Bigarren Fitna

Bigarren Fitna
Fitnak
Data680-692
EmaitzaOmeiatarren garaipena
Gudulariak
Omeiatar Kalifa-herriaren Mahomaren familia
Buruzagiak
Abd al-Malik
Yazid I.a
Husain ibn Ali 
Abd Allah ibn al-Zubayr 

Bigarren Fitna edo Bigarren Islamiar Gerra Zibila desordena politiko eta militarreko garai bat izan zen, itxuraz elkarren artean zuzenean lotuta ez zeuden eta Omeiatar Kalifa-herriaren hasieran mundu islamikoan gertatu ziren gatazkek osatua. Bigarren Fitna Muawiyah I.a lehen omeiatar kalifa 680an hil ondoren hasi eta hamabi urte inguru iraun zuen. Gerrak omeiatar dinastiari bi erronka kentzea ekarri zuen, lehena Husain ibn Aliren aldetik, baita bere jarraitzaileena ere, Soliman ibn Surad eta Mukhtar al-Thaqafi barne, hauek Persian Aliren heriotzaren mendeku gisa altxatu zirelarik, eta bigarrena Mekan Abd Allah ibn al-Zubayrren aldetik.

Gerra zibilaren aurrekariak Lehen Fitnaraino hedatzen dira. Uthman hirugarren kalifaren hilketaren ondoren, islamiar komunitateak bere lehen gerra zibila bizi izan zuen lidergoaren gaiaren inguruan, lehiakide nagusiak Ali eta Muawiyah zirelarik. 661ean Ali hil eta urte berean haren oinordeko Hasan abdikatu ondoren, Muawiyah kalifa-herriaren buruzagi bakartzat geratu zen. Muawiyahren aurrekaririk gabeko mugimenduak, Yazid bere semea oinordeko bezala aurkeztekoak, komunitatean aurkakotasuna sortu zuen eta tentsioak areagotu egin ziren bere heriotzaren ondoren. Aliren familiako jarraitzaileek (alitarrek) Husain ibn Ali (Aliren semea eta Hasanen anaia) omeiatarrak boteretik kentzera eskatu zuten, baina, 680ko urrian Kufara zihoala, bere jarraitzaileekin batera hil zuten Kerbalako guduan.

683ko abuztuan, Yaziden armadak Medinan gobernuaren aurkako matxinatuei eraso zien, eta berehala setiatu zuen Meka, non Ibn al-Zubayr Yaziden aurka altxatu zen. Azaroan Yazid hil ondoren, setioari amaiera eman zitzaion eta omeiatar autoritatea kalifa-herritik desagertu zen, Siriako zenbait lekutan izan ezik. Husainen heriotzagatik mendekua eskatzen zuten alitarren aldeko mugimendu batzuk sortu ziren Kufan, Ibn Suraden penitentziagileen mugimendutik hasita, 685eko urtarrilean omeiatarrek Ayn al-Wardako guduan zapaldu zutena. Mukhtar al-Thaqafik, orduan, Kufa konkistatu zuen. 686ko abuztuan Khazirko guduan bere tropek omeiatar armada handi bat garaitu zuten arren, 687ko apirilean zubayrtarrek kanpaina batean Mukhtar eta bere jarraitzaileak sarraskitu zituzten.

Beste musulman nagusu batzuek Huseinen heriotzaren ondorengo urteetan omeiatar gobernua arbuiatu zuten, Mukhtar al-Thaqafi barne. Mukhtarrek Aliren beste seme bat, Muhammad ibn al-Hanafiyyah, ordezkatzen zuela zioen. Ibn al-Zubayr ere, omeiatarren politika zapaltzaile batzuen alternatiba errukitsu bilakatu zen. Yazidek aurre egin behar izan zion Ibn al-Zubayrren matxinadari. Ibn al-Zubayr profetaren kide ohi baten seme- Zubayr ibn al-Awwam- eta Asma bin Abu Bakrren (Abu Bakr lehen kalifaren eta Aisha Mahomaren hirugarren emakumearen arreba erdiareb alaba) semea zen. Ibn al-Zubayr Hejira ondoren Medinan jaio zen lehen musulmana izan zen. Askok Al-Zubayren matxinada lehen komunitate islamiarraren jatorrizko balioetara itzultzeko saiakeratzat hartu zuten, eta, arrazoi desberdinengatik, matxinada omeiatar erregimenarekin bat ez zetozen talde batzuentzat ongi etorria izan zen. Omeiatar gobernua are gehiago ahuldu zen Yazid bat-batean hil eta bere semea, Muawiyah II.a ahul eta ezgaitua, tronura igo ondoren. Honek ia hilabete batzuez gobernatu zuen 683an, eta handik gutxira ondorengorik gabe hil zenean, amaiera eman zion sufianitar dinastiari, baita al-Zubayrren aurkako kanpaina militarrei ere.[1]

Siriatik kanpoko omeiatar autoritatea desegiten hasia zen, baina orduan ia erabat desagertu zen,[2] kalifa-titulurako hautagai batzuen sorrera ahalbidetuz, omeiatarrak zein omeiatarrak ez zirenak.[2][1] Horietatik lau nabarmendu ziren: Abd Allah ibn al-Zubayr, Yazid hil ondoren jada Mekatik gobernatzen zuena; Al-Dahhak ibn Qays al-Fihri omeiatarra, Muawiyah eta Yaziden agindupean segurtasun buru izan zena; Hasan ibn Malik ibn Bahdal, Yaziden lehengusua eta Palestina eta Jordaniako omeiatar gobernadorea Muawiyah I.aren eta Yazid I.aren agintaldietan; eta Al-Ashdaq, Yazid erresuman Medinako gobernadore izan zen beste printze omeiatar bat.[1]

