1874ko Espainiako Borboien berrezarkuntza

Artikulu hau Espainiako Borboien 1874-1931 arteko berrezarkuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Borboien berrezarkuntza».
Berrezarkuntza
Restauración (borbónica)
1874 - 1923 – 1930 - 1931
Monarkia
Espainiako bandera

Espainiako armarria


Ereserkia


Goiburua
Plus Ultra
Geografia
HiriburuaMadril
Ekonomia
DiruaPezeta
Kultura
Hizkuntza(k)Gaztelania
Historia
Aurrekoak
Espainiako Lehen Errepublika
Primo de Riveraren diktadura
Ondorengoak
Primo de Riveraren diktadura
Espainiako Bigarren Errepublika

1874ko Borboien berrezarkuntza (sarritan Berrezarkuntza gisa ere egiten zaio erreferentzia) 1874tik 1931ra bitartean Espainian izan zen berrezarkuntza da, hots, Arsenio Martínez-Campos militarra buru zuen estatu kolpetik hasi eta Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu artekoa. Aldi hartan, Borboi leinua berriz ezarri zen Espainiako erregetzan.

Garai haren ezaugarri nagusiak egonkortasun instituzionala, Estatu liberalaren eraikuntza eta Industria Iraultzak sortutako mugimendu sozial eta politikoen sorrera izan ziren. 1923an Primo de Riveraren diktadurak erregimenaren gainbehera bultzatu zuen.

Sakontzeko, irakurri: «Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdia», «Espainiako Iraultza Loriatsua» eta «Espainiako Lehen Errepublika»
Seiurteko Demokratikoaren aldiak erakusten dituen karikatura.

1868. urtearen aurretik, Isabel II.a erregina zen espainiar estatuko estatuburua. Bera, lehen erregina liberala izan zen aipatutako estatuan eta bere erregetza estatu-kolpez josia egon zen, lehena Narváez-ena, zeinari esker Isabel II.a erregina izendatu zen de facto eta Esparteroren erregeordetza desegin zen. Isabel II.aren erregealdian zehar bi alderdiren artean txandakatu zen boterea: alderdi moderatua eta alderdi aurrerakoia. Txandakatze horiek ordea ez ziren baketsuak izan, besteak beste, erreginak moderatuei abantaila ematen zielako eta hala, estatu-kolpe eta pronuntziamendu militar ugari egon ziren 1843an hasi eta 1868an amaitu zen erregealdi hartan zehar: Vicálvaroko Altxaldia (1954, aurrerakoiak boterera eraman zituena), O'Donnell militarrarena (1856, Batasun Liberala agintera altxatu zuena) eta azkena, periodoari amaiera eman ziona, La Gloriosa altxaldia (1868).

Azken altxaldi hark, Espainian lehertu zen krisi ekonomiko latza zela eta, Isabel II.a erbesteratzea ekarri zuen eta Prim, Serrano eta Topete militarrek parte-hartze nabarmena izan zuten altxaldiak aro berri bat ekarri zion espainiar estatuari. Agintaritza berriak 1869. urtean konstituzio berria onartu zuen, inoizko aurrerakoienetakoa, zeinak ideia ilustratuak islatzeaz gain (botere banaketa, nazio-subiranotasuna, norbanakoen askatasunak), sufragio unibertsala ezarri zuen eta gobernua izendatu zuen botere betearazlearen organo nagusi gisa, eta ez aurrekoek egin zuten moduan erregea.

Agintaritza hark Borboiak Espainiatik kanporatu zituen eta haien ordez, Prim jeneralak proposatuta, Savoiako Amadeo izendatu zuten Espainiako errege. Alabaina, errege berriaren babesle sutsuena, Prim jenerala, laster hil zen atentatu baten ondorioz eta horrek bere postua kolokan jarri zuen, bereziki karlisten presioa, alfontsotarrena, langile mugimenduarena eta Kubako gerra zirela eta. Hala, 1873. urtean abdikatu egin zuen eta horrela, Espainiako Lehen Errepublika aldarrikatu zen. Errepublikako presidente Figueras izendatu zen, alabaina, ez zegoen giro egokirik halako aldaketa bat abian jartzeko.

Lehenik, karlistak Hego Euskal Herrian eta Espainiako iparraldean altxatu egin ziren Karlos VII.a buru, bestalde Kubako gerrak hor zirauen eta kalean asaldadura handia zegoen langile mugimenduak eraginda. Estatuaren ogasuna ere ez zegoen garairik onenetan. Hala ere, errepublikako presidenteak hauteskundeak deitu zituen eta hala, 1873. urteko hauteskundeetan Pi i Margall-en alderdi federalista atera zen garaile eta errepublika federala aldarrikatu zuen. Alderdi honek ordena sozial eta politikoa lortu nahi zituen aurrena eta ondoren, federalismoa garatu. Haatik, anarkistek lehenik estatu federala martxan jarri zezala eskatzen zuten eta gero, ordena soziala itzuliko zela. Anarkistek, izan ere, iraultza kantonala egin zuten garai horretan zehar, Cartagenan hasi eta Levantera zabalduz. Pi i Margallen gobernua ez zen gai izan ordena sozial eta politikoa itzularazteko eta beraz, Salmerón izendatu zen gobernuburu, hau ere laster izan zen Emilio Castelar eskuindar errepublikanoak ordezkatua, zeinak armada bidali zuen iraultza kantonala zapaltzera. 1974. urtean Pavía jeneralaren estatu-kolpeak eman zion amaiera Espainiako Lehen Errepublikari, Borboien Berrezarkuntza eraginez.

Borboiak berrezartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antonio Cánovas del Castillo, Berrezarkuntzaren arkitektoa eta alderdi kontserbadoreko burua.

1874. urteko estatu-kolpearen ondoren asaldadura sozialak bere horretan jarraitu zuen eta goi eta erdi mailako klaseak langile mugimendu gero eta indartsuagoaren beldur ziren, horregatik Cánovas del Castillo alderdi alfontsotarraren buruarengan jarri zuten konfiantza. Cánovasek Alfontso XII.a Isabel II.a-ren semea tronuratu nahi zuen, baina garai horretan erregina zen oraindik Espainiako estatuburu zilegia. Hori horrela, alderdi alfontsotarreko buruak erreginak abdikatu zezala lortu nahi zuen, jakin bazekielako herriak ez zuela onartuko hain erraz erregina zaharra. Hala, 1874. urtean Isabel II.a erreginak Sandhursteko Manifestua sina zezan lortu zuen, hala, bere semeari utziz Espainiako tronua.

Alderdi alfontsotarrak, alderdi liberala izango zenarekin batera, Berrezarkuntzaren sistema ehundu zuen urte hartatik aurrera, zeinak zazpi oinarri nagusi izan zituen. Lehenik, politika pragmatikoaren aldeko sistema bat sortu zen, tradizioen defendatzaile sutsua (nahiz eta Euskal Herriko foruak abolitu) eta ezkortasunarengatik nabarmena, jakina baitzen espainiar estatua ez zegoela bere unerik onenetan maila guztietan. Bestalde, sistemak erregea eta Gorteen arteko subiranotasun partekatua ezarri zuen. Bigarren erakunde hura eta gobernua, bi alderdiren artean banatzea erabaki zen, alderdi kontserbadorea (Cánovas buru) eta liberala (Sagasta buru), hain zuzen. Bi alderdi horien arteko botere txandaketa baketsuan oinarritu zen sistema, hala, botere txandaketen eragile izateari utzi zion armadak, ez zitzan aurreko belaunaldiko asaldadura eta ezegonkortasun periodoak eragin. Botere txandaketa baketsua herriaren begietatik ezkutatzeko eta demokrazia zantzuak emateko, hauteskundeak egin ziren, baina denak iruzurtiak.

Sistema berria 1876. urteko konstituzioak gorpuztu zuen. Konstituzio hau, aurrekoak ez bezala, malgua zen, nahita sisteman parte hartuko zuten bi alderdientzat egokitua egon zedin. Alderdi liberal eta kontserbadoreko ordezkariek elkarrekin idatzi zuten eta horrek eragin zuen Espainiako historian gehien iraun zuen konstituzioa izatea. Konstituzioaren malgutasunaren adibide gisa, ez zuen hauteskundetan bozkatzeko prozedura zehazten (sufragio zentsitarioa edo unibertsala) eta erlijio-askatasunen inguruan estatu konfesionalaren tankera ematen bazuen ere, norbanakoen erlijio-askatasunari ere bide ematen zion.

