Compagnie Générale Transatlantique | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakundea |
Jarduera sektorea | uretako garraioa |
Herrialdea | Frantzia |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1861 |
Sortzailea | |
Sorlekua | Paris |
Desagerpena | 1975 |
Compagnie Générale Transatlantique (laburki, Cie. Gle. Transatlantique edo CGT; Transat ere deitua), Frantziako garraio-konpainia bat izan zen, herrialde horren itsas merkataritza berpizteko 1861ean sortua. Konpainiak bi Mundu Gerren ondoren ere iraun zuen, baina bidaiari hegazkinen garapenak porrotera eraman zuen CGTren bidaiari barkuen negozio nagusia.
1977an, konpainiak bat egin zuen Compagnie des Messageries Maritimesekin eta, hartara, Compagnie Générale Maritime eratu. Azken horrek, berriz, 1996an, Compagnie Maritime d’Affrètementekin bat egin zuen CMA CGM sortzeko.
1850eko urteen hasieran, Frantzian inbertsioak eskasak ziren portuetan eta itsas garraioan. Ondorioz, Frantzia nabarmen geratzen ari zen Europa eta Amerika arteko probetxuzko itsas garraioko aukerak galduta, Liverpooleko bitarteko portua erabiltzen baitzen Amerikako itsas merkataritzarako. Pereire anaiek, Crédit Mobilier sortu berritan, parada ezin hobea ikusi zuten negozio aukerak Bordele jaioterritik itsasoz haraindi ere hedatzeko.
Bada, 1855aren hasieran, Compagnie Générale Maritime sortu zen 30.000.000 liberako kapitalaz. Jatorrizko akziodunen artean, Isaacez gain, Eugène Péreire semea ere bazegoen. Zuzendaritza-batzordean, haien lagun eta ezagun judu sefardien hainbat kide zeuden. Adolphe d'Eichthal aukeratu zuten konpainiaren presidente. Inbertsiogile nagusia Crédit Mobilier zen arren, François Marie Delessert eta Charles Mallet bankari protestanteak ere inbertsiogile garrantzitsuak ziren.[1] Pereiretarrek Hego Amerikarekiko merkataritza ustiatzeko modua ikusten zuten konpainia sortu berrian, baina baita Ipar Amerikarako eta Amerika barruko itsas posta-zerbitzuan ingelesekin eta estatubatuarrekin lehiatzeko aukera ere.[1]
Hala ere, etekin lasterragoa ikusi zuten 18,000 indiar, txinatar eta afrikar langile 'libre' Guadalupe eta Martinika kolonietara bidaliz (1860ko hamarkadan), Itsas Marinako Ministerioarekin hala hitzarturik.[oh 1] Etekina konpainia horrentzat handia izan zen, konpainiari irauteko modua eman zion. Hala ere, konpainiari abiadura hartzea kosta zitzaion, eta Crédit Mobilierrek 30,000,000 libera sartu zizkion likidezia emateko. CGTk posta-zerbitzu transatlantikoa ere eskuratu zuen lehiaketa bidez, baita bidaiariena ere 1861ean (Le Havre-New York eta Saint Nazaire-Aspinwall, Panama), Finantza Ministerioaren laguntzaz.[1]
Konpainian ordu arte izandako gabezi teknikoei aurre egiteko, Eugène Flachat eta Clapeyron zuzendaritza-batzordera sartu ziren eta kontratu berriek eskatzen zuten beharrezko ingeniaritza gaitasuna ere ekarri zuten. Konpainiak, orduan, izena ere aldatu zuen, helburu nagusia argi eta garbi adierazteko. Gainera, urteko 9.300.000 liberako diru-laguntza jaso zuen, baita 18.600.000 liberako epe luzeko interes gabeko aurrerapen bat ere, konpainiak ordu arte zenbait aldiz bizitako kinka finantzariotik ateratzeko.[1]
1875etik 1904ra, Eugène Péreire izan zen konpainiaren presidentea. Konpainiaren barkuek, aldi horretan eta gerora ere, hainbat ezbehar izan zituzten, gerra eta beste arrazoiak direla tarteko. Ville de Saint-Nazaire lurrunontzia abandonatua izan zen itsasoan barrura ura sartzen ari zenean (1897) eta Pauillac itsasoan galdu zen egoera txarrean zegoelarik. Are okerragoa izan zen konpainiarentzat La Bourgogne lurrunontziaren hondoratzea 1898an, 568 hildako eragindakoa. Konpainiaren ordu arteko hondamendi handiena izan zen, eta herritarrak asaldatu zituen, neurri batean CGT (Transat) horren erantzule zelakoan.
XX. mende hasieran, abiadura zen erronka handienetako bat, baina konpainiaren ingeniariek ikatzaren erabilerak bere onena eman zuela adierazi zuten, eta teknologia berrien beharra azpimarratu. La Provence lurrunontziak (190 m luze, 13.000 tona) abiadura handiak hartu zituen, baita lehiakideen Deutschland gainditu ere 1906an. Gainera, La Provence hari gabeko telegrafo teknologiaz hornitu zuten, horrelakorik egiten lehendabizikoa. Haren bitartez, lurrunontzian egunkari bat ere argitaratu zuten bidaiarientzat: L'Atlantique. 1912an itsasoratutako France lurrunontziak (La Versailles des mers ere deitua) ezaugarri erakargarri gehiago agertu zituen: tamaina handiagoa zuen (210 metro luze), lau tximinia, 24 korapiloko abiadura har zezakeen, eta bezero aberats ugari bihurtu ziren haren erabiltzaile.
Konpainiaren azken transatlantiko handia France izan zen (beste bat), estreinakoz 1960an De Gaulle presidentearen aurrean itsasoratua. Ontzidia berritzea eta konpainiaren erakusgarri harroa izatea zuen helburu. Hala ere, konpainiak gero eta gehiago bideratzen zuen negozioa zama garraiora, eta 1973ko krisiak areago gutxitu zuen France eta antzeko itsasontzien errentagarritasuna. Une horretan, hegazkin bidaien goraldia gertatzen ari zen, baita kolonien independentzia ere, itsas bidaiari garraioaren kalterako. 1977ko otsailean, konpainiak Compagnie de Messageries Maritimesekin bat egin zuen, eta gehiago bideratu zen edukiontziak garraiatzeko itsasontzietara, irabazi gehiagoren sorburu.[2]