Dobet Gnahoré | |
---|---|
(2008) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Boli Kosta, 1982ko ekainaren 17a (42 urte) |
Herrialdea | Boli Kosta |
Familia | |
Aita | Boni Gnahoré |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria |
Genero artistikoa | music of Africa (en) |
Musika instrumentua | ahotsa |
dobetgnahore.com | |
Dobet Gnahoré (Boli Kosta, 1982ko ekainaren 17a) Boli Kostako abeslari, musikagile, perkusionista eta dantzaria da. Gaur egun Frantzian bizi da. Afrikako zazpi hizkuntzatan abesten du (Bété, Fon, Baoulé, Lingala, Malinké, Mina eta Banbara)[1], bai eta frantsesez eta ingelesez ere[2].
Boni Gnahoré musikariaren alaba da[3]. Hamabi urte zituela Dobetek aitari Hezkuntza sistema tradizionaletik ateratzeko eskatu zion, berak artista izan nahi zuela eta[4]. Ordutik Abidjan hiriko Le Village Ki-Yi auzo komunal-artistikoaren giroan murgilduta bizi izan zuen gaztaroa[1]. Auzo hartan Colin Laroche de Feline gitarjole frantsesa ezagutu zuen eta ordutik alboan izan du[4], bai eta bere aita ere.
1999 urtean gerra zibila sortu zen Boli Kostan eta Frantziara egin zuten alde, Marseillara hain zuzen ere[1]. Bertan Na Afriki taldea sortu zen hainbat musikari frantses eta tunisiarrekin batera. Hurrengo urteetan Afrikako hainbat herrialdetan kontzertu ugari egin zituzten, Kongon, Gabonen, Txaden eta Ekuatore Ginean, besteak beste.
2004an aurreneko diskoa argitaratu zuen, Ano Neko ("sortu dezagun elkarrekin")[3]. Disko honek arrakasta izan zuen eta Munduko Musiken sarietan artista berri onenaren sarirako izandapena jaso zuen. 2007an Na Afriki diskoa atera zuen. Afrikako musika garaikidea jorratu zuen 15 abestietan[5][6].
2010 urtean Djekpa La You diskoa argitaratu zuen, Dobeten hirugarrena. "Pearls" abestiarengatik emankizun urbano/alternatibo onenaren Grammy Saria jaso zuen. 2014an Na Drê diskoa atera zuen[7].
Miziki da disko berriena eta bereziena, musika elektronikoarekin jolastu baitu. Lau urte behar izan ditu diskoa osatzeko eta bi gai nagusi ditu, Afrikaren aberastasuna eta batasuna alde batetik eta Afrikar emakumezkoen indarra bestetik[8].
Dobet Gnahoréren abestietako hitzek gai sozialak lantzen dituzte, bereziki familiaren garrantzian eta HIESaren arriskuetan sakonduz[9] eta haurren esplotazioa salatuz[10]. Afrikako emakumezkoen indarra erakustea ere helburu izaten du bere abestietan[7].
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dobet Gnahoré |