Alderdi kontserbadorea aurreko alderdi moderatuaren ondorengoek osatu zuten eta haren oinarri soziala latifundistak, aristokratak, elizgizon garrantzitsuak eta isabeldarrak ziren. Alderdi erregezalea, estatu konfesionalaren aldekoa eta jabego pribatu eta ordena soziala lehenesten zituena. Alderdi liberalaren oinarri soziala aldiz, aurreko hamarkadetako alderdi aurrerakoiaren ondorengo, erdi-mailako burgesia, merkatariak eta erreformistak ziren. Nolabaiteko laikotasuna defendatzen zuten eta erreforma sozialen aldekoagoak ziren.

Alfontso XII.aren erregealdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alfontso XII.a Espainiako erregea.
Sakontzeko, irakurri: «Alfontso XII.a Espainiakoaren erregealdia»

1874. urtean hasi zen, Isabel II.a erreginak abdikatu ostean eta 1885. urtera arte iraun zuen, tuberkulosi gaitza zela eta hil zen arte. Bere erregealdian zehar hiru gobernu egon ziren, bi kontserbadore eta bat liberala.

Alderdi kontserbadorearen lehen gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen gobernua alderdi kontserbadorearena izan zen, Cánovas del Castillo buru, monarkia finkatzea, zentralismoa garatzea eta ordena soziala berreskuratzea izan ziren bere ardatzak. Hartarako, prentsa-eskubidea kamustu zuen, legezko eta legez kanpoko alderdien zerrenda bat egin zuen, karlismoa garaitu zuen Hego Euskal Herrian (1876. urtean Somorrostroko Aldarrikapena egin zen, zeinetan euskal karlistak errenditu ziren), norbanakoen askatasunak larriki murriztu zituen (katedra edo adierazpen askatasuna kasu) eta sufragio zentsitarioa berrezarri zuen. Gainera, Kubako Gerrari amaiera emateko Zanjongo Bakea izenpetu zuen, 1878. urtekoa, zeinetan Kubari autonomia emango zitzaiola adostu zen, baina hitzemandakoa ez zen sekula bete.

Alderdi liberalaren lehen gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Práxedes Mateo Sagasta alderdi liberaleko burua.

Sagastak, alderdi liberaleko buruak, Alfontso XII.a erregeari botere txandaketa abiaraz zezan eskatu zion 1881. urtean, jada kontserbadoreak bost urtez agintean egon zirela argudiatuz. Erregeak onartu egin zuen Sagastaren eskaria eta hala, Berrezarkuntzako lehen txandaketa baketsuari hasiera eman zitzaion. Lehen ekintza hau erreferentziatzat hartu zen etorkizunean eta behin eta berriz errepikatu zen. Lehenik, erregeak Sagastari gobernua eratu zezan eskatu zion eta honek, hauteskunde orokorrak deitu zituen ostera. Madrildik probintzietako gobernadore zibilei helarazten zitzaien irabazi behar zuen alderdiaren izena eta era berean, hauek tokian tokiko kazikeei informazio berdina ematen zieten, hauek botoak eskuratu zitzaten. Hartarako, sufragio unibertsala ezarri zenean, haien maizterrei edo menpekoei alderdi jakin bati botoa emateko agintzen zieten, trukean nolabaiteko konpentsazioa emanez (semeak lanean onartzea, adibidez). Modu horretan herriak parte hartzearen ustea zuen. Hala ere, beste hainbat metodo ere baliatzen zituzten, adibidez, hildakoen botoak kontuan hartzea edo faltsutze orokorra.

Sagasta gobernura heldu zenean, norbanakoen askatasunak berreskuratzeari ekin zion (prentsa-askatasuna edo adierazpen askatasuna kasu) eta horrek langile mugimendua hauspotu zuen. Bestalde, politika librekanbistak aplikatu zituen, katalan eta euskal burgesia haserraraziz eta bi herri horietako abertzaletasuna sustatuz.

