzen duten pilota joko bat da. Mesoamerikar pilota jokoaren ondorengoa da, eta Mesoamerikan etengabe jokatu izan den kirol ohitura antzinakoena bat da, bestalde gomazko pilota erabiltzen duen kirol ezagun zaharrena dela ere nabarmentzekoa da.
Ulama hitza nahuatl hizkuntzaren ullamaliztli eratorria da, ullama ("pilota jokoa") eta ulli (hule, pilota egina dagoen materiala) hitz-elkarketaz sortua.
Antzina Mesoamerikar pilota jokoa Mexiko eta Guatemala arteko lurraldean jokatzen zen, eta ziur asko baita AEBetako Arizona eta Mexiko Berriaren lurraldean ere. Arkeologoek K.A. 1.600 urte inguruko gomazko pilotak topatu izan dituzte.
Baina espainiarren konkistarekin batera, kirolaren izaera erlijiotsu eta errituala zela eta, misiolari katolikoek jokoa debekatu egin zuten, halere Sinaloa estatuko zenbait lekutan bizirautea lortu zuen, hain zuzen ere, espainiarren eragina murritzagoa izan zen tokietan.
Gaur egun Mexikoko Zacatecas, Sinaloa, Michoacán, Guerrero eta Oaxaca estatuetan jokatzen da, bai eta Mexiko Hirian bertan ere.
Gaur egungo ulamaren arauak boleibolaren antzekoak dira, sarea ez beste, talde bakoitza jokolekuaren erdi banatan kokatuz. Ulamaren bertsiorik hedatuenean, pilota jokolekuaren alde batetik bestera aldakaz joz mugiarazten da, bi taldeetako batek pilota itzultzeko gai ez edota pilota jokolekutik ateratzen den arte.