Zuzentzaile ortografiko automatikoa edo ortografia egiaztatzaile automatikoa, idatzitako testuak zuzentzen laguntzen duen aplikazio informatikoa da.
Aplikazio hauek hizkuntza jakin bateko hitzak bi multzotan sailkatzen dituzte. Multzo handi batekoak, zuzen idatzitako hitzen multzokoak, aplikazioak ez ditu markatuko, bere horretan utziko ditu. Multzo horretakoak ez diren beste hitz guztiak markatuko ditu zuzentzaile ortografiko automatiko on batek. Baina teknikoki ia ezinezkoa da zuzen idatzitako hitz guzti-guztien multzoa egin.
Pertsona-izen eta leku-izen guztiak, esaterako, ez ohi dira ondo idatzitako multzoan sailkatzen. Bide beretik, lagunarteko erregistroko hitz guztiak ere ez ohi dira zuzen idatzitako hitzen multzoan sartzen... Horiek eta beste problema batzuk ere izaten dituzte zuzentzaile ortografiko automatikoek baina, hala ere, hizkuntza estandar batean zuzen idazten laguntzen dute.
Zuzentzaile ortografiko automatikoen hurrengo urratsa, zuzen idatzita ez omen zeuden hitzen antzeko aukerak eskaintzea izan ohi da.
Zuzentzaile automatiko askok erabiltzaileari hizkuntza hautatzeko aukera ematen diote. Testu bakar batean bi hizkuntza edo hizkuntza gehiago nahasita baldin badago, hizkuntza bakoitzeko zuzentzaile automatiko bana erabil daitezke. Halaber, zuzen omen dauden hitzen multzoan, erabiltzaile bakoitzak hainbat hitz gehi ditzake.