Carmen Vidal | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Réghaïa (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() ![]() |
Heriotza | Alcoi, 2003ko otsailaren 10a (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | arabiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua |
Carmen Vidal Ballester (Reghaïa, Aljeria, Frantzia, 1915eko ekainaren 28a – Alcoi, Valentzia Erkidegoa, 2003ko otsailaren 10a) Aljeria frantziarrean jaiotako emakume enpresaburu eta aitzindari valentziarra. Espainiako lehen Inperio Kosmetikoaren sortzailetzat hartzen da.[1] Germaine de Capuccini enpresaren sortzailea izan zen, munduan ospe gehien izan duen kosmetika profesionaleko enpresetako bat.[2] Neskatoa zenetik, edertasunak, modak eta, batez ere, azalaren zaintzak erakarri zuten.[3][4][5]
Guraso espainiarren alaba izan zen Carmen, eta Aljeriako iparraldean dagoen Reghaïa herrian jaio zen. Bi herrialdeen artean igaro zuen haurtzaroa, eta hainbat urtez bizi izan zen Espainian. Nerabezaroan, Aljeriara itzuli zen aitarekin, eta egonaldi horrek bere etorkizuna baldintzatu zuen. Herrialde hartako emakumeak produktu naturalekin eta belarrekin beren kremak eta ukenduak egiten eta makillatzen ikusi zituen eta. 1932. urtearen bukaeran Espainiara itzuli eta ikasitako guztia praktikan jartzen hasi zen. 20 urte bete berritan, gero bere senarra izan zena ezagutu zuen, Vicente Vidal, eta lau seme-alaba izan zituzten.
Berrogeiko hamarkadan, gerraostean, estetikari lotutako itxaropen guztiak bertan behera utzi behar izan zituen. Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran ekin zion berriro bere proiektuari eta berriro Aljeriara bidaiatu zuen, non Madame Fabréren laguntzaile pertsonal gisa lan egin zuen, sasoi hartako estetizista ospetsua, erizaintza eta fisioterapia ikasten ari izan zen bitartean.
1962an Frantzian kokatu zen eta Parisko laborategi ospetsuenetan sartu zen, bere lanbidean aurrera egiteko eta kosmetikako ikasketekin jarraitzeko asmoz. ELLE aldizkarian artikulugile gisa lan egin zuen. Han, edertasunari buruz zituen ezagutzak partekatu zituen, eta ikasketak erizain lan batekin uztartu zituen. Lan horri esker, bere familia kokatuta zegoen lekuan, Alcoin, ile-apaindegi txiki bat eta apaindegi bat ireki zituen.
Berak egiten zituen lehen kosmetiko eta kremak oinarrizko lehengai guztiz naturaletan oinarritzen ziren: almendra gozoen olioa, balearen esperma, ahuakatea, arrosen ura, erleen argizaria, gari-germena edo kalendula.
Hirurogeiko hamarkadaren bukaeran, Carmenek Paristik alde egin zuen, familiarekin elkartu eta bere ametsa betetzeko: ile-apaindegia berak egindako edergintza-institutu bihurtzea. Orduan sortu zen bere marka: Germaine de Capuccini.
Germaine frantses izenez ezagutzen zuten Parisen; Capucine urte haietako aktorerik ospetsuenetako bat zen eta edertasun ideal bat irudikatzen zuen berarentzat. Carmen Vidalek izen egokia jartzen asmatu zuen 60ko hamarkadan Espainiako egoera ekonomiko eta politiko zailak markatutako sasoi batean. Bere nazioartekotze bokazioak, hasieratik, frantsesa eta italiera uztartzen zituen sorkuntza ederra iradoki zuen, dotorezia, fintasuna eta modernitatea iradokitzen zituena. Sasoiko emakumeak eskatzen zuen ideario hori, edertasunaren, goi-gizartearen eta glamourraren alde hasperen egiten baitzuen. Izan ere, Europatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik zetozen Grace Kelly eta Ava Gardner bezalako ikonoek ezin hobeto irudikatzen zuten hori, eta, jakina, baita Capucine aktore eta modelo frantsesak ere.
Aljerren haurtzaroan ikasitako edertasun-sekretuak eta Parisen eskuratutako kosmetika-teknikak eta savoir faire delakoa mundu osoko kosmetika-enpresa profesional entzutetsuenetako baten (Germaine de Capuccini)[6] zutoihal izan ziren. 1976an konpainia sozietate anonimo izatera pasa zen.
Carmen Vidal ameslaria izan zen: estetika profesionalean eta emakumearen beharretan ziharduen enpresa bat sortu zuen, eta Espainian edertasunaren eta estetikaren sektorea profesionalizatzen aitzindarietako bat izan zen. Carmenek lan sozial ikaragarria egin zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetako emakumeari formakuntza eta lanbide bat eskainita, estetizistarena, eta horrek ekarri zuen, nolabait, emakumeen emantzipazioaren hasiera.
Carmen Vidal Espainiako lehen Inperio Kosmetikoaren sortzailetzat jotzen da. Elizabeth Arden, Estée Lauder, Helena Rubinstein eta Carita ahizpekin parekatzen da Marie Claire aldizkariko 263. alean, “Con ellas llegó la revolución (Haiekin batera iritsi zen iraultza)” erreportajean.