Yahoo! Groupsen eztabaida foroetan, mezuak posta elektronikoz irakur eta bidal zitezkeen; baina baita taldearen web orrian ere, foroetan bezala. Gainera, kideek bazuten emailak indibidualki edo eguneroko bildumetan jasotzeko aukera.
Taldeak sortzerakoan, sarbide publikokoa izatea aukeratu zitekeen; edo bestela kideentzat bakarrik.
Praktikan, talde batzuk iragarki-ohol bezela erabiltzen ziren, taldeko moderatzaileek bakarrik argitaratzeko aukerarekin; beste batzuk, berriz, eztabaida-foro oso biziak ziren.
Yahoo! Groupsen zerbitzuan bidalitako mezuak artxibatuta gelditzen ziren, harien jarraipena ahalbidetuz. Bestalde, ezaugarri gehigarriak zituen talde bakoitzarentzat: hasiera-orri bat, mezuen biltokia, inkestak, egutegi-iragarpenak, artxiboak, argazkiak, datu-baseko funtzioak eta markatzaileak.
Taldeetako partaideek egin zezaketena:
Mezuak: webgunearen bidez edo posta elektronikoz bidal zitezkeen.
Argazki-albuma (100 GB): albuma / miniatura egituran antolatuta.
Fitxategien biltegia (100 MB): edozein fitxategi-formatu gorde onartzen zelarik.
Inkestak: kideek aukera anitzeko galderak sor zitzaketen.
Datu basea: hamar taula arte, bakoitza mila errenkada eta hamar zutabe artekoak.
Kideen zerrenda ikustea, oinarrizko informazioarekin.
Egutegia: ekimenak pranifikatzeko.
HTML kutxa.
Yahooko taldeen "jabeek", berriz, eskumen bereziak zituzten:
Gonbita: kide berriak posta elektronikoz gonbidatzeko.
Kideak onartzea eta ezabatzea.
Mezuak onartzea eta ezabatzea.
Aukerak: taldearen hasierako orria, pantaila-testua, etab. editatzea.
Posta moderazioa: eztabaiden moderazio zorrotzagorako.
1990 hamarkadaren amaieran, Yahoo konpainiak interesa erakutsi zuen gorantz zihoazten online komunitateen fenomenoan. 1998an, Yahoo! Club izeneko webgunea sortu zuen, zentzu horretan. Lehendik existitzen zen posta-zerrenda webgune bat (eGroups) erosi ostean, 2001ean Yahoo! Groups 2001an aurkeztu zen.[1][2][3][4]
2001ean, Yahook helduen edukidun taldeak bilaketa publikoetatik at utzi zituen; honek "Euskalpornoteka" foroari eragin zion, besteak beste.
2006. urtean, Yahoo! Groupsen taldeen txat-funtzioa eten zuen; 2011an berreskuratuko zen.[5][6]
2010ean, harpidetutako talde guztien azken 24 ordutako mezuak email bakarrean jasotzeko aukera aktibatu zen. Gainera, diseinu aldaketa bat egin zitzaion (Facebooken oso antzerakoa bihurtuz). Urte berean, Japonian zerbitzua emateari laga zion.[7]
2019ko urrian, Yahook iragarri zuen Yahoo! Groups zerbitzuan edukiak gehitzea galeraziko zuela,[8] eta bertan artxibatutako eduki guztia ezabatuko zuela urte horren amaieran.[9] Horrela, pixkanaka, zerbitzu guztiak deuseztuz joan ziren eta erabiltzaileek azken aukerak izan zituzten bertako materiala gordetzeko, edo beste nonbaitera eramateko.[10]
Horrenbestez, 2020ko otsailera arte interneteko eztabaida-foroen gune handienetako bat izandako Yahoo! Groups desegin zen. Une horretan, Yahook online sarrera eta bestelako zerbitzuak eten zituen; funtsean, taldeak posta-zerrenda huts bihurtu ziren. 2020ko urrian, berriz, Yahook iragarri zuen abenduaren 15etik aurrera Yahoo! Groups gunea erabat deuseztuko zuela.[11][12] Data hori baino egun batzuk geroago itxi zen webgunea, zerbitzua eten zela zioen mezu bat eskegiz. [13] Mezu hori 2021eko urtarrilera arte agertu zen; eta ondoren, helbidea Yahooren webgune nagusira berbideratu zen.
Milaka talde groups.io-ra joan ziren. Alegia, eGroups sortu zuen Mark Fletcherren negozio txikira.[14] Beste erabiltzaile askoren aktibitatea sare sozialetara igaro zen.
Basque-genealogy: Blas Pedro Uberuaga "Buber"ek sortua, nagusiki euskal sustraien bila ari ziren diasporako euskaldunak biltzen ziren bertan. Martxan jarraitzen du groups.io webgunean.[20]
Dantzan: euskal dantzei buruz. 2004an beste sistema batera migratu zuen.[21]
Euskal Diaspora Taldea: diasporako euskaldunak Euskal Herrikoekin biltzen zituen foroa. Gazteleraz sortua, denborarekin frantsesez, ingelesez eta euskarazko adarrak sortu zituen. Politikoki oso aktiboa, bere ekarpenik handiena atzerriko euskaldunen alderdiez gaindiko ikuspegia izan zen, Euskal Herrian ere eragina izan zuena. 2009 inguruan, Euskal Diaspora Taldeko foroetako kide askoren aktibitatea sare sozialetara bideratu zen.
Euskalpornoteka: Juan Luis Fernandez Gutierrezek sortua, argazkiak, olerki erotikoak, pelikulen kritika, aktore pornoen biografiak biltzen zituen.[24]
Irratilibre: Markina-Xemeingo Eup! irratitik sortua, Euskal Herriko irrati libreen arteko harremana bultzatu nahi izan zuen. 2001ean amaitu zen, Arrosa Irrati Sarea sortzearekin batera.
ItzuL: euskal itzulpengintza, EIZIEk sustatua. 2004an beste sistema batera migratu zuen.[25]
↑Conder, Bob (February 1, 2001). "Yahoo! Groups Moderator News - January 2001". Groups.io. https://groups.io/g/ncns/message/68
↑Kleinbard, David (June 28, 2000). "Yahoo! to buy eGroups". CNN. Retrieved April 4, 2021. https://money.cnn.com/2000/06/28/technology/yahoo
↑Hu, Jim (January 2, 2002). "Yahoo buys email list service eGroups in stock deal". CNET. Retrieved November 20, 2010. http://news.cnet.com/Yahoo-buys-email-list-service-eGroups-in-stock-deal/2100-1023_3-242517.html
↑"Yahoo Groups to shut down on December 15, 2020". Yahoo!. October 13, 2020. Retrieved October 13, 2020. https://help.yahoo.com/kb/groups/SLN35505.html
↑"Yahoo Refreshes, Upgrades Some Products"[permanent dead link], eWeek.com, September 17, 2010. http://www.eweek.com/c/a/Search-Engines/Yahoo-Refreshes-Upgrades-Some-Products-775120/