Zeharkako txirula

Zeharkako txirula
Deskribapena
Motaopen side-blown flutes with fingerholes (en) Itzuli eta txirula
Hornbostel-Sachs sailkapena421.121.12
Hedadura
Jotzaileaconcert flutist (en) Itzuli eta classical flautist (en) Itzuli
AsmatzaileaTheobald Boehm (en) Itzuli

Zeharkako txirula haize-instrumentuen taldeko musika tresna da, musika klasikoan ez ezik, herri-musikan, folk musikan eta rockean ere, besteak beste, erabili dena.

Euskal Herrian zeharkako txirula arruntenak zurezkoak edo metalezkoak izan dira. Zurezkoak nagusiki ezpelez edo ebanoz eginak izaten ziren. Kanaberazkoak ere ezagutu dira.

Zeharkako txirulek hodiaren mutur bat itxia dute, eta alde horretan ahokoaren funtzioa betetzen duen zulo bat dute. Hodian zehar digitaziorako zuloak dituzte. Berrienek giltzak izan ohi dituzte, zulo hauek itxi eta irekitzeko.

Zeharkako txirularen zatiak.

Zeharkako txirulak bi eskuekin trebeska hartu eta, ahokoa ezpainetan jarririk, ertzaren kontra airea bideratuz jotzen dira.

Zeharkako txirulen familia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeharkako txirulak badu ahaide txikiagorik. Zurez edo kanaberaz egindako pifano izeneko zeharkako txirula txikiak ezagutu ditugu herri askotan, baita Euskal Herrian ere. Orkestra sinfonikoetan piccoloa izena hartzen dute ohiko zeharkako txirulak baino txikiagoak diren soinu-tresna hauek.

Zeharkako txirulak euskal herri-musikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zeharkako txirula, Juan Mari Beltranen grabazioa.

XX. mende hasierara arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken mendeetan izan duen zabalpenaz askorik ez dakigun arren, jakin badakigu Cristobal Echeverria pifano-jolea 1765. urtean 2 danborrekin Arbizutik Iruñeko (Nafarroa) sanferminetara musika jotzera joan zela[1].

Carmen Rodriguez Susok XVIII- XIX. mendeetako Bilbo inguruko pifano-joleen bilakaera jaso zuen Los Txistularis de la Villa de Bilbao (1999)[2] liburuan. Dirudienez, pifano-joleak garrantzia hartzen joan ziren urteen poderioz: hasiera batean ekitaldi ofizialetan udalaren soldatapeko langile modura jarduten bazuten ere, pixkanaka danbolinteroen funtzioak hartzen joan ziren, jai egunetako musika ere haien gain hartuz. Bilbon pertsona berak jotzen omen zituen pifanoa zein txistua eta danbolina; adibidez, 1772an udal danbolinteroa zen Jose Antonio de Lizaso y Egañak.

Euskal Herriko hainbat herritan duela mende batzuetatik festetako egitarauan txertatuta daude alardeak, kutsu militarreko herritarren desfile edo erakustaldiak. Besteak beste, Hondarribian, Irunen, Tolosan, Antzuolan (Gipuzkoa) eta Elorrion (Bizkaia) ospatzen dira. Ekitaldi hauetan musikak presentzia nabarmena du, eta oro har haizezko soinu-tresnak eta danborrak izan dira nagusi.

Irungo Alardeko prozesioan 1863an hiru pifano eta hiru danbor atera zirela jasota dago; urte hori hartzen dute tamborrada delakoaren hasieratzat[3]. Ondorengo urteetan txilibitoak (bi eskuko ahokodun txirula zuzenak) agertzen hasi ziren eta XX. mende hasierako argazkietan batera ikus ditzakegu bi txirula-mota hauek. Aipagarria da Irunen txirula zuzen honek duen txilibito izen nagusiaz gain, askotan hartzen duen pifano izendapena.

Estudiantina eta errondailak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekeitioko (Bizkaia) Aratuste edo Inauterietan bertako estudiantinak kale bueltak egiten ditu, herriko gertakariei buruzko kantak eta musika eskainiaz. Estudiantinan gitarrak, bandurriak, lauteak, panderetak eta klarineteak entzun daitezke, eta hauekin batera, zeharkako txirulak.

Mundakako (Bizkaia) Aratusteetan atorrak izeneko pertsonaiak kalez kale ibiltzen dira beren soinu-tresnekin herria alaitzen. Errondaila gisako talde honetan beti erabili izan dira zeharkako txirulak.

1970eko hamarkadatik aurrera, munduko beste bazterretan bezala, Euskal Herrian ere folk mugimendua loratzen hasi zen. Folk taldeek erro tradizionaleko musika berrinterpretatzen zuten, baita kutsu herrikoiko pieza berriak egin ere. Zeharkako txirulak presentzia nabarmena zuen talde hauetako askotan (adibidez, Oskorri edo Azala taldeetan), eta soinu-marka bereizgarria ere eman zien hainbatetan.

Euskal Herriko elizetako ikonografia musikalean ez dugu zeharkako txirulari askorik aurkitu.

Miarritzeko Eugenia Santuaren eliza neogotikoko bi beirateetan aingeru musikari talde bana ageri da; horien artean, talde bakoitzean zeharkako txirula jotzen duen bat dago.

Nafarroan, Sesmako Jasokundearen parrokiako 1771. urteko rokoko organoaren goialdean, aingeru bat ageri da zeharkako txirula jotzen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ramos, J.. (1990). «Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII» Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55 zk. (Institución Principe de Viana.): 91-138..
  2. Carmen., Rodríguez Suso,. (1999). Los txistularis de la villa de Bilbao. Bilbao Bizkaia Kutxa ISBN 84-8056-184-X. PMC 433595524. (Noiz kontsultatua: 2022-01-09).
  3. Ezezaguna, Ezezaguna. (2022). Tamborrada. Alarde de San Marcial de Irun. .

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]