Charles William Misner (Jackson, Michigan, 1932ko ekainaren 13a - 2023ko uztailaren 24a) estatubatuar fisikaria izan zen. Bere ikerketa eremuak erlatibitate orokorra eta kosmologia izan ziren, baina grabitazio kuantikoaren eta zenbakizko erlatibitatearen oinarrietan egin zuen lan ere. Gravitation erlatibitate orokorraren testuliburu ezagunaren egileetako bat izan zen.
Charles W. Misner Amerikako Estatu Batuetako Michiganeko estatuan jaio zen, Jackson izeneko hirian, 1932ko ekainaren 13an; Estatu Batuak Depresio Handiaren eta Lege Lehorraren erdian zeudela. Erlijio aldetik katoliko erromatar bezala aurkezten da.[1]
Zientziarekin lehen kontaktua gurasoek oparitutako kimika joko bat izan zen, etxeko sotoan laborategi bat sortzeko erabili zuena. Produktu kimikoak aldizkariak banatzetik jasotako diruarekin erosten zituen. Bere kasa kalkulu eta kimika testuliburuak irakurtzen zituen, eta unibertsitatera sartu zenean kimika ikasketak aukeratu zituen.[2]
Hala ere, aste gutxi ondoren konturatu zen interes gutxi zuela aukeratutakoan, eta azkenean fisika egitera pasatu zen matematika saileko buruarekin hitzegin ondoren.[2] 1952n fisikako lizentziatura lortu zuen Notre Dameko Unibertsitatean [1][2][3]; eta ondoren Princeton Unibertsitatera mugitu zen masterra egitera, 1954an lortu zuena.[3] Bere doktorego tesia 1957an lortu zuen,[1][3] Outline of Feynman Quantization of General Relativity; Derivation of Field Equations; Vanishing of the Hamiltonian izenekoa (itzulita: Feynman Kuantizazioaren Laburpena Erlatibitate Orokorrean; Eremu Ekuazioen Deribazioa; Hamiltondarraren Desagerpena). John Wheelerren zuzendaritzapean egin zuen, fisikari ezaguna izan dena eta Manhattan Proiektuan lan egin zuena.[1][2][4]
Bi urte geroago, 1959ko ekainaren 13an, ezkondu zen [1] eta alaba bat eta hiru seme izan zituen. Bere emaztea 2019an zendu zen.[5]
Misnerrek hainbat posizio izan ditu lan egin duen unibertsitateetan, guztiak fisikako departamentuetan. Lehenengoa aldia oraindik doktoregoa egiten ari zen bitartean lortu zuen, Princetoneko Fisika Departamentuan instruktore gisa sartu zenean 1956an, eta hiru urte geroago 1959an irakasle laguntzailera igoarazi zuten.[3][4]
Hor lau urte eman zituen, 1963an Marylandeko Unibertsitatea, College Parkera mugitu zen arte. Zentru berrian irakasle asoziatu gisa sartu zen, eta 1966an irakasle izendatu zuten. 2000 urtera arte jarraitu zuen hor, irakasle emeritua izendatu zutenean. Marylandeko Oinarrizko Fisikarako Zentruaren Grabitazioko Teoriaren Taldearen kide da, eta irakasle bezala egondako urteetan 22 doktorego ikasle zuzendu ditu.[3] Ikasle hoien artean aipagarriak dira Carl H. Brans, C. V. Vishveshwara eta Richard A. Isaacson,[6] azken hau uhin-grabitazionalak detektatzeko LIGO proiektuan parte hartu zuena.[2][7][4]
Horretaz gain, bisitari bezala egon da 17 erakundeetan munduan zehar: [3]
1956ko udaberri eta udan Leideneko Unibertsitateko Fisika Teorikoko Institutuan; 1959ko udaberri eta udan eta 1976ko udan Niels Bohr Institutuan (ere ezaguna Copenhageneko Fisika Teorikoko Institutua bezala); 1960ko udaberrian Brandeis Unibertsitatean; 1966-1967, 1976ko ekainean eta 1977ko maiatzean Cambridgeko Unibertsitatean, Aplikatutako Matematiken eta Fisika Teorikoko sailean; 1969ko udazkenean Princeton Unibertsitatean (jadanik Marylandeko Unibertsitatean finkatuta zegoela); 1971ko ekainean Fisikako Problemen Institutuan, Zientzien Akademian, Moskun; 1972 udazkenean Kaliforniako Teknologia Institutuan; 1973ko udaberrian All Souls Collegen, Oxfordeko Unibertsitatean; 1980-1981 tartean eta 2000ko urtarrilean Kaliforniako Unibertsitatea, Santa Barbara; 1983ko urtarrilean Krakoviako Akademia Pontifikalean; eta 2000ko iraila-2001eko apirila tartean, 2002ko urtarrila eta martxo artean eta 2005eko apirila eta maiatzean MPG-Alfred Einstein Institutuan.
