Britainiar Legio Laguntzailea

Britainiar Legio Laguntzailea
J.W Gilesek egindako Britaniar Legio Laguntzailearen ilustrazioa.
Sorrera1835
FideltasunaElisabet II.a
Desegitea1837
BuruzagiakGeorge Lacy Evans (Komandantzia)
GuduakArlabango gudua, Lugarizko gudua, Bilboko setioa, Oriamendiko gudua, Irungo gudua, Andoaingo gudua
Legioaren 6. Erregimentuak 1836ko azaroaren 17an nekazarien etxeetan eragindako arpilatze eta suntsiketa (Zumalakarregi Museoko bilduma).

Britainiar Legio Laguntzailea (ingelesez: British Auxiliary Legion; gaztelaniaz: Legión Auxiliar Británica) 1835ean Erresuma Batuak Maria Kristina Borboikoak eskatuta Lehen Karlistaldian liberalak laguntzeko bidali zuen unitate militarra izan zen.

Espainiako Gobernu liberalak 1834ko apirilean sinatutako Aliantza Laukoitza zela medio (Europako potentzia liberalekin sinatutakoa, britainiar, frantziar eta portugaldarrekin alegia), Britainiar itsas armadak Kantauriko kostaldea zaintzen zuen karlisten arma lehorreratzeak eragoztearren. Baina Zumalakarregiren arrakasta militarrak aliatuen partaidetza sakonagoa eskatzera eraman zuen Madrilgo gobernua. Britainiarrek, 1835eko ekainean, partaidetza zuzena ukatu arren, bolondresek osatutako guda talde bat bidaltzea erabaki zuten: Legio Laguntzailea.

Uztailean iritsi zen Donostiara lehenengo batailoia eta abuztu erdirako bertan zegoen 10.000 soldaduk osatutako Legioa. Hilabete honen hondarrean Hernaniren aurkako ekintza batean parte hartu zuten estreinako porrota jasanez.

Legioaren buru George Lacy Evans, esperientzia luzeren jabe zen militarra, izendatu zuten. Don Karlosek Durangoko dekretua zabaldu zuen, non Elliot Hitzarmenetik kanpo uzten ziren liberalekin borrokatzen zuten atzerritar guztiak, alegia, denak fusilatzeko agindua ematen zuen. Fernandez de Córdova liberalen buruak Britainiar Legioa Gasteizen kokatzea erabaki zuen eta abendurako bertan zegoen.

Oso negu gogorra jasan zuten Gasteizen, martxorako 800dik gora hildako izan baitzituzten, gehienak gaixotasunen eraginez. Bitartean karlistentzat lanean ari zen okina atxilotu zuten, britainiarren ogia pozoitzeagatik "garrote vil" pairatzea kondenatu zutelarik.

Maiatzean berriro Donostiara itzuli zen Britainiar Legioa, iritsi bezain laster hiria setiatzen zuten karlisten aurkako borroka arrakastatsuan parte hartuz. Pasaiako portua liberalentzat eskuratu zuten egun batzuk beranduago, Donibane gainean gotorleku bat eraikiz.

Urrian legioko 2000 gizon Portugaletera bidali zituzten, Bilboko setioa hausteko ahaleginetan lagunduz, Lutxanako guduan ere partaidetza izan zutelarik. 1837ko martxoan, aitzitik, karlistaldian jaso zuten jipoirik handiena jasan zuten Oriamendin On Sebastian Infantearen eskutik. Maiatzean, berriz, Donostiatik Bidasoarainoko herriak menperatu zituzten. Erresistentzia gogorrena Irunen aurkitu zuten, garaipenaren ostean herritarrenganako basakeri ugari burutuz.

Britainiarrek bi urtetarako zerbitzua sinatua zutenez, 1837ko uztailean gehiengoak erretiratzea erabaki zuen, Lacy Evans, barne, gaizki hornituak eta berandu ordainduak izan baitziren. Dena den, 1700ek geratzea erabaki zuten, O´Conell koronelaren agintaritzapean Legio Berria osatuz. Irailean, Andoaingo borrokan Urangaren karlisten aurrean 100dik gora britainiarrek galdu zuten bizia, Legio Berria ia ia deseginez. Abenduan O´Conellek Legio Berria deuseztea erabaki zuen, ardura guztia gobernuari egotziz, ez baitzitzaizkien hornidura eta soldatak garaiz iristen. Balantze gisa, esan daiteke Lehen Karlistaldian parte hartutako 10.000 britainiarretik laurdenek bertan utzi zutela bizia. Baina 2.500 hildako haietatik erdiak ez ziren borroken eraginez zendu, gaixotasunengatik baizik.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]