VoLTE (Voice over LTE, ahotsa LTE bidez) teknologiak ahotsa eta datuak 4G LTE sareetan bidaltzeko estandar eta prozedurak zehazten ditu. Orain arte (1G, 2G eta 3G) definiturik zegoen zirkuitu kommutazioa alde batera uzten du eta IP protokoloaren pakete kommutazioarekin lanean hasten da sistema, datu fluxuak transmitituz.
VoLTE teknologia NGN (Next Generation Network) sareetan aplikatzen da. Bertan, multimedia zerbitzuak eta telefonia IP gainean eskaintzen dira aldi berean, eta horretako, IMS (IP Multimedia Subsystem) arauak aplikatzen dira. Hauetan definitzen da trafiko anitz hori sailkatu eta bideratzeko arau multzoa. 3GPP sare hauetan, SIP (Session Initiation Protocol) seinaleztapen-protokoloa erabiltzen da, IMS arkitekturan baitago inplementaturik.
LTEk onura handiak eskaintzen ditu sistema osoan, baita ahots transmisioan ere. 3Gk (UMTS) baino 3 aldiz banda zabalera handiagoa eskaintzen du eta 2Gk (GSM) baino sei aldiz gehiago. Banda zabaleraren areagotzeko honek bi aukera ematen dizkie operadoreei, erabiltzaileen onuran: deien kalitatearen hobekuntza, banda zabalera handiagoa denez kalitatea hobetzeko aukera dago ahotsa argiago entzun dadin. Dei gehiago kudeatzeko aukera antena zelda bakoitzean, jende pilaketa dagoen tokietan zerbitzu zabalago bat eskaintzeko aukerarekin.
2012. urtean merkaturatu zen lehenengo VoLTE zerbitzua Dallasen (Texas, AEB) lehenengo VoLTE mugikorrarekin batera, LG Connect 4G. 2014. urtean egin zuten bigarren merkaturatzea Singapurren, Galaxy Note 3 mugikorrarekin bakarrik bateragarria zena eta ondoren terminal gehiago gehitu zitzaizkiona.[1]
Gaur egun, salgai dauden terminal ia guztiek dute VoLTE zerbitzuarekin bateragarritasuna.
Espainia mailan, VoLTE teknologia martxan jarri zuen lehenengo konpainia Vodafone izan zen 2015. urteko uztailean[2]. Hasieran proba moduan, eta ondoren eskaera egiten zuten bezeroentzat aktibatzen zuten.
2016ko azaroan, Orange konpainiak aktibatu zuen zerbitzua[3] eta, azkenik, 2019ko azaroan, Movistar konpainia gehitu zen zerrendara[4]. Gainontzeko konpainia eta OMVek ez dute zerbitzua inplementatu eta ez dirudi egiteko asmorik dutenik.
VoLTEren presentzia nagusitu dadin 2G eta 3G dei sareak itzaltzen hastea beharrezkoa da, eta hori gertatzen hasten denean, orduan egingo dute bateragarri telefonia konpainiek. 3G seinaleen itzaltzearekin hasi dira jada konpainia batzuk, 4G eta pixkanaka 5Gra aldatuz. Hala ere, 2G denbora luzez mantenduko da, M2Mrako erabiltzen baita sarea.[5]
Esan ohi da operadore ezberdinen artean VoLTE dei batek funtzionatzea ez dela lan erraza, baina hau ez da egia.
VoLTE dei bat aurrera eramateko, IMS zerbitzarian VoLTEren flag-a aktibaturik egon behar du eta informazio horrek antenan adierazirik egon behar du. Noski, bezeroaren linearen konfigurazioan ere aukera honek gaiturik egon behar du. Erabiltzaileak VoLTE bidezko deia egiteko aukera izango du beti ere bere terminala bateragarria baldin bada.
Orain, deiaren hartzailearen egiaztapena egingo da. Hartzailearen lineak VoLTE aktibaturik badu eta honen IMS zerbitzarian flag-a aktibaturik badago, deia VoLTE bidez gauzatuko da, gutxienez igorlearen aldean.
Hartzaileak 4G konexiorik ez baldin badu ere, deia igorlearen aldean VoLTE bidez gauzatuko da eta hartzaileak, prest duen konexio eran. Ikusten denez, VoLTE dei bat ezartzeko ezaugarrien artean ez dago hartzailearen konexioaren egoera (agian 2G edo 3G) baizik eta igorle/hartzaile lineen eta sarearen konfigurazioan dago gakoa.
Operadore bakoitzak kodetzaile ezberdina erabiltzen du ahotsa kodetzeko. 3GPP taldeak (3rd Generation Partnership Project) zehazten du AMR-NB (Adaptive Multi Rate - Narrow Band) kodetzaile erabiltzea gutxienez, gainontzeko sare eta estandarrekiko bateragarritasuna dela eta. Honek 200–3400 Hz arteko frekuentziak kodetzen ditu, kalitate estandarra eskainiz.
Horrez gain, kalitatea hobetzeko helburuarekin, AMR-WB (WideBand) erabiltzea gomendatzen dute, HD Voice bezala ezagutzen dena. 50 Hz to 7 kHz arteko frekuentziak kodetzen ditu, kalitate hobea eskainiz. Dinamikotasun handia ematen dio sareari, honen kargaren arabera kalitate ezberdinetan kodetuz.
Kalitate maximoa lortzeko helburuarekin, AAC-ELD (Advanced Audio Coding - Enhanced Low Delay) kodeka proposatzen da, Full HD Voice bezala ezagutzen dena. 20 Hz to 20 kHz arteko frekuentziak jasotzen ditu, egokia ahotsa tratamendu filtroetatik pasatzeko.
VoIP teknologia IP protokoloaren bidez aplikazioen arteko deiak egitean datza, gainontzeko aplikazioek erabiltzen duten sare beraren bitartez, hau da, Best Effort aplikatuz. Ez da ziurtatzen paketeak iritsiko direnik, ezta hauen artean egongo den latentzia finkorik ere, hau da, Interneten filosofia jarraitzen dute; ahalik eta zerbitzu hoberena ematen saiatuko dira ISPak, baina ezer bermatu gabe.
VoLTE teknologiak ere IP protokoloa erabiltzen du terminalen arteko deiak gauzatzeko, baina QoS aplikatuz. Hor dago ezberdintasuna bien artean, operadoreek pakete kopuru jakin baten transmisioa denbora jakin batean bermatzen dute, denbora errealeko aplikazioetarako (deiak) oso interesgarria dena. VoLTEren goiburukoak txikiagoak dira VoIPen erabiltzen direnak baino, sarbide sarea eraginkorragoa da… Gainera, antena berara erabiltzaile asko konektaturik daudenean, VoLTE deiak lehentasuna dauka datuekiko. SIP over IMSek 0 mailako lehentasuna (hau da, lehentasun handiena) emango dio ahotsari, beraz, ahots pakete bat iristen denean kapsulatu egingo du eta gainontzeko ilaran utziko ditu. Hemen dago QoSren gako nagusietakoa, zerbitzu hobea ziurtatuz.[6]
Azkenik VoWIFI dago. Ez du erlazio zuzenik VoLTErekin, baina biak deiak egiteko balio dute. VoWIFIri esker estaldurarik ez dagoen tokietan (sakonak edota pareta lodiko eraikinetan, adibidez) WiFi bidez deiak egitea baimentzen dute. VoLTEren ordezko bat dela esan daiteke, honen teknologia iristen ez den tokietara besteak estaltzen duelako.[7]