Candido Bolivar Pieltain

Candido Bolivar Pieltain

Bizitza
JaiotzaMadril1897ko apirilaren 15a
Herrialdea Espainia
BizilekuaMexiko
HeriotzaMexiko Hiria1976ko azaroaren 22a (79 urte)
Familia
AitaIgnacio Bolívar Urrutia
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakentomologoa
Enplegatzailea(k)National Polytechnic Institute (en) Itzuli
Jasotako sariak

Candido Luis Bolivar Pieltain (Madril, 1897ko apirilaren 15a - Mexiko Hiria, 1976ko azaroaren 22a) espainiar entomologo, espeleologo eta politikaria izan zen.[1]

Datu biografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal jatorriko familia batean jaioa, aita Ignacio Bolivar Urrutia zuen;[1] ama berriz, Fermina Pieltain Bartolí, Coruñan jaioa eta Candido Pieltain Jove-Huergo militarraren alaba.[2]

1924ko urtarrilaren 2an[3] Amelia Goyanes Echegoyenekin ezkondu zen; sei seme-alaba izan zituzten, zeinetatik lau Espainian jaio ziren (Jose Ignacio, Amelia, Mª Luisa eta Ana) eta beste biak Ameriketan (Simon eta Antonio).[1]

Ibilbide zientifikoari erreparatuz begi bistakoa denez, pertsona langilea, serioa eta sistematikoa izan zen; bere hurbileko kolaboratzaileen arabera, gainera, badakigu izaera sentiberekoa, adeitsua eta kultura orokor handikoa zela.[4]

Ikasle, ikerle, irakasle (1911-1931)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen eta bigarren mailako ikasketak Madrilen egin zituen, Institución Libre de Enseñanza erakundean, eta Batxiler gradua 1911n lortu zuen.

Natura zientzietako zaletasuna umetatik zetorkion: aita Espainiako ortoptero espezialista nagusia zen, eta mundu mailan lehenetako bat;[5] ama ere giro intelektualetan mugitzen zen.[2] Aitaren eskutik sartu zen 1911an Real Sociedad Española de Historia Natural erakundean (SEHN) sartu zen, eta urte berean bere lehen artikulua elkarte honen buletinean argitaratu zuen, Observaciones sobre algunas cuevas del Norte de España y descripción de una nueva especie de Speocharis, aitarekin uda horretan eginiko esplorazio espeleologiko batzuen harira.[6] Artean 14 urte baino ez zituen.[1]

Natura Zientzietako unibertsitate ikasketak hasi zituen, eta horrekin batera aitak zuzendutako Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalean lan egiten zuen intsektuen taxonomia arloan. Ikasle libre gisa ikasgai ezberdinetako azterketetara aurkeztu zen Santiagoko Unibertsitatean, Bartzelonakoan eta Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 4 urteko ikasketak 3 urtetan amaitu zituen, 17 urterekin. Ordurako, gutxienez 14 artikulu argitaratuak zituen[1] eta aitaren aldean bide propioa hasia zuen, fauna troglobioarekiko espezializaziorantz.[5] Hain zuzen ere, adituen arabera SEHN eta Junta para Ampliación de Estudios erakundeek bioespeleologiari eman zioten bultzadaren adibiderik onena Candido Bolivar Pieltain bera da.[7]

1915ean, Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalean agregatu bezala lan egiten ari zen; 1917an behin-behineko kontserbatzaile bezala; eta 1922an museoaren Entomologia Buru izendatua izan zen. Urte berean, Madrilgo Unibertsitate Zentralean zoologia irakasle postuaren oposizioa irabazi zuen. [1]

Bere ikerketetan zehar Iberiar Penintsulako leku asko bisitatu zituen, bereziki fauna bioespeleologikoarekin lotuta; gainera Marokora, Italiara eta Ameriketako Estatu Batuetara bidaiak egin zituen, zio berarekin. Bidai hauetako batzuk Rene Jeannel bioespeleologoak eta bere fakultateko irakasle eta ikasleek lagunduta egin zituen.[1]

Aldi berean, SEHN elkartearekin lanean jarraitu zuen, lan zientifikoez gain administrazio ardurak ere izan zituelarik, 1916tik hasita Espainiako Gerra Zibilaren ostean erbesteratu arte. Bere ardurapean izan ziren, esate baterako, elkarte honek argitaratzen zituen aldizkariak (Boletín, Memorias, Conferencias, Reseñas Científicas eta Revista Española de Biología).[1] Bere lanen artean, baita ere, Parke Naturalen ikuskaritza egon zen,[8] eta zentzu horretan Candido Bolivar ingurumenaren ikerketa eta kontserbazioaren aintzindaritzat hartzen da Espainian.[5]

1925ean, aitarekin batera Eos zientzia-aldizkaria sortu zuen, museoaren entomologia sailak ateratzen zuena. [1]

Politikan eta dibulgazioan (1931-1939)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Cándido Bolívar Pieltain eta Ignacio Bolívar Urrutia aita-semeak, 1935 inguruan.

