Beau Geste | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Percival Christopher Wren |
Argitaratze-data | 1924 |
Izenburua | Beau Geste |
Jatorrizko herrialdea | Erresuma Batua |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | abentura-nobela |
Hizkuntza | ingelesa |
Egile-eskubideak | jabetza publiko eta jabetza publiko |
Beau Geste Percival Christopher Wrenek idatzitako abentura-eleberria da, 1924an argitara emandakoa. Eleberriaren argudioaren haritik hainbat film ekoiztu izan dira eta izen bertsua daramate. Denetan nabarmenena William A. Wellmanen bertsioa dugu, Gary Cooperrek antzeztua. Harribitxi baten desagerpenak gidatzen du bi zati nagusitan banatutako eleberriaren argumentua. Aurrenekoan Nigeriako Zinderneufeko gotorleku batean bizitutakoak bi lagunen solasgai dira, eta kontatutako horiek bigarren zatian azalpen izango dute, flashback eran argituak: Michael, Digby eta John Gesteren istorioa da, Atzerriko Legiora joanak, Nigeriako iparraldera hain zuzen, non korapiloa askatuko den. Wrenen planteamenduak une askotan Wilkie Collins handiaren The Moonstone eleberria ekartzen digu gogora.
« | Mesedez, kontatu odol eta guda istorioak – eskatu zion Michaelek, eta Claudiak ere antzera ekin zion: “Horixe! Badakigu izan zarena arabiar zalditeriaren oldar saioetan, Bi banderaren pean eleberrian kontatzen diren horien modukoetan”. Ematen zuen aspaldiko laguna zuela eta horretaz baliatu ginen. Horrela bada arreta-une bilakatu zen, eta harako hartan ia Ur Urdinaren pare begitandu zitzaigun.
Hurrengo arratsaldean kapitainak Claudia frantsesarenera bidali zuen istorio haiek kontatzen etor zedin. - Ea gai zaren kanpotar xalo hori gure ezkutalekura ekartzen! –erregutu zion-. Bere sekretuak ezagutu nahi ditut. Neke handirik gabe Claudiak ondo asko limurtu zuen, eta bazkaldu ostean gure kanpatze-lekuan zen. Enbor baten gainean eseri zen eta beldur batean bildu gintuen, hezurretaraino iragan zen beldurra, hain abila zen kontuak esaten. Han ziren espahiak, Frantziako Atzerriko Legioa, Afrikan dabiltzan ehiztariak, zuaboak, turkoak, eta izen bereziko erregimentuak. Hainbat eta beste konturen gainean jardun zuen: basamortuko gerraz, arabiarren keinu anker eta aldi berean dotoreez, antzina legez zaldikoek ezpata eskuan izandako aurrez aurreko borrokez, balentria bipil eta adoretsuez, aurpegia estalita dakarten tuaregez, mantelina daramaten emakumeez, hiri ezkutuez, oasiez, ispilatzeez, hondar erauntsiez eta Afrikako gauza harrigarriez… horiek guztiak eta gehiago entzun genituen. |
» |
Aurreneko bertsioa 1926koa da, Herbert Brennonek zuzendua, eta Ronald Colmanek antzeztua. William A. Wellmanek ekoiztu eta zuzendu zuen 1939ko bigarren zinemarako moldapena, gerora klasikotzat jo dena. Nobelako Michael, Digby eta John Geste Gary Cooper, Robert Preston eta Ray Milland izan ziren hurrenez hurren. Paramount izan zen produkzio-etxea. Gidoia Robert Carsonena izan zen, eszenografia Hans Dreier eta Robert Odell-en ardura, argazkia Theodor Sparkhulena eta Alfred Newmanena musika. Bigarren unitatean Richar Talmadge aritu zen Archie Stout argazkilaria lagun. Aldaketak aldaketa nobelaren eskema jarraitu zuen egokitzapen honek, eta era berean flashbacken bidez antolatuta dago.
Technicolor sistema aurreikusi bazuten ere, azkenik zuri-beltzean filmatu zuten, jorratutako ikuspegi beltz eta ilunak hautua arrazoizko eginda. Nobelak Afrikan ezarritako paisaiak Arizonako basamortura egokitu zituzten eta filmatze-lanak lau astean osatu ziren, bero-sapa eta hondar erauntsiak tartean. Barnealdeetakoak, berriz, Paramounten estudioetan eta Pasadenako egoitza batean. Filma 1939ko uztailaren 24an estreinatu zuten eta egundoko arrakasta izan zuen. Oskar sarietan bi sailetarako izendatua izan zen: eszenografia eta bigarren aktoreari, Brian Donlevyri, zegozkienak.