Borduria (ofizialki Borduriako Herri Errepublika) Hergék sortutako pertsonaia ospetsua den Tintinen abenturetan agertzen den irudizko herrialde bat da, Balkanetan egongo litzatekeena.
Borduria Ottokarren Zetroa eta Tournesol auzia abenturetan agertzen da, eta berari buruzko aipamen bat dago Tintin eta Pikaroak abenturan. Azken bi komikietan Ekialdeko Blokeko estereotipatutako herrialde stalinista bat bezala aurkezten da.
Ottokarren Zetroan, Tintinek sildaviar kartel turistiko bat irakurtzen du, non Sildaviaren Erdi Aroko historia eta Borduriarekin dituen harremanak kontatzen dituen. 1195ean Borduriak bere ondoko herrialdea zen Sildavia erantsi zuen, lehenaren mende 1275 arte egon zena, Almaszout baroiak borduriarrak kanporatu eta bere burua Ottokar I.a izenarekin herrialdeko errege izendatu zuenean. Tintinen hurrengo istorioetan, antzinatik datorren etsaitasun honek oraindik jarraitu egiten du, eta borduriarrak etengabe saiatzen dira Sildavia inbaditu edo desegonkortzen.
Ottokarren Zetroak (Hergék 1939an idatzia) borduriarren Sildavian estatu kolpe bat antolatzeko saiakera zapuztu bat kontatzen du, erregea tronutik kentzen eta herrialdea Sildavian dauden borduriarren aldekoen laguntzarekin inbaditzen saiatuz.
Tournesol auzian (1956) Borduria Ekialdeko Blokeko estereotipatutako herrialde bat bezala aurkezten da, bere polizia sekretuarekin (ZEP deritzona eta Sponsz koronelak zuzendua) eta Plekszy-Gladz izeneko diktadore estalinista batekin, bigotismo izeneko ideologia politiko bat bultzatzen duena. Plekszy-Gladzen estatua bat Stalinenaren antzeko bibote bat daramana eta nazien estilora agur eginez, gobernuaren eraikinaren aurrean dago. Garai honetako borduriar militarrak teknologikoki ezgauza erakusten dira, Tintinek eta bere lagunek lapurtutako tanke bat geldiarazteko gauza ez direla, tankeen aurkako minak eta kanoiak akastunak baitira.
1976an idatzi eta marraztutako Tintin eta Pikaroak abenturan, une horretan Tapioca generalak zuzendutako San Theodoros hegoamerikar errepublika bananeroak aliantza bat sinatu du borduriar gobernuarekin, aholkulari militarrak bidaltzen dizkiona, Sponsz koronela bera barne. Hergék liburu honentzat marraztu zuen argitaratu gabeko orrialde batean Plekszy-Gladzen soingain bat San Theodoroseko koronel baten bulegoan ere ikus daiteke. Azkenean, Tintinen laguna den Alkazar generalak Tapioca boteretik kentzen du eta Sponsz erbesteratua da.
Tournesol auzian, Plekszy-Gladz mariskalaren bibotea ikur nazional bezala erabiltzen da, herrialdeko banderan, bere arkitekturan, borduriar autoeen talkageldiarazleetan (bilduma horretan Tintinek ihes egiteko erabiltzen duen autoa kasu), baita bokalen batzuetan tilde diakritiko bezala ere. Polizia eta ofizialek zirkulu zuri baten erdian bibotearen ikurra duen besoko gorriak daramatzate. Alemanian nazien erregimenpean zenbait erakundek zeramatenaren antzerakoa da. Tintinek ostatu hartzen duen Szohôdeko Zsnorr hotelak ere biboteari erreferentzia egiten dio (snor hitzak nederlanderaz bibotea esan nahi du). Tintin eta Pikaroak bilduman, bibotearen logotipo bigotista San Theodoroseko eraikinen apainduran ikus daiteke. Borduriar zin egite ezagun bat "Plekszy-Gladzen biboteengatik!" da.
Ottokarren Zetroa komikian borduriar bandera beltza da, zirkulu gorri bat eta bi hiruki beltzekin. Tournesol auzian gorria da eta Plekszy-Gladzen bibotea du.
Sildaviak bezala, Borduriak islama bere erlijioetako bat bezala du edo izan zuen: Tournesol auzian minarete bat ikus daiteke Plekszy-Gladzen estatua inguratzen duen eraikin modernisten atzean. Erakusten diren beste arkitektura adibide batzuk Jugoslaviako eran eginiko eraikin tipiko zaharrak eta eraikin komunista modernoak dira.
Artikulu nagusia: borduriera
Tintinen liburuek herrialdeko hizkuntza den borduriera zati batzuetan baino ez dute erakusten. Sildaviera bezala, borduriera, itxuraz, Marolsean oinarritzen da, Bruselan hitz egiten den nederlanderaren dialektoa. Alderatu bordurierazko mänhir (jauna) hitza nederlanderazko mijnheer hitzarekin.