Al-Dahhak ibn Qays al-Fihrik zuzendutako fakzioak Ibn al-Zubayr kalifa gisa hautatzearen alde egitea erabaki zuen bitartean, Ibn Bahdal buru zuen alderdiak 684ko udaren hasieran Marwan ibn al-Hakam kalifa aldarrikatu zuen al-Jabiyan, Damaskotik gertu.[1] March Rahiten garaipenaren ondoren, Marwanek bere posizioa sendotu zuen Fajita ibn Abi Hashim, Yazid I.aren alargunarekin, ezkonduz eta, Khalid ibn Yazid honen semea, bere oinordekoa izango zela zin eginez..[3] Behin kalifa aukeratua izan ondoren, ordea, Abd al-Malik bere semea kalifa-herriaren oinordeko izendatu zuen. Ondoren, Musab ibn al-Zubayr garaitu ondoren, Abden anaia Allah ibn al-Zubayr, Ubayd Allah ibn Ziyad jenerala Irak konkistatzera bidali zuen. Marwan 685ean hil zen, bertsio batzuen arabera Fajita bere emazteak eraila,[3] Irak konkistatu aurretik. Tronuan bere seme Abd al-Malik izan zen.[1] Probintzia gehienek Ibn al-Zubayr kalifatzat hartzen zuten.

Abd al-Maliken gobernuan gerra zibila areagotu egin zen. 684an, Ibn al-Zubayr Tihama eta Al-Hijaz eskualdeetan isolatu zuten, non kharijistarrek estatu independente bat ezarri zuten Erdialdeko Arabian. Beste kharijistar matxinada batzuek jarraitu zuten Iraken eta Iranen, Mukhtar al-Thaqafik gidaturiko xiitak Kufan matxinatu ziren bitartean, Husainen heriotza mendekatzeko eta Muhammad ibn al-Hanafiya Aliren beste seme baten kalifa-titulua aldarrikatzeko. Siriar aurkariak, bereziki Al-Ashdaq, garaitu ondoren eta Iraken eta Mesopotamiako iparraldean kanpaina militarrak egin ondoren, 691n, azkenean, Al-Malikek armada bat bidali zuen Mekara, al-Zubayrrek arerio kalifa gisa gobernatzen zuen hirira. Siriar armada etsaiari gailendu zitzaion, zonaldean omeiatar autoritatea berrezarriz: 692an Meka sei hilabetez setiatu ondoren, Al-Hajjaj ibn Yusufek, omeiatar kalifaren konfiantzazko jenerala eta Irakeko gobernadorea izango zena, azkenean Ibn al-Zubayr garaitu eta hil ahal izan zuen, horrela, aparteko gatazken aldi honekin amaituz.[3][1]

Al-Malik 685ean izendatu zuten kalifa, baina Al-Zubayr 692an hil zenean bilakatu zen kalifa oso, denek onartzen zutena. Mekako setioak, sei hilabete inguru iraun zuena, katapulten bidezko bonbardaketak eta hiriaren horniduraren mozketa barne hartu zituen, eta Kaabaren zati bat suntsitu zuen sute bat sortu zuen. Kalte horiek omeiatarren aurkako kritikak areagotu zituzten, boterearen usurpatzaile erlijiogabetzat jo baitzituzten. Bestalde, Abd al-Malikek arabiera inperioko lingua franca bihurtu zuen prozesuari hasiera eman zion eta Arrokaren Kupula eraiki zuen Jerusalemen.[3] Bere agintaldian, lehen kalifen politika federal eta oso ideologikoak lurretan oinarritutako estatu burokratiko bati bide eman zion, eta horrek hedapen inperialeko fase berri bat bizi izan zuen, 716/717an [[Konstantinopla]ren konkista saiakera barne hartu zuena. Muawiyah hil zenean omeiatar kalifa-herria desagertzeko zorian egon zen arren, familiak botereari eutsi zion. Al-Maliken oinordeko izan ziren haren lau seme-alaba, hiru biloba eta bi iloba, eta praktikan jarri zituzten erakunde eta ideia militar, administratibo eta ideologikoek bizirik iraun zuten hainbat mendetan.[1]

Abd al-Malikek kalifa-herriaren egitura administratiboan funtsezko erreformak egin zituen, kalifa-boterea handitzea, armada berregituratzea eta burokrazia arabizatzea eta islamizatzea barne. Bigarren Fitnako gertaerek islamaren joera sektarioak areagotu zituzten, eta zenbait doktrina islamaren izen sunita eta xiita izango ziren horretan garatu ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g (Ingelesez) Cook, Michael. (2010). The new Cambridge history of Islam. Cambridge University Press ISBN 0-521-51536-X. OCLC .298184395.
  2. a b (Ingelesez) Hawting, Gerald R.. (2000). The first dynasty of Islam : the Umayyad Caliphate AD 661-750. (2. argitaraldia) Routledge ISBN 0-203-17038-5. OCLC .48139718.
  3. a b c d (Ingelesez) Gibb, Hamilton Alexander Rosskeen; Bearman, Peri J.. (1960-2009). The encyclopaedia of Islam.. Brill ISBN 90-04-16121-X. OCLC .399624.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]