Elvira Sastre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Segovia, 1992ko ekainaren 17a (32 urte) |
Herrialdea | Espainia |
Hezkuntza | |
Heziketa | IES Andrés Laguna (en) Madrilgo Complutense Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea, poeta, idazlea, filologoa eta scholar of English (en) |
Jasotako sariak | ikusi
|
elvirasastre.net | |
Elvira Sastre Sanz (Segovia, Gaztela eta Leon, 1992ko ekainaren 17a) segoviar poeta, idazlea eta filologoa da.
Elvira Sastre 1992an jaio zen Segovian. Bere aitaren eraginari esker, txikitatik atsegin izan zuen irakurketa, eta 12 urte zituela idatzi zuen lehen poema. 15 urte zituenean, Relocos y recuerdos bloga jarri zuen martxan.[1] Handik gutxira, Segovian, ikasi zuen bigarren hezkuntzako Andrés Laguna institutuan, Emiliano Barral ipuin-lehiaketa irabazi zuen Saudade izenburuko kontakizun laburrarekin.[2]
Urte batzuk geroago Madrilera joan zen, Ingeleseko unibertsitate-ikasketa gradua hasteko.[3] Ikasi bitartean idazten jarraitu zuen eta poesia-ekitaldietan ere parte hartzen hasi zen, kantautore eta poeta ospetsuekin batera. Karrera amaitu ondoren, literatura itzulpen masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Lapsus Calami argitaletxearen eskutik sartu zen literaturaren argitalpen profesionalaren munduan. Argitaletxe horrekin 2013an Cuarenta y tres maneras de soltarse el pelo argitaratu zuen Benjamín Pradoren hitzaurrearekin. Hilabete batzuk geroago, 2014ko maiatzean, Espainian eta Latinoamerikan egoitza duen Valparaíso Ediciones argitaletxeak bere bigarren poema-liburua, Baluarte, argitaratzea proposatu zion.[2]
Ibilbide poetikoari esker, jaialdi eta ekitaldi literario garrantzitsuetan parte hartu ahal izan du, hala nola Bogotako Liburu Azokan (FILBO), Inverso Jaialdian edo Mexiko Hiria 2015 Nazioarteko Poesia Topaketan. Era berean, Sastre poetak hitzaldiak eman ditu Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan, hala nola North Georgia University, Emory University eta Hofstra Univertsitatean. Mexikon eta Espainian birak egin ditu, sarrera guztiak agortuta
Literatura-lanarekin batera, Elvira Sastrek itzulpen profesionala egiten du. Besteak beste, itzulpen hauek egin ditu: Gordon E McNeer autore estatubatuarraren Los hijos de Bob Dylan; Oscar Wilde anglo-irlandarren Poemas de amor; Rupi Kaur kanadarraren Otras modos de usar la boca, El sol y sus flores, Todo lo que necesito existe ya en mí eta Palabras para sanar; E. Lockharten Todo es mentira, edo John Corey Whaley-ren Una conexión ilógica nobelak; Vetusta Morlaren diskoetako abestien letra, La Deriva eta Mismo sitio distinto lugar; Henn Kim-en Noches estrelladas sueños inquietos liburu ilustratua, eta Lana del Rey kantariaren lehen liburua, Violet hace el puente sobre la hierba.[3]
2015. urtean bere olerkien aukeraketa bat argitaratu zuen Ya nadie baila liburuan, eta, 2016ko abenduan, Visor argitaletxera jauzi egin zuen La soledad de un cuerpo acostumbrado a la herida poema bilduma argitaratzeko, Joan Margariten hitzaurrearekin. 2018ko apirilean argitaratu zen seigarren liburua eta bigarren ilustratua, Aquella orilla nuestra Alfaguara argitaletxearekin, non Sastreren poesia eta Embaren ilustrazioak konbinatu diren. Lan hori 2019an Gaztela eta Leongo Kritikaren Sarian finalista izan zen.[4] 2019an bere lehen eleberria kaleratu zen, Días sin ti, eta ez dago polemikatik salbuetsita, Seix Barral argitaletxearen Liburutegi Laburraren Saria eman baitzioten, eta komunikabide espezializatuek kalitate literario eskasa nabarmendu zuten.[5]
Azkenean, argitalpen-zigiluaren estrategia komertziala izan zen guztia, Planeta Taldeak sustatua, saria berrabiarazteko eta ale gehiago saltzeko, batez ere gazteen artean; autorearen adin berekoen artean.