Britainiar kaporalen hilketak | |
---|---|
Mota | shooting (en) sastakatze |
Data | 1988ko martxoaren 19a |
Kokaleku | Andersonstown |
Herrialdea | Ipar Irlanda |
Kausa | Milltown hilerriko erasoa |
Pertsona hilak | 2 |
Pertsona zaurituak | 0 |
Erantzule | Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikazalea |
Britainiar kaporalen hilketak (ingelesez: Corporals killings), Ipar Irlandako gatazkan zehar, 1988ko martxoaren 19an Belfast hiriko Andersonstown auzoan jazo zen, aurretik jada garaiko Ipar Irlandako giro txarra oraindik gehiago gaiztotu zuten Gibraltarreko hilketen eta Milltown hilerriko erasoa jazo eta egun gutxira.
Milltown hilerriko erasoan Michael Stone paramilitar loialistak hiru pertsona hil eta 60 zauritu zituen, horietako hildako bat berau atzemateko asmoz atzetik jarraitu zuen Caoimhín Mac Brádaigh IRAkidea izan zen.
Hiru egunera, Mac Brádaighen hiletan, hilerria beste behin ere irlandar errepublikarrez lepo bete zen. Elizkizunetan zehar, norbait Volkswagen Passat auto batean kaleko jantziz zelatan zeuden Britainiar Armadako ezkutuko bi kaporal gazteak (David Robert Howes, 23, eta Derek Tony Wood, 24) han zeudela ohartu, eta ezkutuan eta bertaratutakoak beste behin ere erasotzeko prest zeuden paramilitar loilalistak zirela uste izanda abisua eman zuen.
Bi kaporalak hiletara bertaratutako jendetza haiek atzemateko asmoz hurbilduz zihoala ikustean autoz atzerako martxan eta abiadura handiz handik ihes egiten saiatu ziren, baina alferrik izan zen, atzealdean bidea itxitzen zien auto ilara bat topatu baitzuten, hori gutxi ez, eta aurrealdean IRAkideek irteera guztiz eragozten zien taxi beltz bat ipini zieten. Jende andana jada auto gainean zutela ikusirik, kopilotu zihoan kaporalak leihatilatik atera eta haiek izutu eta sakabanatzeko asmoz pistolaz airera tiro parea egin zituen, baina jendeak kolpatu eta pistola eskuetatik kendu zion. Berehala, amorruz beteriko jendetzak bi kaporalak autotik indarrez arrastaka atera eta jipoitu egin zituen.
Bertan zegoen Alec Reid apaiz katolikoak norbaitek bi kaporalentzako anbulantzia eta laguntza eskatu zezan saiatu zen, baina zenbait pertsonek bultzakadaz eta tirokatua izango zenaren mehatxuz apaiza bertatik urrunarazi zuten.
IRAkideek bi kaporalak gertakari guzti hura filmatzen ari ziren telebista kamera eta kazetarien begi bistatik aldendu asmoz, taxi beltzera igo eta beraiekin batera inguruko aparkaleku batera eraman zituzten, han jada ezkutuan, kaporalak biluztu, jipoitu eta tiroz hil zituzten. Hil aurretik, benetan nor ziren aitortu zezaten torturatuak izan zirela ere aipatu ohi da. Bitartean, jendeak amorru biziz kaporalen autoa guztiz txikitu eta su eman zioten.
Alec Reid apaiza hilketak galerazten saiatu zen, baina bertaratu zenerako bi gorpuei azken igurtzia besterik ezin izan zien eman. David Cairns kazetariak une hori argazkiz irudikatu zuen. Bi kaporalen ihesaldia eta atzematea ere telebista kamerek filmatu eta argazkilariek ere irudikatu zuten, baina kazetariek ezin izan zuten ezer egin haiek salbatzeko, bestelakoan jendeak jipoitu edota IRAkideek tiroz hilko baizituzten.
Telebistako irudiek jazotako irudien arabera, taxi beltzean gidari eta kopilotu gisa Alex Murphy eta Harry Maguire IRAkideak identifikatu zituzten, ez ordea atzeko eserlekuetan bi kaporalekin batera zihoazen gainontzeko IRAkideak. Murphyk 83 urteko espetxe zigorra jaso zuen, eta Maguirek 79 urtekoa. Biak ere, Ostiral Santuko Hitzarmenaren ondorioz aske gelditu ziren.