Espainiako II. Errepublikan, intelektualen eta zientzialarien parte hartze politikoa sustatu zen, instituzioetan parte hartuz; Candido Bolivarrek ere dei honi erantzun zion. Aitaren aldetik tradizio liberalekoa,[6] Acción Republicana alderdikoa zen eta 1931 eta 1933 artean hezkuntzarekin eta osasunarekin lotutako hainbat kargu bete zituen, Manuel Azañaren gobernupean.[9]

Kongreso ugaritan parte hartu zuen, bai entomologikoak (Zurich, Ithaca, Paris, Madrid) baita zoologikoak ere (Budapest, Padua), eta Frantziako eta Erresuma Batuko natura instituzio nagusien urteurren-ospakizunetan. 1935eko Madrilgo VI Nazioarteko Entomologia Kongresuan, hain zuzen ere, Candido Bolivar izango zen idazkaria eta antolatzaile nagusia[1] eta Ignacio Bolivar aita, berriz, ohorezko presidentea.[6] Kongresu honetan Niceto Alcalá Zamora Errepublikako lehendakaria izan zen, Ignacio Bolivarrek sarrera hitzaldia eman zuenean.[10]

Fronte Popularrak 1936ko hauteskundeetan lortutako garaipenaren ondoren, Osasun eta Ongintzako idazkariordea izan zen, eta Manuel Azaña Errepublikako lehendakari izendatu zutenean, honek Presidentearen Etxeko idazkari nagusi izendatu zuen. 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztu zen gerra zibil osoan kargu hori beteko zuen, Azañak 1939ko otsailean lehendakaritza utzi arte.[1]

Errepublikako agintariak erbesteratzearekin batera, Candido Bolivar Vernet-les-Bains herrira joan zen, bere familiarekin biltzera. Bidean bere ikasle izandako Dionisio Pelaez aurkitu zuen; Pelaezek Natura Zientzien lizentziatura amaitu berria zuen gerra hasi zenean, Errepublikar Armadan borrokatu zen eta, kontzentrazio-esparru batean egon eta gero, Bolivarrek Frantzia hegoaldeko ospitale batean aurkitu zuen. Etorkizunera begira, Bolivarrek jarduera profesional eta zientifikoa atzerrian jarraitzeko gestioak abiatu zituen. Ez zen bere etorkizunaz bakarrik arduratu: gurasoena eta familiarena ere negoziatu zuen, baita haiekin bilduta zeuden hainbat lagun eta lankiderena ere, besteak beste Pelaez[4] eta Federico Bonet. Hilabete batzuk gutun-trukean igarota,[11] Turkiatik eta Kolonbiatik eskaintzak jaso zituzten,[3] baina azkenean Mexikora jo zuten, Bolivarrek Secretaría de Salubridad erakundearen eskaintza onartuz. 1939ko uztailean abiatu ziren.[1]

Mexikoko urteak (1939-1976)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Casa de las Brujas", Bolívartarrak Mexikora iristean bizi izandako etxea.

Bolivartarrak Colegio de Mexico instituzioan sartu ziren, Daniel Cosío Villegas-ek gerra garaian bultzatutako erakundea Espainiatik erbesteratutako talentuak hartzeko, Lazaro Cardenas lehendakariaren babesarekin.[12] Mexiko Hirian bizitzen jarri ziren, Rio de Janeiro enparantzaren 56 zenbakian. Eraikin handia zen, Casa de las Brujas bezala ezaguna bere arkitektura porfirista bereziarengatik,[13] eta bertan Espainiatik etorriko errefuxiatu asko instalatu zirenez, hiriko erbesteratuen bilgune ezagunenetako bat bihurtu zen.[5]

