Zianotipia prusiar-urdin koloreko kopiak egiteko argazki-prozedura monokromoa da. Teknika horren bidez, irudi originalaren negatiboa lortzen da, zianotipo izenekoa.
Urteetan zehar, arkitekturako planoen kopiak egiteko erabili zen gehienbat, ferroprusiato bidezko kopiak izenarekin ezagun direnak. Geroago, kopia heliografikoek ordezkatu zituzten. Zianotipoekin alderatuta, kolore gorrixka zuten, eta aldi berean, ez zuten irakuztearen beharrik, amoniako lurrunekin errebelatzen baitziren zuzenean. 1980ko hamarkadan, kopia xerografikoek kopia heliografikoak ordezkatu zituzten, ez baitzuten irudi originalik behar. Azkenik, gaur egun, kopia hauek guztiak modu digitalean inprimatzen dira inprimagailu modernoekin. Horren ondorioz, zianotipia arte esparrura mugatu da gehienbat, beste alorretan zaharkituta gelditu delarik.[1]
Zianotipiaren prozedura Sir John Herschel astronomo ingelesak asmatu zuen 1842. urtean, ia argazkigintzaren asmakuntza ofizialaren garai berean. Herschelek asmatu zuen arren, Anna Atkins botanikari britaniarra izan zen lehena prozedura berehala praktikan jartzen. Atkinsek hainbat liburu argitaratu zituen mota askotariko landareen irudiekin. Horiek marraztu beharrean, zianotipiaren emultsio fotosentikorrarekin bustitako paperak erabiltzen zituen, eta horien gainean landare zatiak jartzen zituen, horrela lore eta hostoen silueta urdinak lortzeko. 1843an argitaratu zuen British Algae lanari esker, Anna Atkins historiako lehen emakume argazkilaritzat hartzen da.
Zianotipiaren prozedurak bi konposatu kimiko erabiltzen ditu:
Prozedura arrunt batean, ur kantitate jakin batean %8ko disoluzio bat egiten da potasio ferrizianuroarekin, eta beste edukiontzi batean, eta ur kantitate berarekin, %20ko disoluzioa egiten da burdin eta amonio zitratoarekin. Erabili behar den egun berean, bi likido hauek kantitate berean nahasten dira, horrela uretako disoluzio fotosentikorra lortzeko. Bi disoluzioak nahasirik gordetzen badira, denborarekin euren propietate fotosentikorra galtzen dute. Zianotipiak disoluzio hau xurgatzeko gai den edozein gainazaletan inprimatuak izan daitezke, nahiz eta normalean papera erabiltzen den. Hala ere, gainazal porotsua duen edozein material erabili daiteke, esaterako: oihalak, egur xaflak, harria...
Behin likidoa nahasita, brotxa batekin aukeratutako gainazalean igurzten da. Prozedura hori argi artifizialez (bonbilla arruntez) argiztatutako gela batean egin behar da, eguzkiak argitzen ez duen leku batean, bere izpi ultramoreak baitira kimikoetan erreakzioa sortzen dutenak. Garrantzitsua da erabilitako brotxak metalezko atalik ez izatea, kimikoarekin erreakzionatzen baitu eta fotosentikortasuna galdu dezake. Paperaren aukeraketa egokia egitea ere beharrezkoa da, urari iraunkor zaiona izan behar baita (adibidez, akuarela papera).
Beraz, gainazala izpi ultramoreen eraginpean jartzean, kimikoen burdina erreduzitzen da, eta ondoren, ferrizianuroarekin erreakzio konplexu bat gertatzen da. Modu honetan, ferrizianuro burdintsua sortzen da, uretan disolbaezina den substantzia, eta prusiar-urdin edo turkesa-urdin izeneko kolorea duena. Kolorearen aldaketa argi kantitatearen araberakoa da, baina egun eguzkitsu batean emaitza onak lortu daitezke 10-20 minutuko esposizio batekin.
Kimikoekin bustitako paper bat eguzkitan jarriko bagenu, paper urdin homogeneo bat lortuko genuke. Horregatik, argazki bat lortzeko beharrezkoa da gainazal garden batean (azetatoa, kristala) inprimatutako irudi negatibo bat. Objektu arrunt bat ere erabili daiteke, bere siluetaren irudia lortu nahi bada, baina bestela, formatu handiko negatibo bat edo azetatoan inprimatutako irudi negatibo bat erabili daiteke. Modu honetan, negatiboaren negatibo bat lortzen dugu, hau da, positibo bat. Adibide batekin azaltzearren, ilargiaren gaueko argazki batean ilargia zuria da eta zerua beltza, baina argazki bera material garden batean negatiboan inprimatuz gero, ilargia beltza da eta zerua gardena. Beraz, negatibo horren azpian paper fotosentikor bat jarriz gero, zeruaren zatia gardena denez argiak ilundu egingo du, eta ilargia beltza denez, argia ez da bertara iritsiko, esaterako, zuri iraungo du.
Papera eguzkitik kendu ondoren, eta behin negatibotik bananduta, erretilu batean urez irakuzi behar da erreakzionatu ez duten kimikoak kentzeko, ez baitute argazkia ikusten uzten. Segundo batzuk uretan sartzen da, erretilua balantzatzen den bitartean, irudia garbitzen den arte. Orduan papera atera eta zintzilikatu egiten da, lehortzeko. Sortu berria den prusiar-urdina, denborarekin eta atmosferaren oxigenoaren eraginez, herdoildu egiten da urdin ilunagoa bihurtu arte. Prozesu hori azkartu daiteke papera ur oxigenatuzko %3ko disoluzio batean sartuz, edota te beltzeko infusio hotz batean sartuz. Gero, berriro irakuzten da ur garbitan, eta lehortzen uzten da.[2][3]