Adriana Lastra Fernández (Ribeseya, Asturias, 1979ko martxoaren 30a) espainiar politikaria da, Espainiako Langile Alderdi Sozialistako kidea.
Ribeseyan jaio zen 1979ko martxoaren 30ean. Gizarte Antropologia ikasketak hasi zituen, baina ez zituen amaitu. Hemezortzi urte zituenean Ribeseyako Gazte Sozialistakeko kide egin zen. Handik urte batera elkarteko idazkari nagusi bilakatu zen. Karguan jardun zuen 1999 eta 2004 bitartean, elkarteko Gizarte Mugimenduen eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen idazkari izendatu zuten arte. 2008 eta 2012 bitartean Asturiasko Federazio Sozialistako Udal Politikako idazkaria izan zen. 2007ko Espainiako hauteskunde autonomikoetan Asturiasko Printzerriko Junta Nagusiko diputatu hautatu zuten ekialdeko hautes-barrutitik aurkeztuta. Berriro hautatu zuten 2011ko eta 2012ko hauteskundeetan.
2015eko Espainiako hauteskunde orokorretan Asturiasko Printzerrian Diputatuen Kongresurako PSOEko zerrendaburu joan zen eta diputatu hautatu zuten. 2016ko Espainiako hauteskunde orokorretan Diputatuen Kongresurako hautagaitza errepikatu zuen zerrendaburu gisa, eta diputatu hautatu zuten berriz ere.
2017ko ekainaren 18az geroztik PSOEko idazkariorde nagusia da. Gainera, 2018ko ekainaren 7az geroztik PSOEko eleduna da Diputatuen Kongresuan.