Familia instalatu eta gero, Candido bere lehen lanposturantz abiatu zen: Chiapasera, intsektuek transmititutako oncocercosis gaixotasuna ikertzera; kanpainak 6 hilabete iraun zituen; denbora hau halere laginketa entomologikorako ere baliatu zuen, aurkikuntza interesgarriak eginez; ostean, Mexiko Hiriko egoitzara pasatu zen.[3] 1941ean Escuela Nacional de Ciencias Biológicas (Instituto Politécnico Nacional) ikastetxean sartu zen entomologia irakasle/ikerlari bezala, eta Entomologia Laborategiaren zuzendari izatera iritsi zen. 1943 eta 1956 artean Anales de la Escuela Nacional de Ciencias Biológicas aldizkaria zuzendu zuen. Halere, lanpostu egonkor horiek lortu baino lehenago lan ezberdin asko txandakatuz biziraun behar izan zuen, batez ere ikastaroak emanez errefuxiatuek sortutako eskola eta institutuetan.[6] Esate baterako,1956ra arte Paleontologia irakatsi zuen Mexiko Hiriko Escuela Normal Superior ikastetxean; eta Academia Hispano Mexicana eta Colegio Luis Vives ikastetxeetan, berriz, Zoologia.[3]

Ignacio eta Candido aita-semeek Ciencia aldizkariaren bultzatzaile nagusietakoak izan ziren.[11] 1940ean sortua, Ciencia aldizkariak erbesteratutako zientzialari espainiarrak koordinatu zituen eta haien adierazpen-tresna nagusia bihurtuko zen. Aldizkariaren "arima" Candido izan bazen ere, lehen zuzendari formalak Ignacio aita eta Blas Cabrera izan ziren, biak ala biak zientzialari ospetsuak. Lehen urteetan, aldizkariaren zuzenketak eta idazkaritza lanak Bolivartarren etxean egiten ziren, nagusiek zein gazteek parte hartzen zutelarik. Hain zuzen ere, 1945ean, 21 urterekin, Jose Ignacio seme nagusiak bere lehen artikulua argitaratu zuen bertan, aldizkariaren erredakzio kontseiluan sartzearekin batera.[3] 1946an hartu zuen Candidok zuzendaritza, ia 30 urtez mantenduko zuena.[6] 1947an, Bolivar Sociedad Mexicana de Historia Natural (SMHN) elkartearen lehendakari izatera iritsi zen.[6]

Bolivarrekin Mexikora joandako Federico Bonet Marco ere bioespeleologoa zen. Aurretik zenbait espezialistak arlo hori ukitua zuten arren, adituen arabera, Candido Bolivar eta Bonet izan ziren Mexikon bioespeleologia ikerketa sistematikoa abiatu zutenak.[14] Bai esploratzaile bezala (Nuevo Leon estatuan Villa García, Palmito eta Cueva del Carrizal haitzuloak, eta Guerrero estatuan Boca del Diablo leizea) baita irakasle bezala ikerlari belaunaldi berrien formakuntzan, diziplina honi bultzada handia eman zioten. Gainera, Grupo Espeleológico Mexicano taldea sortu zuten, eta gero Asociación Mexicana de Espeleología.[15]

Mexikon eginiko lanez gain, atzerrirako espedizioetan parte hartzen jarraitu zuen: 1943an Kuban izan zen, Habanako Unibertsitateak espainiar unibertsitate irakasle erbesteratuen bilera bultzatu baitzuen.[11] 1948an berriz, UNESCO sortu berriak Amazonian bultzatutako ikerketen baitan, Huallaga ibarrera eginiko espedizioan parte hartu zuen; 3 hilabetez, 400 ornodun eta 8000 intsektu/artropodo bildu zituzten, haien artean espezie berri ugari.[6]

Bolivarrek Mexikoko karabido espezie berriak deskribatu zituen (1940, 1952), eta haien artean lehen Trechinae itsua (1942); lan hauetako batzuk Hendricks-ekin batera argitaratu zituen (1964, 1965, 1966). Ricinulei ordeneko araknidoak ere ikertu zituen (1941, 1946). Cirolanidae familiako isopodo espezie berria ere aurkitu zuen (1950) eta Ameiuridae familiako arrain itsu eta despigmentatua (1954), gero Carranzak deskribatu zuena (1954). Espezie hauetako asko troglobioak ziren.[14]

