Underground komikiak (euskaraz "lur azpiko komikiak) edo Komix, jatorriz, Ameriketako Estatu Batuetan XX. mendeko 60. hamarkadan argitaletxe handietatik kanpo egiten hasi ziren komikien argitalpenak ziren.[1] Garai hartan komikien mundura benetako aldaketa ekarri zuten: estetika ez zen betikoa, probokatzaileak ziren eta gizartearekiko begirada oso kritikoa eskaintzen zuten. Kontzeptua beste herrialdetara eta hizkuntzera eraman zenean ezaugarri horiei eta garaiko kontrakulturari lotuta gelditu zen. Horregatik, denboraren poderioz, underground kontzeptu hori banaketa edo zirkuito komertzial arruntak erabiltzen zituzten komikiekin erabili izan da ere bai, batez ere elementu estetikoei eta ideologikoei kaso egiten.
Underground komiki klasikoa Ameriketako Estatu Batuetako hirurogei hamarkado bukaeran hango gizartea astindu zuen beste fenomenoa izan zen. Ikasleen protestekin, gizaeskubide zibilen aldeko borrokekin, Vietnamgo gerraren aurkako borrokarekin, aluzinogenoen erabilerarekin batera, komiki hauek mugimendu haren beste ezaugarri bat izan zen. Zap Comix aldizkariak lehen komiki-liburua plazaratu zuen; lana Robert Crumbena izan zen eta San Frantziskon agertu zen, 1968an. Zap publikazio hauen artean benetako erreferentzia izan zen eta "Comix" hitza zabaltzean eragin handia izan zuen.[2]
Robert Crumben izenarekin batera laster ezagunak egin ziren beste asko: S. Clay Wilson, Richard Corben, Rick Griffin, Víctor Moscoso, Gilbert Shelton, Dave Sheridan, "Spain" Rodríguez, Frank Stack, Art Spiegelman eta Skip Williamson.
Hasiera batean gizarte tradizionalak artista hauen lanak oso gaizki hartu zituen. Muturreko kasu batzutan ere debekatuak izan ziren. Baina denborarekin onartuak izan ziren eta poliki-poliki enpresa tradizionaletan kokatu ziren ere bai. Ondorioz, beraien eduki probokatzailea ahuldu zen eta, besterik gabe, beste motatako komikiak bihurtu ziren. Hala ere, komikien mundura aldaketa handiak ekarri zituen underground komikiak: gaiak zabaldu baitziren, hizkuntza aldatu zuen, marrazkietan gehiegizko formalismoarekin puskatu zen, psikodeliaren eragina handitu zuten...
(Ingelesez):Underground argitalpenak Comiclopedia webgunean.