Soldatak Etxeko Lanen Truke Mugimendua (The International Wages for Housework Campaign, IWFHC) bai etxean, eta baita etxetik kanpo ere, zaintza-lan guztiak egiteagatik soldata eta aitorpena lortzearen alde kanpaina egiten duten emakumeen sarea da. Kanpaina Selma James-ek[1] hasi zuen 1972an, Manchesterren, Ingalaterran, hirugarren Emakumeen Askapenerako Konferentzia Nazionalean etxeko langileentzako soldaten aldeko eskaera aurkeztu zuenean. IWFHCk abiapuntutzat hartzen ditu nazioartean botere gutxien dituzten horiek, adibidez: soldatarik gabeko etxeko langileak (amak, etxekoandreak, soldata ukatu zaien etxeko langileak), eta soldatarik gabeko iraupeneko nekazariak eta landa - zein komunitate - laborariak. Ordaindu gabeko zaintza-lanentzako soldatak eskatzen dituzenentzat, beren aldarriak halaber esan nahi du gizartea behetik gora antolatu nahi izatea, sektore autonomoen arteko elkarlana bultzatzea helburu, beren arteko botere-harremanak sortu beharrean.
Soldatak Etxeko Lanentzat Women, the Unions and Work or What Is Not to Be Done[2] lanean aurkeztutako sei eskarietako bat da. Lan hori Jamesek aurkeztu zuen hirugarren Emakumeen Askapenerako Konferentzia Nazionalean (National Women’s Liberation Conference). Jamesek Mariarosa Dalla Costa-rekin batera idatzi zuen The Power of Women and the Subversion of the Community[3], «etxeko lanen debatea» hasi baitzuen eta emakume mugimenduan klasiko bat bilakatu baitzen; Women, the Unions and Work argitaratu eta gutxira argitaratu zen. Power of Women liburuaren lehen edizioak ez zuen etxeko langileentzako soldaten inguruan hitz egin, baina bai hirugarren edizioak, 1975ean.
Manchesterreko konferentziaren ondoren, Jamesek beste hiruzpalau emakumerekin Power of Women Collective ekimena sortu zuen Londresen eta Bristolen, etxeko langileentzako soldaten aldeko kanpaina egiteko. Soldatak Etxeko Lanentzat Kanpaina (Wages for Housework Campaign) izenarekin berreraiki zen 1975ean, eta Londres, Bristol, Cambridge eta ondoren Manchesterren kokatu zen. [4]
1974an, Soldatak Etxeko Lanentzat Kanpaina Italian hasi zen. Talde askok beren buruari Salario al Lavoro Domestico (Soldatak Etxeko Lanentzat) deitu zioten, eta Italiako hainbat hiritan hasi ziren. Ospatzeko, sortzaileetako batek, Mariarosa Dalla Costak, «Greba Orokorra» izeneko hitzaldia eman zuen Mestren, Italian. Hitzaldian dio aurretik egin ziren grebak ez zirela orokorrak izan, gizonezko langile gutxi batzuenak baizik. Paduan, Italian, Mariarosa Dalla Costa eta Silvia Federici-k sortutako taldeak, Lotta Feminista-k, Soldatak Etxeko Lanentzat ekimena hartu zuen antolakuntza-eredu gisa.[5][6][7]
1974 eta 1976 artean, hiru antolakuntza autonomo sortu ziren Soldatak Etxeko Lanentzat Kanpainaren barruan Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Kanadan: Lesbianentzako Soldatak (Wages Due Lesbians ingelesez, orain Queer Strike), Prostituten Kolektibo Ingelesa (English Collective of Prostitutes) eta Emakume Beltzak Etxeko Langileentzako Soldaten Alde (Black Women for Wages for Housework), Margaret Prescod-ek elkarlanean fundatua (orain Women of Colour in the Global Women's Strike).[8][9][10][11] Azken talde horrek emakume beltzengan eta hirugarren munduko emakumeengan jarri zuen arreta; era berean, «esklabotzagatik, inperialismoagatik eta neo-kolonialismoarengatik» kalte-ordainak eskatu zituzten.[9] Lesbianentzako Soldatak taldeak etxeko langileentzako soldatez gain, lesbianentzako soldatak ere eskatzen zituen honako hau aldarrikatzeko: «kanpoan uzten zituen eta aurreiritziz beteta zegoen gizartean bizirauteko etxeko lan fisiko eta emozional gehigarria egin beharra lantzat aitortu eta ordaintzea, eta, hala, emakume guztiek botere ekonomikoa izan zezaten, hautu sexuala egin ahal izateko». Lesbianentzako Soldatak taldeak 1974an Seattlen sortutako Ama Lesbianen Defentsa Nazionalerako Funtsa (The Lesbian Mothers’ National Defense Fund) elkartearekin lan egin zuen. Bi elkarteen helburua zen lesbianak zirela esan ostean zaintza lortzeko arazoak zituzten emakumeei laguntzea.[12][13] 1984an WinVisible (desgaitasun ikusgarri eta ikusezinak dituzten emakumeak) sortu zen Erresuma Batuan, IWFHCren barruko erakunde autonomo gisa.[14][15]