1920 hamarkadan Calpe argitaletxeak Los libros de la naturaleza izeneko serie dibulgatiboa argitaratu zuen. Zientzialari ospetsuek egindako liburuak ziren, gazte eta haurrei zuzenduak, eta Candido Bolivarrek ere parte hartu zuen, La Vida de los Crustáceos liburua prestatuz.[16] Halere, bere argitalpen gehienak aldizkari espezializatuetan argitaratu zituen. Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak ohorezko irakasle izendatu zuten, eta, aita bezala, honoris causa doktore.[5]

1968an, Ciencia aldizkariak 25. urte betetzen zituela ospatuz, SMHN elkarteak sesio bat eskaini zion Candido Bolivarri. Hura hil ondoren ere, 1977 urtean, omenaldi bat egin zion.[4]

Erreferentzialtasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitaren ibilbide zientifikoa goi mailakoa izan bazen ere, Candido Bolivarrena maila beretsura iritsi zen. Gerra aurreko garaian jada erreferentziazko entomologoetako bat zen, eztabaidarik gabe. Halere, Natura Zientzien mundu akademikoak denak ez ziren Bolivartarren lagunak: elkarte zientifikoetan zoologoek zuten pisuarengatik, eta ideologia liberalaren nagusitasunarengatik, kritikak ere jasotzen zituzten.[17]

1935ko VI Nazioarteko Entomologia Kongresuko talde argazkia.

1936ko gerraren ostean, urte askoan Candido Bolivarrek ez zuen inolako aitortzarik jaso Espainian. Kontrara: 1935ko VI Nazioarteko Entomologia Kongresuaren aktak frankismoan argitaratu ziren, baina Bolivar aita-semeen aipu guztiak ezabatuz (aurkeztutako idazlanak barne).[6] Lehen zenbakiaren ondoren, Ciencia aldizkaria Espainian banatzea debekatu zitzaien (nahiz eta politika kontuetan sartu ez).[11] Bistan denez, jaurlaritza frankistak Erantzukizun Politikoen Legea aplikatu zion Candidori, Errepublikaren alde agertu ziren herritarrei milaka isun, kargugabetze, ondasunen bahiketa eta bestelako errepresio neurriak hartzeko sortutako tresna legala.[18] 1944an, berriz, Jose Maria Dusmetek espainiar entomologiaren errepaso historikoa egin zuen (Recuerdos para contribuir a la historia de la Entomología de España, Madrid, Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales). Dusmet Bolivartarren kidea -eta arerio politikoa- izandakoa zen SEHN elkartean,[17] eta idazlan honetan Candido Bolivarren izena iraganean aipatu zuen, jada existitu izango ez balitz bezala, "bide zuzena utzi eta bide okerretik barneratu izana" deitoratuz.[6]

Halere, gerora komunitate zientifikoak Bolivartarren izena berreskuratu du pixkanaka; haiek oroitzeko idazlan asko argitaratu dira. Candidoren ibilbide zientifikoa goraipatzeko ere hainbat ekitaldi egin dira, besteak beste:

  • 1998ko apirilaren 27an, Madrilgo Residencia de Estudiantes egoitzan, mahai inguru bat egin zen Cándido Bolívar (1897-1976) y la ciencia del exilio izenburuarekin. Hizlarien artean izan ziren, besteak beste, Jerzy Rzedowski (Bolivarren ikasle izandakoa Mexikon) eta Antonio Bolivar Goyanes (Candidoren seme gaztena). Publikoan, berriz, Mexikotik etorritako bolivartar asko.[1]
  • 2024ko maiatzean, Madrilgo Ateneoan La ciencia española en el exilio hitzaldia eman zuten Alfredo Liebana eta Alfonso Navas ikerlariek; jardunaldi honetan, Ignacio eta Candido Bolivarrek leku nabarmena izan zuten.[19]
Francisco Bolivar Zapata, Candidoren biloba.

Natura Zientzien aintzindari asko bezala, Candido Bolívar ere familia boteretsu batean jaioa zen. Haren kide izan ziren, besteak beste:

Haren ondorengoen artean daude:

