Avery, Mc Leod eta Mc Cartyren esperimentua

DNA duen hau bezalako erauzkin batekin burutu zuten egileek haien esperimentu famatua


Avery, Mc Leod eta Mc Cartyren esperimentua hiru zientzialari hauek 1944. urtean argitaratutako esperimentua da, biologia molekularraren arloan mugarri bat jarri zuena, DNA bakterioen transformazioaren eragilea eta informazio genetikoaren eramailea zela adierazi zuelako. New Yorkeko Rockefeller Institutuan burutu zuten egileek haien esperimentu ospetsua.


Sakontzeko, irakurri: «Griffithen esperimentua»

1928an Frederick Griffith mikrobiologo britainiarrak bakteriar transformazioa deskribatu zuen estreinakoz. Streptococcus pneumoniae bakterioa erabiliz, Griffith konturatu zen bakterio patogenoak gai zirela bakterio ez-patogenoak aldatzeko, patogenoak bihurtuz harremanetan jartzen zirenean. Griffithen ustez bakterio patogenoek molekula bereziren bat zuten, "printzipio eraldatzaile" bat, bakterio ez-patogenoengana pasatzean haien birulentzia aldatuko zuena.

Esperimentu hau Avery, Mc Leod eta Mc Cartyren abiapuntua izan zen haien ikerketa garatzeko.


Esperimentuaren nondik-norakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru ikerlari hauek frogatu zuten Griffithen "printzipio eraldatzailea" DNA zela, transformazio prozesuari azalpen molekularra emanez.

Griffithen esperimentuaren aldean, hitu zientzialari estatubatuarrek ez zuten bakterio biziak erabili, beroz hildako bakterioen erauzkin bat baizik. Erauzkin horretan bakterioaren makromolekula nagusiak zeuden (polisakaridoak, lipidoak, proteinak eta azido nukleikoak), tartean -haien ustez- Griffithen "printzipio eraldatzailea", isolatu eta identifikatu beharrekoa.

Erauzkina proteinen entzima hidrolitikoekin tratatzean (tripsinarekin, adibidez) "printzipioa" ez zen indargabetzen. Horrek esan nahi zuen proteinak ez zirela bilatutako molekulak. Gauza bera gertatzen zen erribonukleasak erabiliz (RNA hidrolizatzen duten entzimak): beraz, RNA ere ezin zitekeen izan transformazioaren eragilea. DNA entzima hidrolitikoekin tratatzen zenean, aldiz, ez zen bakterioen transformazioa gertatzen: DNAk izan behar zuen, beraz, transformazio-gaitasuna zuena, Griffithen esperimentuaren "printzipio eraldatzailea", eta informazio genetikoaren gordailua, geroago frogatu zenez.

Esperimentu honek eta, batez ere, Hershey-ek eta Chase-k 1952an burutu zutenak inongo zalantzarik gabe argitu zuten DNA material genetikoa zela. Biologia molekularraren oinarriak finkaturik zeuden.


Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]