1975ean, Silvia Federicik New Yorkeko Etxeko Langileentzako Soldaten Batzordea (Wages for housework Committee) izeneko talde bat sortu zuen, eta bulego bat ireki zuen Brooklynen, New Yorken, 8. kaleko 288 B hizkian. New Yorkeko Etxeko Langileentzako Soldaten Batzordearen aldeko panfletoak banatu zituzten, emakume orori haiengana batzeko eskatzen zietenak, haien egoera zibila, orientazio sexuala, haur-kopurua edo lanbidea gorabehera. 1975ean, Federicik Soldatak etxeko lanen aurka argitaratu zuen (ingelesez, Wages Against Housework).[16][17]
Etxeko Langileentzako Soldatak taldearen ikuspuntuarekin bat zetozen gizonek beren erakunde propioa sortu zuten 70eko hamarkada erdialdean. Ordainketa-eguneko gizonen sarea (Payday men's network) du izena, eta gertutik aritu da lanean IWFHCrekin eta bereziki Londresko eta Filadelfiako Emakumeen Nazioarteko Grebarekin; gainera, aktiboa da hainbat herrialdetan kontzientzia-eragozle eta disidenterekin. 1977an, New Yorken Emakume Beltzak Etxeko Langileentzako Soldaten Alde taldea sortu eta bi urtera, banaketa bat gertatu zen. Silvia Federicik New Yorken sortu zuen Etxeko Langileentzako Soldatak erakundeko kide guztiak zuriak ziren; uko egin zioten emakume beltzen taldearekin lan egiteari eta banaketa gertatu zen. Italiako Paduako taldeak, Federicirekin harreman estua zuen Dalla Costa baitzuen buru, IWFCHtik alde egin zuen, eta, handik gutxira, desegin egin zen. Dalla Costak 70eko hamarkadako Italiako errepresio politikoari leporatzen dio Italiako Etxeko Langileentzako Soldatak taldeak desegin izana. Arrazoia dena dela ere, errealitatea da 70eko hamarkadaren amaiera aldera hasi zirela Italiako Etxeko Langileentzako Soldaten kanpainak urritzen.
Emakume Beltzak Etxeko Langileentzako Soldaten Alde erakundeak martxan jarraitu zuen New Yorken eta Londresen (1976an Bristolen ere hasi zen talde bat, eta ondoren adar batzuk sortu ziren Los Angelesen eta San Frantziskon). Izugarrizko arrakasta izan zuen legez baimendutako lehen emakumeen konferentzian Houstonen, Texasen, 1977an. Beulah Sanders-ekin eta Johnnie Tillmon-ekin aritu ziren elkarlanean, Ongizate Eskubideentzako Erakunde Nazionala (National Welfare Rights Organization) gidatzen zuten bi emakume beltzekin, eta lortu zuten konferentziak onartzea «soldata» deitzea «ongizate ordainketei». Diotenez, horrek lagundu zuen ongizate ordainketak 20 urtera arteko adin-mugara atzeratzea.
IWFCHk hasieratik izan zuen ikuspuntu antimilitarista eta antibelikoa, eta funtsei eskatu zieten aurrekontu militarrak erabiltzeko ordaindu gabeko zaintza-lanak ordaintzeko. Ingalaterran, erakundea beste mugimendu batzuen parte ere izan zen: emakumeen Greenham Commoneko arma nuklearren aurkako mugimenduaren parte eta Hinkleyko erreaktore nuklear berri bat eraikitzearen aurkako mugmenduaren parte (Refusing Nuclear Housework liburuaren argitalpena).
Estatu Batuetako PROStitutak Kolektiboa (US PROS) New Yorken sortu zen 1982an, eta San Frantziskora eta Los Angelesera hedatu zen ondoren.[18] Lan sexuala kriminalizatzeari uzteko eta baliabideak izateko egiten zuten kanpaina, emakume, haur eta gizonak prostituziora jotzera behartuta egon ez zitezen. Ruth Todasco-k, Tulsan Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpaina hasi zuen emakumeak, Emakume Txarrik Ez, Lege Txarrak Soilik Koalizioa (No Bad Women, Just Bad Laws Coalition) sortu zuen gero, lan sexuala kriminalizatzeari uztea helburu zuen elkartea.
80ko eta 90eko urteetan, IWFHCk, munduko hegoaldeko zein iparraldeko zenbait herrialderen izenean, ordaindu gabeko lana salatu zuen Emakumeei buruzko Nazio Batuen Konferentzietan. Ahaleginak arrakastatsuak izan ziren, NBEaren ebazpen bide-urratzaile bat lortu baitzuten, zeinak aitortzen zuen emakumeek etxean, landan eta komunitatean ordaindu gabeko zaintza-lana egiten zutela. Horretaz gain, diru-sarrera txikiko komunitateek zein komunitate arrazializatuek pairatzen zituzten ingurumen-arrazakeria azpimarratu zuten; eta horrela, munduko hegoaldean eta iparraldean militarrek eta multinazionalek eragindako kutsadurari eta suntsipenari aurre egiteko mugimenduak zuzentzen zituzten emakumeak biltzea ere lortu zuten.
IWFHCk 1999an mundu-mailako emakumeen grebara deitu zuen, emakume irlandarrek greba nazionala egiteko babesa eskatu baitzieten, horrela, milurteko lehenengo Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. IWFHC, 2000ko martxoaren 8tik, entzutetsuagoa bihurtu da Emakumeen Mundu Greba (Global Women's Strike, GWS) izenpean; Londresen (Ingalaterra) dagoen Crossroads Women’s Centre etxeak koordinatzen du. GWSren koordinazioak Indian, Irlandan, Perun, Thailandian, Trinidaden eta Tobagon ere egiten dira; era berean, gertuko lankidetza lanetan dabil beste hainbat herrialderekin, Haitirekin, adibidez.
Silvia Federicik, hasierako kanpainaren beste zenbait kideren moduan, Etxeko Langileentzako Soldaten taldeak dituen eskaerak jorratzen dituzten liburuak eta artikuluak argitaratzen jarraitu du.
Etxeko Langileentzako Soldaten kanpainak Emakumeen Mundu Grebarako deialdia egin zuen 2000ko martxoaren 8an; eskaeretako bat, besteak beste, hau izan zen: «soldataren, pentsioaren, lurraren eta beste baliabide batzuen bidez zaintza-lan oro ordaintzea».[19] Protestan 60 herrialde baino gehiagotako emakumeek parte hartu zuten.[20] GWSren sareak, 2000. urtetik aurrera emakumeen eta zaintzaileen bizi-soldata aldarrikatzen jarraitzeaz gain, kanpainak bideratu edota beste kanpainekin bat egin du auzi ugari lantzeko: soldata-berdintasuna, emakumeen aurkako indarkeria, sexu-langileen eskubideak, etab.
Emakumeen Mundu Greba sareak eta Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpainak 2019an Europarentzako Akordio Berde Berria (Green New Deal for Europe, GNDE)[21] egitasmoaren aldeko elkarte-koalizioarekin bat egin zuten.
Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpainiako fundatzaileetako bat izan zen Selma Jamesek, beste GWSko kide batzuekin batera, GNDE plataformaren txostenean lagundu zuen; izan ere, txosten horrek gomendio politiko gisa proposatzen du «zaintza-irabaziak finantzatzea, ordaindu gabeko jarduerak konpentsatzeko, izan pertsona-, hiri-, zein natura-zaintza».[22] Txosten horretan, «etxeko langileentzako soldatak» terminoa ordezkatu egin zuten «zaintzagatiko irabazia» terminoa erabilita, azken hori zabalagoa baitzen; termino horrek bere baitan hartzen omen ditu ezinbestekoak diren eta ordaintzen ez diren edo gutxi ordaintzen diren zaintza-lanak, pertsona-zaintza, planeta-zaintza edo bizi-zaintza, esaterako. 2020ko apirilaren 9an COVID-19ak eragindako pandemia-egoeraren eta larrialdi-klimatikoaren ondorioz, Emakumeen Mundu Greba eta GWSko Emakume Arrazializatuak (Women of Colour) sareek gobernuei zuzendutako gutun ireki bat argitaratu zuten, «zaintzagatiko irabazi» deialdia hedatzeko.[23]
2020ko abenduan, Nadia Oleszczuk-ek, 2020ko urria eta azaroa bitartean egon ziren poloniar protestaldietan osatu zen Aholkularitza Batzordeko kideak, adierazi zuen bazitekeela Batzordeak bere lege-eskaeren artean etxeko langileentzako soldata ere barne hartzea.[24]
IWFHCk eta Emakumeen Mundu Grebak 1974an osatutako erakunde autonomoen eta haien kanpainen emaitza kolektibo gisa aurkezten dituzte euren buruak. Kanpaina horien helburuen artean honako hauek daude: pobreziarekin, gizarte-laguntzen murrizketekin, atxiloketekin eta deportazioekin amaitzea; amentzako eta beste zaintzaile batzuentzako gutxieneko soldatak aldarrikatzea; etxeko langileen eskubideak defendatzea; bidezko soldatak; bortxaketa zein etxeko indarkeriaren biktima izan direnentzat justizia eskatzea; arrazakeriari, ezgaitasuna duten pertsonenganako arrazakeriari, queer pertsonenganako bereizkeriari eta transfobiari aurre egitea; sexu-lana despenalizatzea; estatuak umeak amengandik bereizi ez ditzan lortzea; apartheidari, gerrari, genozidioari, okupazio militarrari eta lurzoru korporatiboen metatzeari aurre egitea; giza-eskubideen defendatzaileak eta refusenikak edo judu sobietarrak babestea; eta heriotza zigorrarekin eta konfinamendu bakartuarekin amaitzea. Horiek guztiak justizia eta biziraupen klimatikoaren aurka ari dira borrokan. Antiarrazismoaz eta antidiskriminazioaz gain, emakumeek elkarrekin eurentzat eta besteentzat egiten duten justizia-lana deskribatzea da haien kanpainaren erdigunea. [erreferentzia behar]
Kritikariek argudiatzen dute etxeko langileentzako soldatak emateak aurrerago genero rol zehatzak sendotu eta instituzionalizatuko lituzkeela, etxeko lanei eta are gehiago zaintza lanei dagokienez. Etxeko langileentzako soldatak ordaindu beharrean, eztabaidatzen dute helburuak behar lukeela soldata horiengandik eta iraingarri eta menpekoa den «etxekoandre» roletik askatzea. Kritikariek gaineratzen dutenez, feministen helburua izan beharko litzateke emakumeen soldatapeko lan-aukerak areagotzea, soldata-berdintasuna aldarrikatzea eta ordaindu gabeko etxeko lanen banaketa bidezkoago bat bultzatzea. Etxeko langileentzako soldaten defendatzaileek aukera- eta soldata-berdintasuna ere babesten dituzte. Hala ere, eztabaidatzen dute lan-merkatuan sartzeak ez duela esan nahi emakumeek etxean duten rola aldatzen denik, ez ordaindu gabeko zaintza-lanen banaketa bidezkoago bat eragiten. Izan ere, gehienetan, ordaindutako lanetan hasi diren emakumeek «lanaldi bikoitza» egin behar izaten dute: lehenengoa, lan-merkatuan ordaindutako lanean, eta, bigarrena, ordaindu gabeko etxeko lanean. [9] Kalkulu global baten arabera, emakumeek eguneko lau ordu eta erdi ematen dituzte ordaindu gabeko lanetan. Hori gizonek batez beste egiten dutenaren bikoitza da. [25]
Beste kritikari batzuk kezkatuta daude, etxeko langileentzako soldatak emateak gizakion maitasun- eta zaintza-harreman intimoak merkantilizatuko lituzkeela eta horiek harreman kapitalistetan subsumituko lituzkeela. Hala ere, etxeko langileentzako soldaten defendatzaileek proposamen horren «ikuspegi murriztaileari» kontra egiten diote. Esaterako, Silvia Federiciren esanetan, etxeko langileentzako soldaten eskaria ez da bakarrik ordaindu gabeko lanen ordainsariari edo emakumeen finantza-ahalduntze eta burujabetasunari buruzkoa. Aitzitik, perspektiba politiko bat eta estrategia iraultzaile bat ere bada, itzalpean dauden lanak ikusgai egiteko, (gehienetan) emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko lan horietan kapitalismoak duen egiturazko dependentzia desmitifikatzeko eta eteteko, eta kapitalak emakumeentzako asmatu duen «etxekoandrearen» ustezko rol sozial eta naturala iraultzeko. [9]
Etxeko langileentzako soldatak ordaintzeko kapitala ere beharko litzateke, gaur egun hein handi batean emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko zaintza-lanen kopuru handiak ordaintzeko. Oxfam-en txosten baten eta Emakumeen Politika Ikerketarako Institutuaren (Institute for Women's Policy Research) arabera, ordaindu gabeko zaintza-lanen diru-balioa urteko ia 11 bilioi dolarrekoa dela kalkulatzen da. [26][27] Horrek esan nahi du ekonomia kapitalistak ikaragarrizko dirulaguntza eman beharko lukeela, eta hori ordaintzeak gaur egungo sistema ez errentagarri bihurtuko luke, eta harreman sozialak ere irauliko lirateke.
