Wieluńgo bonbardaketa | |
---|---|
Mota | aire-eraso |
Honen parte da | Poloniaren inbasioa |
Data | 1939ko irailaren 1a |
Kokaleku | Wielun |
Wieluńgo bonbardaketa Bigarren Mundu Gerrako eta Poloniaren 1939ko alemaniar inbasioko lehen ekintza larritzat jotzen dute ikerlari askok. Bigarren Mundu Gerran Alemaniak egin zuen lehen gerra krimena gisa azaldu izan da bonbardaketa hau.[1]
Luftwaffeko Junkers Ju 87 hegazkinak irailaren 1eko goizaldean Poloniako aireko espaziora joan ondoren, 04:40 – 45ean iritsi ziren Wieluńgo hirira. Ordu horren inguruan, lehen aire-erasoak egin ziren hirian; 9 orduz jarraian guztira 46.000 kg bonba jaurti ziren helburu zibilen gainean. Aldi berean, Westerplatteko gudua eta Danzigeko Poloniako Posta Bulegoaren defentsa, gutxi gorabehera, aldi berean hasi ziren (04:45 h); horrek erakusten du Poloniaren inbasioa oso koordinatuta zegoela.
Alemaniako mugatik hurbil, Wieluń hiria erabat babesgabe zegoen, ez zuen airekoen kontrako ahalmenik, ezta armadaren goarniziorik ere. Wieluńek helburu militarrik ez zuen arren, aire erasoek jarraitu egin zuten. Alemaniako inteligentzia txostenen arabera, Poloniako Bigarren Errepublikako brigada bat zegoen hirian. Luftwaffek inguruko hiriak bonbardatu zituen baita ere, hala nola Działoszyn, Radomsko eta Sulejów, nahiz eta helburu militarrik ez izan.[2]
Txostenen arabera, Luftwaffek "argi eta garbi seinaleztatutako" ospitale bat bonbardatu zuen, eta ihesi zihoazen zibilak metrailatu zituzten. Ondoren, 127 biktima zibilen berri eman zen, "ehunka batzuk" beharbada, baina kopuru zehatza ezezaguna da. Hiriaren % 70 (hiriaren erdialdearen % 90) erabat suntsituta geratu zen.[3]