Wolbachia | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Pseudomonadota |
Klasea | Alphaproteobacteria |
Ordena | Rickettsiales |
Familia | Anaplasmataceae |
Generoa | Wolbachia [[|]] |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Wolbachia generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, zelula barneko parasito hertsiak direnak. Intsektu eta beste artropodo batzuk infektatzen ditu, eta baita hainbat nematodo ere. Hainbat ikerketak intsektu guztien %25-%70aren artean bakterio honekin infektatuta egon litezkeela planteatzen dute [1]. Naturan oso hedatuta dagoen bakterio parasitoa da, beraz.
1924an bakterio hau lehenbizikoz identifikatu zuten S. Wolbach eta M. Hertig mikrobiologek eltxo baten gonadetan.
Zelula barneko parasito hertsia izanik, zaila da laborategian Wolbachia kultibatzea [2]
Intsektu eta artropodoen gonadak (obarioak eta barrabilak) infektatzen ditu Wolbachiak. Emeen kasuan, bakterio parasitoak obuluak infektatzen ditu, eta modu horretan bakterioaren transmisio bertikala gauzatzen da: Wolbachiak intsektu amarengandik ondorengo guztiengana pasatuko du.
Bakterioaren transmisioan, horrenbestez, emeek funtsezko zeregina burutzen dute. Ez da gauza bera gertatzen arrekin, inongo zerikusirik ez dutenak prozesu horretan (emeak estali izan ezik). Wolbachiak estrategia bereziak garatu ditu bere transmisioa ziurtatzeko: esaterako, eltxo ar infektatuek eme ez-infektatuak estaltzen badituzte ez da ondorengorik sortuko; baina ar infektatuek edo ez-infektatuek eme infektatuak estaltzen dituztenean ondorengoak agertuko dira inongo arazorik gabe [3]
Intsektu batzuetan egiaztatu da Wolbachiak partenogenesia eragiten duela eta baita arren feminizazioa ere (sexu-aldaketa, arrak emeak bihurtzen baitira) [4]. Bi prozesu hauen bitartez bakterioak bere biziraupena bermatzen du.
Gaixotasun infekzioso batzuen prebentzioan Wolbachia aliatu interesgarria izan liteke.
Esaterako, Wolbachiak filaria batzuk infektatzen ditu, gaitz larriak sortzen dituzten filariak (filariasiak). Nematodoen infekzioa ez da parasitarioa, sinbiotikoa baizik: bakterioak bitamina eta beste substantzia batzuk ematen dizkio harrari. Horregatik, Wolbachia gabe nematodoak ezin du bizi [5]. Menpekotasun hori kontuan hartuta, filariasien prebentzioan eta terapian Wolbachia hiltzen duten botikak erabiltzen dira. Horrek nematodoen desagerpena dakar eta baita filariasiaren hobekuntza, gaitz horietan agertzen den erantzun immunitario bortitza, antza, Wolbachiak eragiten duelako [6]
Filariasia ez ezik, dengea eta malaria prebenitzeko ere Wolbachiak laguntza handia ematen du. Gauza jakina da Aedes aegypti eltxoak ezin duela dengea transmititu Wolbachiaz infektatuta baldin badago. Horren zergatia ezezaguna da oraindik (dengearen birusa hilko du Wolbachiak?), baina aurkikuntzak potentzialitate handia dauka dengearen prebentzioan, eltxoak Wolbachiaz infektatuz. Beste hainbeste gertatzen da malaria transmititzen duten eltxoekin: Wolbachiaren infekzioak eltxoak malariaren eragilearekiko (Plasmodium falciparum) duten erresistentzia areagotzen du, antza [7]. Ikerketa ugari egiten ari dira arlo itxaropentsu horretan. Eltxoen aurkako intsektizidak erabili beharrean, dengea eta malaria prebenitzeko wolbachiaren erabilpena askoz eraginkorragoa izan liteke.