Yagan | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Txile eta Argentina |
Hiztunak | 0 |
Eskualdea | Suaren Lurraldea |
UNESCO sailkapena | 5: arrisku kritikoan |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza hizkuntza autoktono Ameriketako jatorrizko hizkuntzak | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza eranskaria eta hizkuntza bakartua |
Alfabetoa | latindar alfabetoa |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-3 | yag |
Ethnologue | yag |
Glottolog | yama1264 |
UNESCO | 665 |
IETF | yag |
Endangered Languages Project | 1647 |
Yagan hizkuntza Yagan herriaren hizkuntza zen, Suaren lurraldeko uharteetan hitz egiten zena. Ofizialki zegoen hiztun bakarra 2022ko otsailaren 16an hil zen.[1][2] Dena den, Navarino uhartean berpizteko saioak burutzen ari dira, Puerto Williams hiriburuan batez ere.
Ingelesa-Yagan hiztegi historiko[3] bat sortu zuten 1865ean. Jaganerak 34.000 hitz inguru zituen. Geroago Cristina Zarraga-k (hizkuntza ikasi duena eta Cristina Calderón zenaren biloba dena) gaztelania-yaghan hiztegi bat landu zuen amonarekin.[4]
2019tik hizkuntza batek galtzeko arriskua neurtzeko UNESCOk erabiltzen duen sailkapenaren arabera Yaganaren egoera "kritikoki arriskuan" zegoen, hau da, azken egoeraren ("galduta") egoeraren atarikoan zegoen.[5]
Yagan munduko hizkuntza australena zen, eta XX. mendearen hasiera arte mintzatzen zen Suaren lurraldeko irla nagusiko kostaldean zein Beagle kanalaren eta Hornos lurmuturraren arteko uharteetan.
Cristina Calderón, Yaganaren azken hiztuna izan zena, 2022ko otsailaren 16an hil zen, 93 urterekin[6][7][8].
2003an Ursula ahizpa hil zenetik jaganera norekin hitz egin ez zuela zioen Calderonek. 2012an Emelinda Acuña hil zenetik, Cristina Calderón zen hiztun bakarra, eta berari esker hainbat datu bildu dira hizkuntza eta ahozko tradizioari buruz[9].
Cristina Yaganaren azken hiztuna izateaz gain, haren defendatzaile sutsua zen. Txileko Kultura eta Arteen Kultura Kontseiluak bizi den ondare izendatu zuen Calderon 2009an. 1928an jaio zen, Villa Ukikan, Puerto Williamsetik gertu, eta han bizi izan da beti; saskigile izan zen. Berak 9 urte izan zituen arte ez zuen ikasi gaztelera, baina Txileko agintariek ia desagertzeraino eraman zuten hizkuntza XX. mendean, eta transmisioa eten egin zen.
Zazpi seme-alaba izan zituen Calderonek, eta, alabak azaldu duenez, herri indigenek Txilen jasaten duten arrazakeriaren eta bazterkeriaren eraginez, ez zien horiei yagana irakatsi. «Orduan denek hitz egiten zuten yaganera, baina hiltzen hasi ziren, eta ni bakarrik geratu nintzen. Haurrek ez zuten ikasi nahi izan. Lotsa zuten. Zuriek barre egiten zieten», aitortu zuen Calderonek El País egunkarian.