Altxerri | |
---|---|
![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Udalerria | Gipuzkoa |
Koordenatuak | 43°16′7″N 2°8′5″W |
Ezaugarriak | |
Margoak | Bai |
Aztarnak | Bai |
Altxerriko leizea haitzulo bat da, Aian dagoena, Gipuzkoan, Oriotik kilometro batera, Beogarate mendiaren ekialdeko hegalean. Ezaguna da, batez ere, bertan dauden Madeleine aldiko labar-pinturak eta grabatuak direla-eta. 2008an UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen, Santimamiñe eta Ekainekin batera.[1]
Lehen irudiak 1962an aurkitu ziren. Berezko sarbidea itsutua izanik, harrobi batean eginiko sarreratik iristen da 2.200 m luze den leize honetara. Hormetako margolan eta grabatuetan hainbat animalia mota daude irudikatuta: oreina, sarrioa, elur-oreina, bisontea, zaldia, zezena, ahuntza, azeria, etab. Halaber, bi irudi giza itxurako, beste bat zuhaitz itxurakoa eta zeinu, lerro eta puntu asko ikus daitezke. Nabarmentzekoak dira bisonte baten neurriak: 4,20 m luze eta 2,10 m altu. Altxerri Euskal Herriko Paleolitoko haitzuloetako artearen adibidea da, beste askorekin batera (Alkerdi, Ekain, Isturitze, Venta Laperra, Santimamiñe). Apellaniz eta Altunak haitzulo honi eskainiriko monografian Madeleine Aro IV., V. eta VI.ean kokatu zuten.
Lehendik aurkituak zeuden –azken aurkikuntza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[2] Baina, badira elur-oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahuntzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi-Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azaltzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur-oreinaren garrantziaren lekukotasuna” azpimarratzen du.
Bitxia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifikatzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: batzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste batzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi batzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur-orein baten barruan azaltzen da; eta zenbait animalia azaltzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.
Lehen aurkikuntza honen ondoren, Jesus Altunak[3] beste bi bisonte aurkitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati batzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorputzeko zatirik lodienean margo gorria erabiltzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati batzuk zehazteko haitzaren koskak erabiltzen zirela ikus daiteke hemen.
Altxerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pentsarazi die adituei.
Animalien anatomia marrazkietan, bere gorpuzkera berdin-berdina egitearen ahalegina antzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tematzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azaltzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marrazkietan erabiltzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradokitzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabiltzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egokitzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modelatzea hobetzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, edukitze, ehizatze edo suntsitze zeinutzat jo daitezkeela proposatzen dute, zalantza artean bada ere.[4]
Altxerriri buruz egiten duen azterketa zorrotzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adierazpen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako antzinako Madeleine aldiko grabatzaile eta “marratzaileen” aldetik. Altxerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[5]
Altxerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, batzuen ustez, irudiak Antzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu beharko lirateke;[6] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta Antzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta “sailkapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV.,V. eta VI.eko (H. Breuil) data ziurragoa dela deritzo.
Dena dela, Altxerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztartzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[7]
Arte adierazpen hauen esanahiari buruzko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruzko isiltasuna gorde nahi dute zuhurki. Hala ere, honi dagokionez oso garrantzizkoa da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Altxerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia,”irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat hartzen zituen animaliak –zaldiak, ahuntzak, zezenak”.[8]
![]() |
Gizateriaren Ondarea Euskal Herrian | ![]() |
---|---|---|
Bizkaiko Zubia • Done Jakue bidea1 (tartean Baionako katedrala eta Ospitalepeko eliza) • Paleolitoko labar-artea2 (tartean Altxerri, Ekain eta Santimamiñe) • Europako pagadi primarioak3 (tartean Lizardoia eta Aztaparreta) Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekua4 1Espainia eta Frantziako beste guneekin • 2 Espainiako beste guneekin • 3 Albania, Austria, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Alemania, Italia, Polonia, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Espainia eta Ukrainako beste guneekin • 4 Kanadan |
![]() |
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |