Amienseko gudua, Pikardiako Hirugarren Gudua izenarekin ere ezagutua (frantsesez: 3ème Bataille de Picardie), aliatuen kontraerasoaldiaren hasierako fasea izan zen, 1918ko abuztuaren 8an hasi zena. Aurrerago "Ehun Eguneko Ofentsiba" izena jasoko zuenak Lehen Mundu Gerraren azken erasoa izango zen. Aliatuek 11 kilometroko aurrerapena egitea lortu zuten lehenengo egunean soilik, gerra osoan zehar egindako aurrerapen handienetakoa. Erasoa nagusiki Henry Rawlinsonen 4. Armada britainiarrak (John Monash-en australiar eta Arthur Currieren kanadiar unitateen laguntzarekin) eta Marie Eugène Debeneyren 1. Armada frantziarrak aurrera eraman zuten. Gudua, gainera, nabarmena da bi aldeen moralean izan zuen eraginagatik, zehazki amore eman zuten alemaniar indar ugariengatik. Horren ondorioz, Erich Ludendorffek borrokaren lehen eguna "Alemaniako Armadaren egun beltza" bezala deskribatu zuen. Amiensko gudua gerra korazatuen erabilera ikusi zuen lehenetariko borroka izan zen.[1]