Washi (和紙) edo japoniar papera Japonian eskuz egiten den paper tradizionala da, bertako landareen zuntz naturalak erabiliz, hala nola Edgeworthia chrysantha edo Broussonetia papyrifera.
Oro har, zur-orearekin egindako papera baino sendoagoa da, eta bizitza erabilgarri luzea izaten du. Hainbat arte tradizionaletan erabiltzen da, hala nola origami, shodō eta ukiyo-e arteetan. Eguneroko bizitzako hainbat produktu egiteko ere erabili izan da: arropa, argiontziak, jostailuak eta abar.
Japoniako eskulantzat, UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatu zuen 2014an.
Erabilitako zuntz ezagunenak Kozo, Ganpi eta Mitsumata landareenak dira[1]. Horietako bakoitzak ezaugarri bereziak ematen dizkio paperari:
Washi papera, ohiko paperaren antzera ekoizten da, baina eskuzko metodoetan oinarrituz. Prozesu luze eta konplexua da, neguko hotzetan hasi ohi dena, ur hotz eta garbia ezinbestekoa baita washi egiteko. Hotzak bakterioak inhibitzen ditu, zuntzen deskonposizioa eragotziz. Gainera, hotzak zuntzak uzkurtzen ditu, eta horrek ukitu kurruskatsua ematen dio paperari. Nekazarien neguko lana izan ohi zen, diru sarrera osagarria.
Paper-masustondoa zuntzik erabiliena da paper japoniarra egiteko. Masustondo-adarrak egosi eta azala erauzi ondoren, lehortzen uzten dira. Ondoren, zuntzak lixibarekin egosten dira, almidoia, koipea eta taninoa kentzeko, eta ondoren ur lasterrean jartzen dira geratu den lixiba garbitzeko. Ondoren, zuntzak zuritu egiten dira (produktu kimikoekin edo modu naturalean, erreka baten eremu babestu batean jarriz) eta bertan geratzen den edozein zikinkeria eskuz kentzen da. Emaitza harri edo ohol gainean ezarri eta kolpatu egiten da.
Horrela lortutako ore bola hezeak upel batean nahasten dira urarekin eta lagungarri batekin, zuntz luzeak uniformeki zabaltzen laguntzeko. Lagungarri hau Neri izan ohi da, tororo aoi (Abelmoschus manihot) landarearen sustraietatik ekoitzitako gai muzilaginotsua, edo PEO, polietileno oxidoa. Papera egiteko bi metodo tradizionaletatik bat erabiltzen da: nagashi-zuki edo tame-zuki. Bi metodoetan, orea bahe batera eramaten da eta eragin egiten da zuntzak uniformeki zabaltzeko. Nagashi-zuki metodoak (neria erabiltzen duenak) paper meheagoa eratzen du eta tame-zuki metodoak (neria erabiltzen ez duena), berriz, paper lodiagoa.