  • José Ignacio Bolívar Goyanes, kimikaria.[22]
  • Ana María Bolívar Goyanes, irakaslea eta ikerlaria.[4]
  • Antonio Bolívar Goyanes, editorea.[23]
  • Francisco Bolívar Zapata, biokimikaria, Principe de Asturias saria 1991ean jaso zuena.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m Gomis Blanco, Alberto. (1998). «Homenaje a Cándido Bolívar (1897-1976) con motivo del centenario de su nacimiento» Llull: Revista de la Sociedad Española de Historia de las Ciencias y de las Técnicas 21 (41): 549–552. ISSN 0210-8615. (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  2. a b c d (Galizieraz) Tempo, Terra e. (2017-10-04). «Un militar liberal e Galicia: Cándido Pieltain Jove-Huergo (I)» Terra e Tempo (Noiz kontsultatua: 2024-10-09).
  3. a b c d e Gomis, Alberto; Alatorre, Antonio; Migallón, Fernando Serrano; Garciadiego, Javier; Lida, Clara E.; Valender, James; Palomo, Adolfo Martínez; Puerto, Javier et al.. (2010). Valender, James ed. «Los Bolívar, Una Nueva Vida En México» Los refugiados españoles y la cultura mexicana (Colegio de Mexico): 145–154.  doi:10.2307/j.ctv3f8p9t.10. (Noiz kontsultatua: 2024-10-10).
  4. a b c d BELTRÁN, Enrique. (1977). CANDIDO BOLIVAR PIELTAIN Y LOS BIOLOGOS ESPAÑOLES EN MEXICO. http://repositorio.fciencias.unam.mx:8080/xmlui/handle/11154/143296.
  5. a b c d e (Gaztelaniaz) «Cándido Bolívar Pieltáin | Ciencia de acogida» cienciadeacogida.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-09).
  6. a b c d e f g h i «Cándido Bolívar y Pieltain | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-28).
  7. SENDRA MOCHOLÍ, Alberto. PÉREZ FERNÁNDEZ, Toni. CABALLERO LÓPEZ, Berta. MASÓ ROS, Glòria. AUROUX, Lluís. PRIETO MANZANARES, Miguel. MONSALVE DOLZ, Miguel Ángel. GINÉS GRACIA, Ángel. 2023. Historia, un relato sobre hallazgos y descubrimientos. Pp:579-632. In: Sendra A (Coord.) 2023. Habitantes de la oscuridad: Fauna ibero-balear de las cuevas. Ed. Sociedad Entomológica Aragonesa.
  8. Bolivar, Candido. Informes sobre espacios naturales. CSIC.
  9. (Gaztelaniaz) «La visita de Azaña a la 4ª Feria oficial del Libro el 24 de mayo de 1936» Bitácora de Leoncio López-Ocón 2020-12-27 (Noiz kontsultatua: 2024-10-11).
  10. (Gaztelaniaz) «Cándido Bolívar» jaeinnova 2019-06-16 (Noiz kontsultatua: 2024-10-10).
  11. a b c d PUIG-SAMPER MULERO, Miguel Ángel. (2016). Ignacio Bolívar Urrutia, patriarca de las ciencias naturales. .
  12. BOLIVAR GOYANES, Antonio. «Cándido Bolívar y la ciencia en el exilio» Revista Residencia (https://www.residencia.csic.es/)+6.
  13. (Gaztelaniaz) «La leyenda de la "casa de las brujas" en la colonia Roma» México Desconocido 2020-05-06 (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
  14. a b Hoffmann et al.. (1986). Manual de Bioespeleologia. .
  15. (Gaztelaniaz) «200 mexicanos que nos heredó el mundo | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-09-25).
  16. (Gaztelaniaz) «La mitad de «Los libros de la Naturaleza» de la editorial Calpe a golpe de clic» Bitácora de Leoncio López-Ocón 2020-10-05 (Noiz kontsultatua: 2024-10-11).
  17. a b LAINZ, M.. (2001). «Algo sobre las relaciones de Pau con Ignacio -y Cándido- Bolívar.» Anales. Jard. Bot. Madrid 59(1): 125-134..
  18. «Secretaría de Estado de Cultura - Víctimas de la Guerra Civil y Represaliados del Franquismo» pares.mcu.es (Noiz kontsultatua: 2024-10-10).
  19. (Gaztelaniaz) Nuevatribuna. (2024-05-27). «La ciencia española en el exilio» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2024-10-10).
  20. HUMBERT, Jules. 1912. Les origines et les ancetres du Iibérateur Simón Bolívar. Extrait du Journal de la Société des Américanistes de París, Nouv. Serie, t, IX.
  21. GOMIS BLANCO, A.. Ignacio Bolívar y las ciencias naturales en España. CSIC.
  22. «Persona - Bolívar Goyanes, José Ignacio (1924-1982)» PARES (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
  23. (Gaztelaniaz) Ansede, Manuel. (2019-01-30). «El nonagenario experto en saltamontes que tuvo que huir de Franco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]