Alderdi kontserbadorearen bigarren gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1883. urtean bukatu zen liberalen lehen gobernua, ildo errepublikanoko militar batzuk altxatu zirenean gobernuaren aurka, Cánovasek bere gain hartuz agintea berriz ere. Gobernuak altxamendu errepublikanoa, Badajoz aldean indarra izan zuena, zapaltzea lortu zuen. Alabaina, 1885eko azaroaren 25ean Alfontso XII.a hil egin zen, tuberkulosiak jota eta bere emazte Maria Kristinari erregeordetza utziz. Hil zen unean oraindik ez zuen oinordekorik errege zendu berriak, bere emaztea haurdun zegoen eta ezjakina zen haurra gizonezkoa edo emakumezkoa izango zen. Azken aukera hori nagusitu izan balitz, ziur aski karlisten altxamendua eragingo zukeen. 1885. urtean bertan, alderdi liberalak eta kontserbadoreak Pardoko Ituna sinatu zuten, zeinetan sistema zaharrarekin jarraitzea adostu zuten eta hala, Sagastak berriz ere boterea eskuratu zuen modu baketsuan.

Maria Kristinaren erregeordetza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maria Kristina Alfontso XII.aren emaztea bere seme Alfontso XIII.arekin.

1885ean Alfontso XII.a zendu zenean, haren emazte Maria Kristina erreginak jaso zuen erregeordetza, harik eta bere seme Alfontso XIII.a tronuratu zuten arte, 1902ko maiatzaren 17an. Erregeordetzako lehen gobernua Liberalen gobernu luzea delakoa izan zen.

Liberalen gobernu luzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberalen gobernu luzea 1885. urtean hasi eta bost urte beranduago desegin zen, 1890. urtean. Sagasta izendatu zen berriz ere gobernuaren buru eta zenbait lege aipagarri onartu zituen periodo honetan zehar, hurrengo gobernuek mantenduko zituztenak, hala nola, Elkarteen Legea (1887) sindikatuak legeztatu zituena, Zinpekoen Legea (1888) prentsa-eskubidea eta adierazpen askatasuna bermatu eta sustatu zituena eta Kode Zibilaren Erreforma (1889). Gainera, 1890. urtean sufragio unibertsala berrezarri zuen, baina horrek ez zituen hauteskundeak garbitu inola ere, bere horretan jarraitu zuen iruzurrak.

1898ra bitarteko gobernuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890. urtean Cánovasek agintea berreskuratu zuen, baina ez zituen liberalen neurriak ezabatu eta horrek egonkortasuna eman zion sistemari. Francisco Silvela politikariaren erako erregenerazionistak indarra hartzen hasiak baziren ere, sistemak bere horretan jarraitu zuen 1898ko hondamendia jaso arte.

1898ko hondamendia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Kubako Independentzia Gerra», «1898ko Parisko Ituna» eta «1898ko belaunaldi»
Kubako Santiagoko gudua, Espainiako Armadak galdu zuena eta Kubako Independentzia Gerran erabakigarria.

1898. urteko hondamendia deritzo Espainiak Estatu Batuen aurka gerra egin eta Atlantikotik haratago zituen azken lurrak (Kuba, Filipinak, Guam eta Costa Rica) galdu izanari. 1895. urtean Kubako Independentzia Gerra hasi zen, José Martí Kubako Alderdi Iraultzaileko buruak zuzenduta, Kubaren independentzia lortzea helburu zuena. Izan ere, 1878an Espainiak Zanjongo Bakea sinatu zuen Kubako Hamar Urteko Gerrari amaiera emateko eta uharte horri autonomia emango ziola hitz eman zuen. Alabaina, Kubako lobby boteretsuen presioak eraginda (zeintzuek esklabotza eta kolonia izaera baliatzen zuten aberasteko), hitzartutakoa ez zen bete. Horrek 1892. urtean Kubako Alderdi Iraultzailea, izaera independentistakoa, sortzea eragin zuen. Era berean, Filipinek ere Espainiari Kongresuan diputatu bat eman ziezaietela eskatu zuen, hori ukatua izan ondoren, autonomia ere eskatu zuten eta azkenik, 1893. urtean Liga Filipinarra sortu zen José Rizalek zuzenduta. Alderdi horrek ere independentzia lortzea zuen helburu. Costa Ricak autonomia zuenez, ez zuen mugimendu independentista aipagarririk garatu.

Parisko Ituna sinatzea, 98ko hondamendiaren baieztapena irudikatzen duena.

