Carlota Pérez | |
---|---|
(2015) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Caracas, 1939ko irailaren 20a (85 urte) |
Herrialdea | Venezuela Erresuma Batua |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | ekonomialaria eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Tallinn University of Technology (en) Londresko University College Sussexko Unibertsitatea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Influentziak | Joseph Schumpeter |
carlotaperez.org |
Carlota Pérez (Caracas, Venezuela, 1939ko irailaren 20a) britainiar nazionalizatutako venezuelar akademikoa da, teknologian eta garapen sozioekonomikoan aditua. Ezaguna da, bereziki, paradigma teknoekonomikoaren aldaketaz duen kontzeptuarengatik eta garapen-bolada handiei buruzko teoriarengatik, Kondratieffen zikloen birlanketa bat.[1]
2006an, Teknologia eta Garapen Sozioekonomikoko irakasle lanetan hasi zen Estoniako Tallinngo Unibertsitate Teknikoan. 2012an Nazioarteko Kondratieff Fundazioaren N.D. Kondratieff Zilarrezko Domina jaso zuen eta Errusiako Natur Zientzien Akademiarena (RAEN).[2]
2000. urtean The Other Canon sortu zuen, ekonomia heterodoxoaren ikerketari buruzko zentro eta sare bat, besteak beste, Erik Reinert sortzaile eta zuzendari exekutibo nagusiarekin.[3]
Ekonomialari neo-Schumpeteriarra da, eta Christopher Freemanen ikaslea. Haren artikuluek, 1980ko hamarkadako lehen urteetatik aurrera, oinarrizko berrikuntzen, aldaketa teknologikoaren eta instituzionalaren, eta garapen ekonomikoaren arteko lotura ulertzen lagundu dute. "Technological Revolutions and Financial Capital: The Dynamics of Bubbles and Golden Ages" (Iraultza teknologikoak eta kapital finantzarioa: burbuilen dinamika eta urrezko aroa) liburuak oso harrera ona izan du, bai akademiaren aldetik, bai finantza-erkidegoen eta teknologiaren sektorearen aldetik. 2022an, Foreing Affairs aldizkariak "menderako liburuen" artean aukeratu zuen, ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako zazpi lanez osatutako multzo bikain batean.[4]
Bere teorian, Pérezek proposatzen du iraultza teknologikoek, teknologia berriek bultzatuta, oso antzeko ibilbide-ereduak dituztela bataren eta bestearen artean. Iraultza teknologikoen garapenean zenbait elementuk, aktorek eta ekitaldik parte hartzen dute. Gainera, iraultza bakoitzak asimilazio- eta aldaketa-prozesuak eragiten ditu, eta horiek sektore eta jarduera ekonomiko zein sozial guztietan eragiten dute. 1771. urtetik bost iraultza izan dira gizarteean. XXI. mendean, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek bultzatutako bosgarren iraultza teknologikoan gaude.
1985ean, paradigma teknoekonomikoaren kontzeptua gaineratu zuen, eta antolaketa- eta teknologia-printzipio berriek jardunbide egokien esparru bat zelan osatzen duten erlazionatu zuen. Jardunbide horiek, halaber, iraultza teknologiko batek hedatzen dituen teknologia berriak era eraginkorrenean txertatzea eta erabiltzea ahalbidetzen dute.[5] Modu berean, paradigma teknoekonomikoak aurreko iraultzatik datozen industrien berrantolaketa eta produktibitatea gidatzen ditu, ekonomia eta gizarteen modernizazioari eta gaztetzeari lekua eginez.[6]
Bi dira iraultza teknologikoak garatzeko boladak osatzen dituzten aldiak. Lehenengoa instalazio-aldia da, eta bigarrena, hedapen-aldia. Bi horien artean, “turning point” izeneko trantsizio-gunea dago.[6]
Iraultza teknologiko bakoitza teknologia berri bat sartzean hasten da, eta, finantza-kapitalaren laguntzarekin, teknologia hori merkatuan sartzen da instalazio-aldian. Sarrera horren ondorioz, bi jazoera gertatzen dira iraultzaren lehen aldian: burbuila ekonomikoak (teknologikoak eta likidezia handiegia izateagatik) eta krisiak —burbuila horiei emandako erantzun gisa—. Aurrera jarraitzen duen atzeraldia desparekotasunak, erakundeen deslegitimazioak eta langabeziak markatzen dute. Aldi hau osatzen duten bi faseak hauexek dira: sartze fasea eta frenesi fasea.
Ekitaldi horien ostean, “turning point” delakoa sortu zen, kapital finantzarioaren eta produktiboaren arteko distantzia handitzen duen trantsizio-espazioa, baina, modu berean, abian den iraultza teknologikoaren distira lortzeko aukerak ematen dituena.
Azken aldian, bi kapitalak birmoldatu egin dira, eta paradigma teknoekonomikoa gidatuko duen “sen on berria” zabaldu dute.[6] Hedapen- eta adopzio-prozesu hori ez da erresistentzia barik jazotzen, eta aldaketa zorabiagarri eta disruptiboek markatzen dute. Hedapen-aldiaren lehen urteetan, Estatuak garrantzia hartzen du funts publikoak emanez teknologia berrien garapenean inbertitzeko.