Misnerren ikerketa erlatibitate orokorraren inguruan garatu izan da, baita honen zenbakizko kalkuluetan eta hauek egiteko tekniketan ere. Teoria hau, Albert Einsteinek sortua XX. mendearen hasieran, interakzio grabitazionalak azaltzeko erabiltzen da, espazioaren eta denboraren uzkurduren bidez.
Bere lanen artean garrantzitsuenetako bat Gravitation testuliburua idaztea izan da, Kip S. Thorne eta John Archibald Wheelerrekin batera; 1970 eta 1971eko udetan zehar.[2][8] Liburu hau erlatibitate orokorraren inguruko unibertsitate mailako testuliburua da, eta urteetan zehar gaiaren inguruko liburu garrantzitsuenetarikoa izan da[9]; hainbeste non hainbat hizkuntzetara itzuli den, errusiera, txinatarra[10] eta japoniera[11] adibidez.
Egindako ikerketen arteko beste bat Mixmaster unibertsoarena da.[12] Hau Einsteinen erlatibitate orokorraren eremu ekuazioen emaitzetako bat da, eta unibertsoaren hasieraren dinamika ulertzeko erabili zuen. Azterketa honen helburua horizontearen arazoa azaltzea zen, unibertsoa hasieran fase oszilatorio eta kaotiko bat jasan zuela erakusten. Hala ere, gaur egun onartzen da unibertso honen bidez konpondu nahi ziren arazoak inflazio kosmikoak azaltzen dituela hobeto.
Misnerren espazioa ere azaldu zuen 1967an.[13] Hau kontzeptu matematiko bat da, espazio-denbora deskribatzeko. Taub-NUT espazio-denboraren bertsio sinplifikatu eta bidimentsionala da, lehenengoa Einsteinen eremu ekuazioen soluzio zehatza delarik. Kurbadurarik gabeko singularitate bat du, eta erlatibitate orokorreko hipotesi batzuen kontradibide bezala erabili egiten da.
Misner ADM formalismoaren[14] egileetako bat da ere («ADMaren» M hizkia da), Richard Arnowitt eta Stanley Deserrekin batera. Hau erlatibitate orokorraren formulazio hamiltondarra da. Grabitatearen kuantizazio kanonikoaren atal garrantzitsua da, baita zenbakizko erlatibitatearena (erlatibitatearen ekuazioen emaitzak aurkitzeko metodoa dena, konputagailuak eta zenbakizko emaitzak erabiliz) ere.
Aipatzekoa da ere «zizare zulo» terminoa lehen aldiz erabilitako artikuluaren, Classical Physics as Geometry (itzulita: Fisika Klasikoa Geometria bezala), egilea dela Misner, Wheelerrekin batera. Ondokoa idatzi zuten haien artikuluan:[15]
«This analysis forces one to consider situations ... where there is a net flux of lines of force, through what topologists would call "a handle" of the multiply-connected space, and what physicists might perhaps be excused for more vividly terming a "wormhole"».
«Analisi hau behartzen du egoera batzuk kontsideratzera ... non indar lerro fluxu neto bat dagoen, topologoek biderketa-lotura espazioaren "kirtena" deituko luketena, eta fisikariek agian biziago "zizare-zulo" deitu lezaketena».Charles W. Misner eta John Wheeler, 1957ko «Classical Physics as Geometry» artikuluan[15]
1972. urtean John Simon Guggenheim Memorial Foundation fundazioak ikerketa beka eman zion astronomia eta astrofisika ikerketarako.[16]
1968. urtean Amerikako Fisika Sozietatearen kide izendatu zuten.[17]
1994. urtean Dannie Heineman Saria Fisika Matematikoetarako jaso zuen, ADM formalismo kanonikoa garatzeagatik, Arnowitt eta Deserrekin batera.[18]
2015. urtean Albert Einstein Elkarteak Albert Einstein Domina eman zien Misner eta Deserri;[19] Arnowitt jaso ez zuela aurreko urtean zendu zelako.