1895. urtean lehertu zen Kubako Independentzia Gerra, zeinaren bidez urtebeteren buruan kubatar independentistek ia uharte osoa menderatzea lortu zuten, bereziki nekazari herrietan eta herri txikietan laguntza jaso zutelako. 1896. urtean ordea, Valeriano Weyler Kubara heldu zen eta Espainiako Armadaren buru gisa kokatu zen, berak Kuba hiru zatitan banatu zuen eta nekazari herriak hustu eta bertako biztanleak kontzentrazio-esparruen antzeko herrigune jakin batzuetara mugitu zituen. Erabaki honek gosete latzak eragin zituen biztanle horiengan, eta euren bizi baldintzak are gehiago okertu ziren. Ameriketako Estatu Batuetako prentsa Gobernua presionatzen hasi zen Kuban esku-hartze bat egin zezan, ordurako garapen bidean eta espantsionismo ideiekin zegoen herrialde bat baitzen. 1898. urtean Maine korazatu estatubatuarra lehertu zen, gaur egun uste da istripu bat izan zela, baina orduan estatubatuar prentsak Espainiari leporatu zion gertakaria. Hala, Estatu Batuetako Gobernuak Kuban interbenitzea erabaki zuen eta urte bereko Santiagoko Guduak Espainiaren itsas-armada gogor kaltetu zuen, Espainiari gerra irabazteko aukera guztiak zapuztuz. Urte bakar bat ere igaro gabe, Espainiak Parisko Ituna sinatu behar izan zuen, zeinetan Estatu Batuei saldu behar izan zizkion Guam, Costa Rica eta Filipinak eta Kubaren independentzia onartu behar izan zuen. Horrek Espainia Ameriketan lur guztiak galdu zituen lehen europar potentzia bihurtu zuen.

1898ko hondamendiak asaldadura sortu zuen espainiar gizartean. Intelektualek (98ko belaunaldia) Berrezarkuntzaren sistema eraldatu zedila eskatzeari ekin zioten eta giro ezkorra nagusitu zen, herritarrek herri behartsu eta ahul batean bizi zirela ikusirik. Francisco Silvela bezalako politikariek ere antzeko neurri erregenerazionistak eskatu zituzten eta Joaquin Costak eta antzeko idazleek industrializazioak ekarritako eta sistema politikoak onartutako gehiegikeriak salatzeari ekin zioten. Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian abertzaletasunak indartu egin ziren.

Alfontso XIII.aren erregealdia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alfontso XIII.a Espainiako erregea.

1902ko maiatzaren 17an Alfontso XIII.a Espainiako errege izendatu zen hamasei urte zituela, bere amaren erregeordetzari amaiera emanez. Cánovas alderdi kontserbadoreko burua eta Pi i Margall alderdi federalistakoa hilda zeuden jada garai hartarako eta Sagasta alderdi liberaleko buruari azken urteetan zebilen. Alderdi dinastikoen lehen aroan sistema egonkor mantendu zen, baina lehen buruzagi horiek Antonio Maura eta José Canalejas buruzagiek ordezkatu zituztenean hurrenez hurren egonkortasuna apurtzen joan zen poliki-poliki. 1905. urtean Espainiako Armadak, adibidez, Kataluniako zenbait aldizkariri eraso zien haien esanetan armadaren eta aberriaren aurkako mezuak zabaltzeagatik eta hala, Jurisdikzioaren Legea onartu zedila lortu zuen, horrela, halako ustezko mezuak zabaltzen zituztenak auzitegi militarrek epaitu zitzaten. Hau da, armada gero eta esku-hartze gehiago egiten hasi zen, Cánovasen sistema pitzatuz.

Antonio Mauraren gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Bartzelonako Aste Tragikoa»
Bartzelonako Aste Tragikoa (1909), Mauraren gobernua eraitsi zuena.

1907. urtean hasi zen eta bi urteko iraupena izan zuen. Maura neurri erregenerazionistak abiarazten saiatu zen, hala nola, hauteskundeak garbitzeko legeak onartu zituen, baina arrakasta handirik gabe. Tokian tokiko administrazioen legea onartu zuen, Liga Erregionalistak (Kataluniako alderdi abertzale eskuindarra) egindako eskariak asetze aldera, baina Kongresuak atzera bota zion lege-proposamena. Gainera, neurri protekzionistak eta ekonomian politika interbentzionistak egin zituen, Euskal Herriko eta Kataluniako burgesia industrialen eskariz. Azkenik, anarkistak ahultzen asmoarekin terrorismoa erreprimitzeko legeak ere onartu zituen, baina talde horiek gero eta indar handiago hartu zuten.