Horrelako diru-aurreikuspenak ordaindu gabeko lanaren eskala frogatzeko erabiltzen dira, ordaindutako lan ikusgarriagoaren aldean. Hala ere, etxeko langileentzako soldaten defendatzaileek ez dute ordaindu gabeko zaintza-lanen merkantilizazioaren eta komertzializazioaren alde egiten. Horren ordez, egitasmo horietarako finantzaketa publikoa sustatu dute, gizartearentzat eta ekonomiarentzat ezinbestekoak diren zaintza-lanei balioa eman eta aitortzeko. Feminista aditu batzuek komunen politikan oinarritutako zaintza eta prestaketa basikoen sistema bat eskatu dute, merkatu eta estatutik kanpo funtzionatzen duena, dagoeneko existitzen diren komunen politiken babeserako, bereziki munduko hegoaldeko komunitateetan. [28]
Zenbait feminista aitzindarik emakumeen independentzia ekonomikoaren eta emakumeen etxekoandre rolaren arteko harremana landu zuten. 1898an Charlotte Perkins Gilman-ek Emakumeak eta Ekonomia (Women and Economics) argitaratu zuen. Liburuak etxeko lan ordainduen alde egin zuen IWFHC hasi baino 74 urte lehenago, eta emakumeek etxean duten definizioa zabaltzea argudiatu zuen.[29] Gilmanek baieztatzen duenez, «emazteek, etxeko zerbitzuen langile direnez, sukaldarien, etxeko langileen, umezainen, jostunen edo giltzazainen soldatak jasotzeko eskubidea dute» eta emakumeak independentzia ekonomikoz hornitzea haien askapenaren gakoa da. Alva Myrdal feminista suediarrak estatuak babestutako ume- eta etxe- zaintza aldarrikatu zituen, amen lan-zama arintzea helburu.[9] Simone de Beauvoir-en Bigarren Sexua (Le Deuxième Sexe) liburuan, de Beauvoirrek baieztatzen du emakumeek ezin dutela transzendentziarik aurkitu ordaindu gabeko lanetan.[9] Ideia hori Betty Friedan-en Feminitatearen Mistika (The Feminine Mystique) liburuan islatzen da, azaltzen baitu emakumeak ezin senti daitezkeela asebete etxean. Feminitatearen Mistika liburuak bigarren olatuko feministen helburu asko finkatu zituen, eta ukaezina da Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpainaren eta Friedanen lanaren arteko lotura.[9]
1965ean Alison Ravetz-ek Teknologia Modernoa eta Antzinako Lanbide bat: Etxeko Lanak Gaur Egungo Gizartean (Modern Technology and an Ancient Occupation: Housework in Present-Day Society)[30] argitaratu zuen. Bertan, industria-iraultza eta gero etxeko lanak emakumeen eginkizuna izatea kritikatzen du. Ideia hau da: etxeko lanek gero eta lan gutxiago ematen dutenez, lehen baino are gutxiago asebetetzen dute. Horrek Alva Myrdalek erabilitako argudioaren antza du.
Agian gaur egungo Etxeko Langileentzako Soldaten Kanpainiaren influentzia garrantzitsuena Eleanor Rathbone-n lana izan zen. Rathbone parlamentuko kide feminista independenteak[31] urteak eman zituen amek, umeak hazteaz eta hezteaz arduratzeagatik, irabazi independenteak jaso zitzaten kanpaina egiten.[32] Rathbonek hori funtsezkoa ikusi zuen amen eta umeen pobreziarekin eta gizonezkoen soldatekiko duten dependentziarekin amaitzeko. Bere iritzia 1924ko Desjabetutako Familia (The Disinherited Family) argitalpenean aurkeztu zuen (1986an berriro argitaratu zuen Falling Wall Pressek). Parlamentuan bertan eta kanpoan 25 urtean zehar egindako kanpainari esker Erresuma Batuko ama guztientzat familia-dirulaguntza lortu zuen, eta 1945eko ongizate-estatuko lehenengo neurria izan zen.