1906. urteko Algecirasko Biltzarrean, zeinetan Afrikako lur jakin batzuk banatu ziren (Afrikaren banaketaren ostekoa), Espainiari Rift Harana egokitu zitzaion, lur iskanbilatsua. Mendean hartzeko asmoarekin, Mauraren Gobernuak 1909. urtean erreserbistak deitu zituen (soldadutza egina zuten biztanleak, jada ezkonduak edo beste konpromisoak zituztenak) eta horrek protestak eragin zituen bereziki Katalunian. Protesta horiek are gehiago handitu ziren, altxamendu eta grebak egiteraino, Otsoaren Amildegiko hondamendiaren ondoren, izan ere, bertan Riftarrek segada egin zioten Espainiako Armadari, soldadu ugariren heriotza eraginez. Gertakari horrek eragin zuen 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa, Maurak armada bidali zuen hara erreprimitzera eta Francesc Ferrer Guardia nazioartean ezaguna zen pedagogo anarkista atxilotu eta exekutatu zuten, nazioartean zigorra gerta ez zedila eskatu arren. Gertakizun haiek ekarri zuten Mauraren gobernuaren bukaera 1909ko urriaren 22an.

José Canalejasen gobernua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910an eman zitzaion hasiera alderdi liberaleko buruaren gobernuari. Alderdi liberalak, eta aurrez aurrerakoiak, beti egin izan zuen moduan, Elizari indarra kentzen saiatu zen, gizartean zuen eragin soziala ikusirik. Ez zuen arrakasta handirik izan eta hortaz, Giltzarrapoaren Legea onartu zuen, zeinak ordena erlijioso berri guztiei sarbidea ukatu zien Espainiara. Neurri sozial ugari ere onartu zituen, hala nola, langileen lan-istripuen legea, lanorduen murrizketari buruzkoak, greba eskubidea, etab. Errekrutatze Legea izan zen beste lege aipagarri bat, zeinak espainiar guztiak soldadutzara joan zitezen behartzen zuen, aberats edo behartsu izan, aurrez aberatsek diru-kopuru jakin bat ordainduta soldadutzari ihes egiteko aukera zutelako. Azkenik, 1912. urtean Kataluniako Mankomunitatearen Legea onartu zuen, Kataluniako Mankomunitatea eratzea ahalbidetzen zuena, lau probintzia katalanak biltzen zituen lehen gobernu-organo ofiziala Aro Garaikidean.

Lehen Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lehen Mundu Gerra» eta «Lehen Mundu Gerra Euskal Herrian»

Lehen Mundu Gerran zehar Espainia neutral mantendu zen eta horrek bere industria eta ekonomia suspertzeko aukera eman zion. Euskal Herrian nagusi ziren burdingintza eta ontzigintza industriak ikaragarri aberastu ziren, hornidura funtzioa betetzen baitzuten Europako herrialdeentzat. Andaluzia eta Espainia hegoaldeko elikagai-industriak ere asko hazi ziren, gerra zeuden herrialdeek eskaria asko handitu zutelako. Eskariaren handitzeak ekoizpena handitu zuen, baita mozkinak ere, baina ez langileen soldata eta eskari handiaren aurrean, elikagaien prezioa asko garestitu zen tokiko biztanleentzat, ia eskuraezin izateraino. Honek Espainiako langile-klasearengan bizimodua nabarmen okertu zuen, goseteak eraginez eta asaldadura soziala areagotuz. Berrezarkuntzaren sistemaren gainbehera, hein handi batean, gerra honek eragin zuen.

1917ko krisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «1917ko Espainiako greba orokorra»

1917an Berrezarkuntzaren erregimena krisi atzeraezin batean sartu zen, handik bost urtea bere amaiera eragingo zuena. Hiru foku zituen krisiak: militarra, politikoa eta soziala. Krisi militarra gobernuak armada erreformatzeko zuen asmoak eragin zuen, izan ere, armada zaharkituta zegoen, gehiegizko ofizial kopuruarekin eta garestiegia egiten zuen horrek. Hala, ofizialak murrizteari ekiteko asmoa azaleratu zuen, jada haserre zeuden militarrak (izan ere, penintsulako ofizialak karguz igotzeko aukerarik ez izateak haserretzen zituen, hori soilik afrikanistek egin zezaketen) are gehiago haserretuz. Hala, militarrek gobernuari karguz igo ahal izateko soilik antzinatasuna kontuan hartzea eta ofizial kopurua mantentzea eskatu zioten eta eskariak betearazteko Defentsa Juntak eratu zituzten, izaera sindikalekoak, gobernuari neurriak betearaztea lortu zutenak.

Bigarrenik, krisi politiko bat lehertu zen 1917. urtean Eduardo Datoren gobernuak Gorteak deuseztatu zituenean, alderdi antidinastikoek gobernuaren ahuldadea aprobetxatu nahi baitzuten iraultza demokratiko bat egiteko. Gorteen itxiera ez zen onartua izan zenbait alderdiren artetik, tartean Liga Erregionalista alderdia, eta azken honek Gorteetako diputatu guztiak Bartzelonara deitu zituen, bertan Gorteen bilera arruntak egiten jarraitzeko. Laurogei diputatu inguru baino ez ziren aurkeztu eta hortaz, deialdiak porrot egin eta Gorteak itxita geratu ziren.

Krisi sozial bat ere lehertu zen, sindikatuek gobernu ahula erorarazteko greba orokorra deitu baitzuten Espainia osoan. UGT, PSOE eta neurri batean CNTk babestu zuten greba eta hiriburu eta hiri handietan babes zabala jaso zuen. Datok armada bidali zuen greba erreprimitzera eta hauek tiro egin zieten manifestariei, bertan herriak armadarenganako konfiantza osoa galdu zuen, soilik euren interesei begiratzen zietela konbentziturik.

1917ko krisiaren harira, Berrezarkuntzaren sistema kolapsatzekotan egon zen 1923. urtera arte, Primo de Riveraren diktadurak amaiera eman zion arte sistema zaharrari. Kolapso honek lau ardatz izan zituela esan daiteke: ezegonkortasun politikoa, sindikatuen hazkundea, bortizkeria urteak eta Annualgo hondamendia.

Ezegonkortasun politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917. urtean alderdi dinastikoak ahul zebiltzan eta txandakatze sistema bertan behera zegoen, gobernuek oso gutxi irauten baitzuten. Alderdi dinastikoek kontzentrazio gobernuak osatzeari ekin zioten 1918. urtetik aurrera, itxaropen apurra sortuz biztanleriarengan, baina ez zuten arrakastarik izan eta ordutik aurrera gobernu oso ahulak eratu ziren, edozein neurri aurrera eramateko armadaren laguntza behar zutenak.

Alderdi ez-dinastikoei zegokienean, hauek ere ahul zebiltzan, izan ere, alderdi errepublikanoak zatituta zeuden: erreformistak monarkiazaleengana hurbildu ziren eta iraultzaileak gainbeheran zeuden. Alderdi sozialistei zegokienean, Espainiako Alderdi Sozialista (PSOE) zatitu egin zen 1921. urtean, Errusiako Iraultzak joera berri bat sortu baitzuen bere baitan, iraultzailea eta Internazional Komunistan sartzearen aldekoa. 1921ean korronte hori korronte erreformistatik banandu zen Espainiako Alderdi Komunista eratuz. Katalan abertzaleak ere ez zeuden garai onenetan, Liga Erregionalistak kanpainan huts egin eta indarra galdu zuen eta Ekintza Katalana izeneko ezkerreko alderdi abertzale katalana eratu zen. Euskal abertzaletasunean Eusko Alderi Jeltzalea, alderdi nagusia, zatitu egin zen 1916. urtean, Luis Arana korronte independentistako burua alderdiaren buruzagitzatik kanporatua izatean eta hala, joera autonomistak Euzko JEL-Batza (EJB) eratu zuen, independentistak EAJ-Aberri birsortu zuen 1921ean.

Sindikatuen hazkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) sindikatuaren logoa. Garai hartan nagusi zena Espainian.

1916tik 1921era bitarte Espainia mailako sindikatu nagusiek, UGT eta CNT, inoizko hazkunderik handiena izan zuten. Lehenak, alderdi sozialistaren hurbilekoa, urte horietan laurogei mila afiliatu irabazi zituen eta Andaluziara zabaltzen hasi zen, bigarrenak are hazkunde handiagoa izan zuen, bostehun mila afiliatutik gora irabazita. UGTk Asturias, Bilbo Handia eta Madrilen zituen afiliatu gehienak eta CNTk Katalunia eta Andaluzian, azken honek, hazkundeari erantzuteko Santseko Biltzarra antolatu zuen 1918an, zeinetan sindikatua berregituratu eta lehengo oinarri anarkistak berretsi ziren. Euskal Herrian, ELA sindikatu abertzaleak ere hazkunde nabarmena izan zuen, UGTrekin buruz buru ibiltzeraino. Hazkunde ikaragarria Lehen Mundu Gerrak langile-klasearengan eragin zuen pobreziak eta Errusiako Iraultzak sorturiko itxaropenak eragin zuen. Sindikatu Libreak ere sortu ziren, gobernu, enpresaburu eta patronalen laguntzaz, sindikatu anarkistetako kideak hiltzeko asmoarekin.

Bortizkeria urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918an hasi eta 1920ra arte iraun zuen periodoari Hirurteko Boltxebikea deitzen zaio, bi altxaldi nabarmen izan baitziren espainiar estatuan. Lehena, Andaluziako jornalariek egin zuten, bertako sindikatuek lagunduta, euren bizi-baldintza kaskarrak salatzeko asmoarekin eta latifundismoaren arazoak eraginda. Gobernuak armada bidali zuen altxamendua erreprimitzera, gerra egoera ezarrita. Katalunian La Canadencaren Greba egin zen 1919an, Bartzelonan kokatutako argiteria-lantegi garrantzitsuko langileek egin zuten, berrogei bat egunez, inoizko grebarik luzeena, hain zuzen. Grebak hiria gelditu zuen erabat eta estatura zabaldu zen laster.

Bestalde, Pistolerismoaren Urteak delakoak jazo ziren 1919 eta 1921. urteen artean. Sindikatu Libreak, patronalek eta enpresaburuek besteak beste sustatu eta lagundutako elkarteak CNTko buru eta kide garrantzitsuak eraso eta hiltzeari ekin zion eta hauek modu berean erantzun zuten enpresaburuak eta gobernuko kideak erailtzen, tartean, Eduardo Dato gobernuburua. Zortziehun atentatutik gora egin ziren eta azkenean, burgesiaren presioz, gobernuak armada bidali zuen esku-hartzera.

Annualgo hondamendia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Annualgo gudua», «Riftar», «Rifeko Errepublika» eta «Abd el Krim»
Annualgo hondamendia, Berrezarkuntzari amaiera eman zion faktoreetako bat.

1921. urtean Espainiak Marokoko Protektoratua menderatzeko asmoa zuela iragarri zuen eta misio horren buru Dámaso Berenguer jenerala ipini zuen. Berenguerrek Silvestre jeneralari aurrera gehiago ez egiteko eta bere esanetara jartzeko agindu zion, baina honek ez zion jaramonik egin eta riftarren lurrak menderatzen jarraitu zuen, gero eta orografia zailagoetan, harik eta Abd el Krim riftarren buruaren tropek Annualen Silvestre jenerala eta bere armada guztia garaitu zuten arte. Silvestre jenerala bera gudu hartan hil zen. Garaipen horrek riftarrei Espainiak urtez-urte poliki-poliki menderatutako lur guztiak berreskuratzeko aukera eman zien eta hala egin zuten, Espainia ia Afrikatik kanpo utziz. Hondamendi hark hautsak harrotu zituen Espainian eta Gorteek Ikerketa Batzorde bat eratu zuten Picasso jenerala buru zuena. Erantzukizuna Bilatzeko Batzordeak 1922an Picasso Espedientea argitaratu zuen eta eztabaida kartsuak lehertu ziren. Errepublikano eta sozialistek erregeari egotzi zioten Annualen gertatutakoa eta armada haserretzen hasia zen ospe txarra hartzen hasi zelako. 1923. urtean García Prietoren kontzentrazio gobernua eratu zen, zeinak konstituzioa aldatzeko asmoa zuela adierazi zuen eta agian horregatik, Primo de Rivera gobernuaren aurka altxatu zen. Altxamendu hori Ardura Politikoen Batzordeak bere ebazpena argitaratu aurretik jazo zen. Diktadoreak estatu-kolpea 1923ko irailaren 13an eman zuen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]